EUSKAL PRESOAK

Hurrengo urratsa: kaleratzea

Espetxe politika «humanizatuta», betetako urteen araberako baimenak, hirugarren graduak eta baldintzapekoak lortzea du xedea Sortuk: 168 presok «kalea zapaltzea».

Rufi Etxeberria eta Oihana Garmendia Sortuko kideak, gaur, Donostian, Ion Telleria kazetariak gidaturiko solasaldian. JON URBE / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko apirilaren 14a
22:08
Entzun

Urrats bat bukatzear, hurrengoari begira: horrelaxe dago Sortu euskal presoen alorrean. Alderdiaren ustez, hain zuzen, azken urteotan eginiko hurbiltze, Euskal Herriratze eta gradu aldaketek eta bakartzearen akaberak «humanizatu» egin dute lehenago «kriminala» zen espetxe politika, eta, orain, kartzelan «betea» duten «denboraren araberako eskubideak» lortzea egokitzen zaie euskal presoei: «Legedi arruntak eraman beharko lituzke preso gehien-gehienak etxe atariraino». «Salbuespenezko» eta euskal presoentzako «ad hoc» eraikitako espetxe legedia baliogabetzea ere jarri dute hurrengo pausoen artean, eta Madrilen teilatura bota dute pilota: «Hori aldatzeko, Espainiako Gobernuak erabaki politiko bat hartu behar du».

Adierazpen horiek egin dituzte gaur Rufi Etxeberria gatazkaren konponbidearen alorreko Sortuko arduradunak eta Oihana Garmendia presoen batzordekoak, alderdiak Donostian duen egoitzan egindako ordu bete eskaseko solasaldi mamitsuan. Aforo mugatuko aretoan baina streaming bidez ere hedaturiko hitzaldian datu zehatzak jarri dizkiete haien ustez egin beharreko hurrengo urratsei. Garmendia: «Espainiako Estatuan dauden EPPK-ko 185 preso politikoetatik 168 kalea zapaltzen egon beharko lirateke gaur egun, zigorraren laurdena betea dutelako». Kalea zapaltzen: hots, gutienez bigarren graduan eta baimenekin kalera atera ahal izanda. Gehiago ere bai, ordea: «Horietatik 134 hirugarren graduan egon beharko lirateke, zigorraren erdia betea dutelako, eta beste 63, baldintzapean aske, hiru laurdenak beteak dituztelako».

Ez dira preso guztiak sartzen datu horietan, baina Garmendiak gainontzekoentzat ere egin ditu proposamenak: «Kondena luzeak bete behar dituztenen kasuak egoera berrira egokitu behar dira». Bertzeak bertze, «justizia trantsizionala» eta «kaleratze aurreratuak» bezalako neurriak aipatu ditu Sortuko presoen batzordeko arduradunak kasu horretan diren presoentzat, baita Espainiak «bihurritutako» legeak bertan behera uztea ere. Horien artean legoke, erraterako, Frantziako Estatuko kartzeletan betetako urteak Espainiakoan kontuan ez hartzearen «trikimailua»: Garmendiaren arabera, hori bertan behera uzteak 50 euskal presori eraginen lieke, eta, betetako zigorrak batuko balitzaizkie, horietatik 11k kalean behar lukete jada —bertzeen zigorrak ere «laburragoak» lirateke—.

Bide juridikoen «emaitzak»

Etxeberriaren eta Garmendiaren ustez, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak 2013an eta 2017an hartutako erabakiek fruituak eman dituzte azken urteotan. Garmendia: «Estatuek prozesua blokeatu nahi zuten, baina kolektiboak jakin zuen hori gainditzen eta eskema berritu bat eratzen». Kaleratzeko helburuz bide juridikoak erabiltzea izan zen erabaki nagusia, eta, Etxeberriak nabarmendu badu ere bide legalak erabiltzea ez dela «oraingo kontua», adierazi du EPPK-ren erabaki horrek «emaitzak» izan dituela: «Bide legalen garapenak demostratu du bide horrek zuen balioa».

Sortuko kideek nabarmendu dutenez, hain zuzen, presoak Euskal Herriratzeko, hurbiltzeko eta bigarren gradura igarotzeko ez zen ezinbertzekoa bide horiek urratzea, baina preso batzuk harago ailegatu dira: «Batzuek bide juridiko osoa egin dute: atera dira baldintzapeko askatasunean», nabarmendu du Etxeberriak. Zehaztu dute, era berean, EPPK-ko kide «gehienek» aurkeztuak dizkiotela «idatziak» espetxe administrazioari, «ekimen propioz»; bide «soilik» politiko eta demokratikoen aldeko «apustua», eragindako minaren «aitortza» eta biktimen sufrimenduarekiko «enpatia» biltzen dute idatzi horiek, Etxeberriaren hitzetan: «Adierazpen horiek badute sakonera politiko eta etikoa». Sortuko gatazkaren konponbidearen alorreko arduradunak ez du beharrezkotzat ikusten harago joatea: «Egia da etengabe daudela eskaerak, baina horien atzean dago interes politiko makur bat; irabazle eta galtzaile eskema horretan alde bat birrindu nahi duen estrategia bat, azken finean». Haren hitzetan, «gauzak egitera behartzeak» ez dauka «legitimotasunik».

Presoek harturiko bide legalek dituzten «oztopoak» ere aipatu dituzte Sortuko presoen alorreko bi arduradunek: erraterako, «epailetzak» jarritakoak. Etxeberriak gogorarazi du, hain zuzen, 2003an Madrilen zentralizaturiko Espetxe Zaintzako Epaitegiak ukatu egiten dituela hainbat gradu garapen: «Irizpide politikoz eraikitako epaitegi zentral horrek segitzen du salbuespenezko politikak garatzen». Fiskalen trabak ere aipatu dituzte: kasu honetan, baita Frantziakoenak ere: Jakes Esnal eta Ion Parot adibide –31 urte daramatzate espetxean–. Garmendiak salatu du, halaber, espetxe batzuetan tratamendu batzordeek «gerra koordenadatan» segitzen dutela.

Iheslarien eta deportatuen egoeraz ere mintzatu dira, eta datuak eman dituzte hor ere: Etxeberriaren hitzetan, Lizarra-Garaziko garaitik hona 200 bat iheslari itzuli izanen lirateke sorterrira, eta gaur egun 34 iheslari eta zortzi deportatu daude, Euskal Herrira itzuli ezinda. Salatu dute Espainiako Auzitegi Nazionalak haien egoera juridikoari buruzko informazioa ematea «ukatzen» duela, eta preskripzioa era «tranpatian» erabiltzen duela.

Preso Politikoen Nazioarteko Egunaren harira eskaini dute gaurko solasaldia, Ion Telleria kazetariak gidatuta. Larunbaterako deia ere egin dute: manifestazioak eginen dituzte Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean, presoen «askatasuna» eskatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.