Alderdiak

Josu Bergarak Sestaoko alkatetza utzi du

Hamar urtez izan da Bizkaiko hiri horretako alkatea. Ainhoa Basabe Hirigintza zinegotziak ordezkatuko du.

Josu Bergara, artxiboko argazki batean. ANDONI LUBAKI / FOKU
Edu Lartzanguren - Mikel P. Ansa
2021eko apirilaren 15a
08:45
Entzun

Hamar urtez Sestaoko (Bizkaia) alkate izan ostean, kargua utzi duela iragarri du Josu Bergara Lopezek. Bizkaiko Foru Aldundira joango da, Udalekiko Harremanen zuzendaritzan aritzera; apirilaren 20an onartuko du diputazioak haren izendapena; Administrazio Publikoaren Sailaren barruan sortu duten departamentu berri bat da. 42 urte ditu politikariak, eta adierazpen polemiko batzuen harira ezagun egin zen 2014an.

Bergarak 2011ko ekainaren 11n hartu zuen udaleko aginte makila, EAJk alkatetza kendu zionean PSEri. «Udala uztea ez da erabaki erraza izan; nire bizitza izan da azkeneko urte hauetan, baina Unai Rementeriaren taldera eta proiektura batzea erronka pertsonala eta profesionala da», adierazi du alkateak. Postu berritik Bizkaiko udalekin eta alkateekin lanean gertu aritzea espero duela erantsi du.

Lehenago ere Bizkaiko Aldundian aritutakoa da Bergara. 2009 eta 2011 artean Berdintasuneko eta Herritarren Eskubideen zuzendaria izan zen. Duela hilabete aldundian hasitako aldaketekin lotu du Rementeriak izendapena: «Bizkaiko 112 udalerrien aldeko apustua egingo dugu, gertuago egoteko».

EAJk gehiengo absolutua dauka Sestaon, eta, horren eraginez, arazorik gabe izendatuko du Bergararen ordezkoa. Alderdiaren iturriek zabaldu dutenez, Ainhoa Basabe izango da hiriko hurrengo alkatea. Hirigintza zinegotzi izan da Basabe. Duela hamar urte sartu zen Bergararen gobernu taldean. Lehenbizi, Merkataritzaz arduratu zen, eta, gero, Hiri Segurtasunaz eta Giza Baliabideez. Gaur bertan gauzatuko da Bergararen dimisioa.

2014an, ijito errumaniar batzuek salatu zuten alkateak ez zituela erroldatu nahi, eta herriko etxebizitza agentzia batzuekin bilera bat egin zuela alkateak, ijitoak eta etorkinak har ez zitzaten. Audio grabazio bat ere zabaldu zuten, alkateak bilera hartan esandakoekin. Adierazpen gogorrak ageri ziren Bergararen ahotan grabazio horretan. Adierazpen «desegokiak» egin zituela onartu zuen Bergarak berak, agerraldi batean, eta migratzaileen kolektibo batzuekin bildu zen. Salaketa bat jarri zioten Bergarari, prebarikazioagatik, baina epaileak artxibatu egin zuen kasua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.