Jean-Pierre Saint Picq

"Zinema independentea hauskor atera da"

Baionako Atalante zinema gela diru laguntzei esker bizi da urritik. Saint Picq, gela kudeatzen duen elkartearen burua, grinatua da zinema independentearen etorkizunari buruz.

Iñaki Etxeleku.
2021eko apirilaren 9a
20:25
Entzun

Baionako Atalante zinema gela hetsia da iazko urritik, pandemia dela eta. Jean-Pierre Saint Picq (Ortese, Biarno, 1969), Atalante kudeatzen duen Cinema & Culture elkarteko buruak puntua egin du zinemaren egoeraz.

Lehen hetsialditik landa nolako bizia izan zuen Atalantek?

Denetan bezala, ekain hastapenean zabaldu genuen berriz, urri hondarrera arte. Ondorioz, iaz 60.000 sartze egin ditugu, 2019an 130.000 egin genituelarik.

Nolako baldintzekin?

%50eko eduki neurriarekin eta ostatuan urruntasuna mantenduz. Halere, arrakasta izan zuten gertakariak egin genituen, Le bel été (Uda ederra) deitu genuena bezala: ostegun eta ostiralero gaualdi tematikoak ziren, musikariak gomitatuz programatu filmarekin loturik —fantastikoa, giro latinoa eta horrela—. Nahi genuke ahalaz berriz entseatu udan.

Ekonomia aldetik nola zarete?

Paradoxa bada ere, diru mailan osasun onean gaude, laguntza publiko anitz ukan dugulako: CNC Zinematografiako Zentro Nazionaletik, Akitania Berritik, elkartasun kutxatik [Frantziako Kultura Ministerioa]. Beraz, diruzaintzan positiboan aterako gara, beste kultur eragile frankoren gisan perfusiopean gaudelako. Kezka handia da: zer gertatuko ote da perfusioa kenduko digutelarik? Atalanten dugun indarrra, ikusleekin dugun harremana da. Bistan denez, sostengu anitz erakutsi digu jendeak, baina birus hori gure gizarteko alderik txarrenen zalutzailea da, eta harreman hori hautsi du. Arte eta entsegu zinema independentea, programaziotik haratago, eztabaida, elkarrizketa, engaiamendu eta militantzia gune bat da, eta hori guzia da kaltetua. Ez dakigu ikusleek nola ihardukiko duten; plataforma numerikoekin usaia batzuk sartu ote diren.

Hamabost lanpostu dituzue. Nola eutsi diezue?

Langabezia partzialari esker. %70 hartzen du estatuak bere gain, eta erabaki dugu lansariaren %100 ematea langileei. Elkartasun kutxa bazenez eta Atalanteko hilabete sariak aski xumeak direnez, ez genuen nahi langileek gutiago hunki zezaten.

Zer baldintzatan eginen litzateke berriz irekitzea?

Ministerioaren eta zinema federazioaren arteko solasetan aipu dute edukieraren %30ekin hasiko litzatekeela. %50era pasatzeko emeki-emeki, eta, zenbakiak baikorrak badira, betiko edukierara itzultzea, pandemiaren bilakaeraren arabera.

Ez duzue itxaropenik jendea zinema gelen gose izanen dela?

Kideek, militanteek, gogo handia izanen dute, naski. Film eta eztabaida gose izanen diren horiek zineman fedea dutenak dira. Baina 130.000 sartze egiten genituela diodalarik, ez dira denak militanteak; badira gustuko duten film bat artetan ikusi nahi dutenak. Zaila da erratea zenbat jinen diren berriz. Ezezagun anitz bada zinema independenteko sarearentzat. Ekoizle, banatzaile eta katearen puntako gu bezalako hedatzaile independenteen sarea hauskor atera da. Egiari zor, Frantziako sisteman estatuak laguntza anitz ematen ditu; dagoena begiratzen du. Baina ez da norabide aldaketarik bertute handiagoko ekonomia bati buruz, egitura independente ttipien sustatzeko.

Plataforma numerikoak mehatxu bat gehiago dira?

Ekoizle eta banatzaile asko, beren burua salbatzeko, zuzenki plataformei saltzen hasi dira. Film anitz ez dira zinema geletan ateratzen, baizik zuzenki plataformetan. Guk jarraituko dugu gustukoak ditugun filmen defendatzen, baina sortzen segitu behar dute. Ekoizle-banatzaileek arrisku hartzen segituko dutea?

Film gutiago ekoitzi ote da pandemia garaian?

Badakigu sarraski bat izanen dela gelak berriz irekiko direnean, bukatuak diren film anitz badirelako apaletan. Bitartekaritza bat bada ministerioarekin sarraski hori ez dadin gerta, ez daitezen denak batean atera. Blockbuster amerikarrek nahi dute berriz atera, eta arrisku handia da zinema independentea leher dezaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.