Kultur ekitaldiak

Gasteizko Iradier Arenan 600 lagunentzako kultur ekitaldiak egingo dituzte

Arabako zenbait kultur eragilek Kultura Bizia egitasmoa jarri dute martxan, erakundeen babesarekin. Apirila eta iraila bitartean izango da. Hainbat kontzertu iragarri dituzte dagoeneko.

Iradier Arena artxiboko argazki batean. JUNAN RUIZ/FOKU
aitor biain
2021eko apirilaren 12a
13:40
Entzun

Gasteizko Iradier Arena kulturaren arnasgune txiki bat bilakatuko da datozen hilabeteetan, askotariko kultur ekitaldiak hartuko baititu apiriletik irailera bitarte, eta 600 pertsona batzeko aukera izango baita bertan. Kultura Bizia egitasmoaren barruan izango da; eragileek eta erakundeek elkarrekin sortu dute, pandemiari aurre egiteko neurrien eraginez areto txikietan emanaldiak egiteko dauden zailtasunei irtenbide bat emateko. Hainbat kontzertu ere iragarri dituzte dagoeneko. 

Musikaren, arte eszenikoen eta ikus-entzunezkoen sektoreko Arabako 31 eragilek jarri dute martxan Kultura Bizia. Elkarte batean batu dira eragile guztiak, eta erakundeen babesa jaso dute orain: Gasteizko Udalarena, Arabako Foru Aldundiarena eta Eusko Jaurlaritzarena. Gaur aurkeztu dute lankidetza horren emaitza, Gasteizen. Laboral Kutxaren laguntza ere izan du proiektuak. Erakundeek azpiegitura egokitu dute –220.000 euro jarri dute denen artean–, eta eragileak arduratu dira programazioa osatzeaz.

«Iradierren egingo duguna baino gehiago da kultura», adierazi du Javier Sagastume Kultura Bizia elkarteko bozeramaileak. Baina pozik agertu da, lortutakoa lehen urratsa delakoan: «Bidea hasi besterik ez dugu egin, baina zuzeneko artearentzat ilusio handiko proiektua da». Askotariko kultur ekitaldiak egingo dira Iradierren, Sagastumeren arabera: kontzertuak, antzerki emanaldiak, bakarrizketak, dantza ikuskizunak, zinema emanaldiak… «Era guztietako proposamenak jasotzeko prest gaude», esan du.

Oraingoz, musika kontzertu batzuk iragarri dituzte bakarrik, halere. Talde hauek ariko dira Iradier Arenako oholtzan: Gatibu, La Excavadora, Crim, Talco, The Potes, The Baboon Show, Mambo Jambo eta Lagrimas de Sangre. San Prudentzio eta Estibalizko Andre Mariaren ospakizunetan izango dira lehen ekitaldiak.

Eragile bakoitzak bere emanaldia antolatzeko aukera izango du, halaber; alokairu bat ordainduko du horretarako, eta beretzat izango dira sarreren bitartez jasotakoa eta tabernako zerbitzuaren bidez irabazitakoa –Gasteiz eremu gorrian dagoen bitartean ezingo da ezer zerbitzatu, edonola ere–. Modu horretan, sortzaileei ez ezik, sektoreko gainerako langileei ere lagundu nahi zaie: teknikariei, programatzaileei, areto txikiei… Hain zuzen, Kultura Bizia elkartearen barruan daude Azkena Rock eta Jazzaldia ere, baina ikusteko dago bi jaialdietako emanaldiren bat han egingo den edo ez.

Edukiera mugatua
Eragileek Mendizabalan egiteko baimena eskatu zieten erakundeei hasieran –Gasteiz hegoaldean, Azken Rock jaialdia egiten den lekuan, hain zuzen–, baina Iradier Arenan egitea onetsi dute azkenean. Erabiltzen ez den zezen plaza bat da egun, eta, gune itxia baldin bada ere, estalkia jasotzeko aukera dago. Dena den, antolatzaileek aurreratu dute ekitaldi guztiak itxita egingo direla.

Bi agertoki jarriko dira, eta emanaldiek 600 ikusle biltzeko aukera izango dute gehienez ere, baina, egoera epidemiologikoaren arabera, baliteke kopuru hori moldatu behar izatea. Izan ere, egungo araudiaren arabera, 600 pertsona sar daitezke Iradier Arena bezalako gune handi batean –6.000 lagun sar daitezke kontzertu batean, ohiko baldintzetan–. 

Hauek dira oraingoz iragarritako datak:
Maiatzak 15: La Excavadora + Crim
Maiatzak 22: Talco + The Potes
Maiatzak 29: Gatibu

Sarrerak www.kulturabizia.eus webgunean eskuratu ahal izango dira laster. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.