Albistea entzun

Positiboen kopuruak milakoa gainditu du Hego Euskal Herrian

Osakidetzak eta Osasunbideak ia 13.500 proba egin dituzte birusa detektatzeko, eta 1.010 kasu atzeman dira horietan. Gaitzarekin eri ziren 30 pertsona zendu dira astebetean Hegoaldean.

COVID-19a atzemateko baheketa Errenterian (Gipuzkoa), asteartean.
COVID-19a atzemateko baheketa Errenterian (Gipuzkoa), asteartean. Andoni Canellada/FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Uxue Rey Gorraiz -

2021eko apirilak 8

Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, atzo 13.449 test egin ziren Hegoaldean, eta 1.010 kasu positibo zenbatu zituzten guztira. Otsailaren 6tik aitzina erregistratu den daturik makurrena da hori. Kutsatzeen goraldia gero eta agerikoagoa ari da bihurtzen, eta positiboen portzentajean ere bistakoa da birusa hanpaturik dabilela: asteazkeneko proben %7,5ek eman dute positibo. OME Osasunaren Mundu Erakundeak %5ean du ezarria izurritea kontrolpean edukitzeko gehienezko muga, erreferentzia gisa.

Zehazki, kutsatuen datuak lurraldeka aztertuta, Bizkaian atzeman dute positibo gehien, beste behin. Osakidetzak 373 kasu zenbatu ditu herrialde horretan. Gipuzkoa du atzetik: 296 positibo izan dira han. Aldiz, Nafarroan 222 kutsatu detektatu dituzte, eta Araban, berriz, 113.

Gipuzkoa da, momentu hauetan, intzidentzia tasa handiena duena, eta hazkunde biziena duen herrialdea: 100.00 biztanleko 413 kutsatu dira azkeneko hamalau egunetan. Araban moteldu egin da transmisioa azkeneko egunetan —martxoaren 6tik gaur arte, herrialde horrek izan du tasa okerrena—, baina 408ko tasa du oraindik. Nafarroan, 365ekoa da; eta Bizkaiak du txikiena orain: 318.

Ospitaleen egoerari dagokionez, Hegoaldeko osasun agintariek jakinarazi dutenez, atzo 78 gaixo sartu zituzten erietxera COVID-19aren sintomak larriagoturik. Horiek aintzat haturik, oraintxe bertan 637 lagun daude ospitaleetan gaitz horrengatik. Otsailaren 19tik izandako kopururik handiena da hori. Zehazki, erietxeraturik direnetako 505 gela arruntetan daude, eta 132, ZIUetan, zainketa intentsiboetako unitateetan. Horietan, 101 eri zeuden martxoaren 30ean: bederatzi egun geroago, 31 gehiago daude orain.

Beste 30 heriotza

Gaitzaren transmisioari buruzko informazioa ematen duten adierazleetan ez bezala, beheranzko joera nabaritzen ari da heriotzei buruzko datuetan. Azken astean 30 pertsona hil dira gaitzak jota Hego Euskal Herrian; hau da, martxoaren 29tik apirilaren 4ra bitartean. Zehazki, 29 hildako Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak dira. Nafarroan, berriz, heriotza bakarra izan da egun horietan. Guztira, pandemia hasi zenetik, 5.199 gaixo hil dira COVID-19aren eraginez Euskal Herrian.

Heriotzen kopurua jaitsi egin da azkeneko hilabetean, halere; abenduan, urtarrilean eta otsailean 400 eta 500 gaixo artean hil ziren hilabetero. Martxoan, berriz, erdiak baino gutxiago: 182.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Haize errotak, Elgeako parke eolikoan. ©ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA

Berriztagarrien argi-itzalak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Eusko Jaurlaritzak lau parke eoliko eraiki nahi ditu Araban, baina desadostasunak eragin ditu energia berriztagarrien eredu horrek. Nafarroan, «eztabaida irekia» eskatu dute halako proiektuen inguruan

Ertzaintzaren kontrol bat, Gasteizko irteeran. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Intzidentzia 400dik gorakoa da Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan

Ion Orzaiz - Uxue Rey Gorraiz Arantxa Iraola

Bilbo eta Gipuzkoa itxiko dituzte, eremu gorrian sartu ostean. Positibo tasa %8,9 da Hegoaldean. Ostalariek helegitea jarriko dute, baina, Urkulluren esanetan, oraindik ezin dira neurriak arindu

 ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Diru sarreren faltak oso egoera txarrean utzi du jendea»

Maria Ortega Zubiate

Izurriak zaildu eta moteldu egin du nazioarteko lankidetzan dabiltzan GGKEen lana, eta egoera bidegabe asko gordindu egin dira. Horien eragina apaltze aldera politika publikoak sustatu behar direla defendatu du Calvok.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.