Ekonomia

Gipuzkoak 95 milioi euroko laguntza plan bat onartu du

Ekonomia indartuz planak 12,5 milioi erabiliko ditu sektore kaltetuen inbertsioak laguntzeko, 25,5 milioi errepideetan, 28,8 milioi zerga neurrietan, eta beste 29 milioi «aurrekontua bermatzeko» .

Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
Iker Aranburu.
2021eko apirilaren 12a
11:47
Entzun

Gipuzkoan COVID-19aren intzidentzia tasa 400era iristear dagoela, lurraldearen osasun egoerarekin kezkatuta azaldu da Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia. Osasunak «lehentasuna» duenez, ontzat jo du Gipuzkoaren perimetroa ixtea, nahiz eta onartu duen sektore ekonomiko batzuei kalte egingo diela. Hain zuzen ere, pandemia eragiten ari den kalteak gutxitzeko neurri sorta bat aurkeztu dute Olanok eta Jabier Larrañaga Sustapen Ekonomikoko diputatuak, gaur, Donostian.

Ekonomia indartuz izena izango du planak; 95 milioi izango ditu, eta bi arlo nagusitan banatuta dago: 66 milioi izango dira gastu berria, kalte gehien izan duten sektoreei laguntzeko, eta beste 29 milioi euro «aurrekontua blindatzeko», kontu horietan zeuden proiektuak egin egiten direla bermatzeko. Olanok nabarmendu duenez, ehun ekonomikoa indartzeko neurriak dira, horrela «sekulako ekarpena egiten baitzaio kohesio sozialari». Gaineratu duenez, 2021a trantsizio urtea izan da ekonomikoki, 2020an pandemiak abiarazitako krisi ekonomikoa gainditzeko lehen urratsa, «eta gizarteari lagundu egin nahi diogu trantsizio horretan».

Hor sartzen dira aurretik iragarritako hainbat neurri, hala nola ostalaritzako eta merkataritzako lokalak alokatzen dutenei emandako zerga beherapenak alokairua merkatzearen truke, Ticket Bai programarekin bat egiteko emandako laguntzak, eta enpresa txikietan ekintzailetza eta berrikuntza sustatzeko laguntzak.

Bide azpiegiturak hobetzeko beste 25,5 milioi euro jarriko ditu Gipuzkoako Aldundiak: 11,8 milioi Astigarraga eta Oiartzun artean kamioientzat egokitutako gunea egiteko, 6,8 milioi Martuteneko 27. poligonoaren eta  A-15aren arteko lotura egiteko, eta 6,8 milioi Azkoitia-Urretxu errepidea hobetzeko.

Hirugarrenik, laguntza zuzenak izango dira kalte gehien izan duten sektoreentzat. Azaldu du «proiektu bideragarriak» lagundu nahi dituztela eta «oso azkar» egin nahi dutela; «berebiziko zailtasunak ditu horrek». Atal horren barruan, lau milioi izango dira Elkar-Ekin proiekturako eta langabezian edo enplegu erregulazioan daudenei trebakuntzarako; 3,6 milioi merkataritzan eta ostalaritzan «balio erantsiko zerbitzuak» emateko inbertsioak laguntzeko; bi milioi kulturarako eta kiroletarak;, 1,6 milioi turismorako; 1,4 lehen sektorerako, eta 150.000 euro artisautzarako.

Gainera, Larrañagak azaldu du zorpetzera joko dutela aurrekontuan badiren proiektu ekonomikoak 29 milioi eurorekin bermatzeko. Horien artean aipatu du landa eremuetara abiadura handiko Internet eramateko inbertsioa.

EBren diruarekin, ala gabe

Etorkizuna Eraikiz planean dauden proiektuak ere diruz hornitzen jarraitzeko asmoa du Gipuzkoako Aldundiak (Mubil, Adinberri, Ziur...). Europako Batasunaren Hurrengo Belaunaldia funtsetatik dirua eskatu du Olanoren gobernuak proiektu horietarako, plan horren helburuekin bat egiten dutela uste baitu. Edonola ere, dirua iritsiko ez balitz ere, proiektu horiekin jarraituko duela agindu du. «EBren diruarekin denbora irabaziko genuke, eta proiektu horiek beste maila batera eraman», argitu du Larrañagak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.