EUSKAL PRESOAK

«Kaleratze bidea espetxe legediaren baitan egiteko prestutasuna» berretsi du EPPK-k

EPPK-k oharra kaleratu du Preso Politikoen Nazioarteko Egunaren bezperan —BERRIAk eskuratu du—. Frantziak eta Espainiak 2018tik egindako urratsak «kontuan hartu» arren, gehiago galdegin ditu: «Gaur ikusten duguna ere ez da, inondik inora, nahi genukeen mapa».

Joan den urtarrilean Donostian euskal presoen eskubideen alde egindako manifestazioa. JON URBE / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko apirilaren 16a
19:00
Entzun

2017an hartu zuen EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak «kaleratze bidea espetxe legediaren baitan egiteko prestutasuna», eta horretan jarraituko dute aurrerantzean ere, gaur BERRIAri bidalitako oharrean jakinarazi dutenez: «Etengabean jarraitzen dugu ahalegin horretan, eta euskal preso politiko guztiak kaleratu arte jarraitzeko erabakia berresten dugu». Salatu dute, ordea, bidea ez dela izaten ari «traba eta zailtasunik» gabea: «Salbuespeneko epaitegiek ezarritako zigorrek mendeku izaera hartzen dute guregan, eta horren ondorio dira aspalditik kalean eta aske behar luketen kideen egoerak». Horien artean legea «bihurrituta» jarritako espetxe zigor luzeak aipatu dituzte, baina baita tortura testigantzen ondorioz ezarritako kondenak ere: «Estatu espainiarreko espetxeetan gaudenon artean ehundik gora kidek, %57k zehazki, torturak salatu zituzten atxiloketa ondoren, eta torturapean erauzitako deklarazioak baliatu zituzten zigorrak ezartzeko». Presoek haien «ekinbidean» eragindakoa «onartzen» duten gisan, presoei haiei eragindako «minaren errekonozimendua» ere galdegin du EPPK-k, «torturatu gaituztela onartuz, zuzenbidearekin zer ikusirik ez duten epaiketen errealitatea onartuz, espetxealdiak luzatzeko lege bihurritzeak, berrogei urtera arteko edo bizi osorako zigorrak, kartzela aldiak luzatu eta zigorra gogortzeko legediak espresuki prestatu izana eta abar onartuz».

Joan den asteazkenean Sortuk egindako hitzaldian Rufi Etxeberriak eta Oihana Garmendiak nabarmendu bezala, halaber, EPPK-k azpimarratu du presoen kolektiboko anitzek baimenekin, hirugarren graduan ala baldintzapean aske behar luketela: «%90ak betea dugu zigorraren laurdena, eta irteera baimenak legozkiguke; %70 kidek betea dugu zigorraren erdia, eta hirugarren gradua legokiguke; %30 kidek beteak ditugu zigorraren hiru laurdenak, eta baldintzapeko askatasuna dagokigu». Eritasun larriak eta zigor luzeak dituzten presoen egoera ere salatu dute, eta nabarmendu dute presoentzat ez ezik «Euskal Herriarentzat» ere «beharrezkoa» dela «espetxeak hustea eta iheslari eta deportatuak etxeratzea»: «Aspaldi honetan Euskal Herrian bizi den egoera berriak ezin du onetsi arrazoi politikoengatik inor espetxean, ihesean edo deportazioan egotea. Onartezina da etorkizunari begira, eta aspektu horiek konpontzea beharrizan bat da demokrazia eraikiko bada».

Bihar izanen da Preso Politikoen Nazioarteko Eguna, eta bezperan kaleratu du EPPK-k oharra. Salatu duenez, aurtengo urteak erakutsi du «espetxeak bere alderik zaurtzaileenean» presoen «osasuna eta bizia lapurtzen» dituela. Bereziki salatu dute senide eta lagunekiko komunikazioak eten izana: «Gehienok hilabeteak daramatzagu bisitak egin ezinik, guraso edo seme-alabekin elkartu gabe, etxekoekin harremana izateko aukerarik gabe». Gaitzetsi dute, halaber, Madrilek eta Parisek «uko» egin diotela «pandemiaren aurrean espetxeetan hartu beharreko neurrien inguruan nazioarteak emandako gomendioak» betetzeari.

«Lehen urratsa»: Euskal Herrian eta bigarren graduan

EPPK-k adierazi du «kontuan hartzen» dituela «2018az geroztik espainiar eta frantziar gobernuek» egindako «urrats propioak», baina, haren hitzetan, hori ez da aski presoen egoerari «zentzu gizatiarra» emateko: «Gaur ikusten duguna ere ez da, inondik inora, nahi genukeen mapa, eta oraindik bide luzea dugu». «Lehen urrats» gisa euskal preso guztiak Euskal Herrian eta bigarren edo hirugarren graduan egotea ezarri dute, eta Frantziako Estatuan betetako zigorrak Espainiakoan batzea. «Salbuespenezko neurri eta legediak» behingoz ezabatzea ere galdegin dute, «ibilbidean bihar-etzirako ostertz berri bat eraikiz». Espainiako eta Frantziako gobernuei eskatu dizkiete urratsak: «Preso, iheslari eta deportaturik gabeko egoerara iristeko ezinbestekoa da Madrilek eta Parisek salbuespen politikak eta legedi berezituak, ordainsaria eskatu baizik egiten ez duten espetxe politikak, albo batera uztea guztiz».

Gazteei deia

EPPK-k oroitarazi du Aieteko Adierazpenaren laugarren puntuak jasotzen duela «gatazkaren oinarrian arrazoi politikoak» daudela, «eta politikoak direla, beraz, gatazka horren ondorioak», haiek preso egotea «barne». Hori aitortzeko eskatu dute: «Oinarrian dauden arrazoi horietara jo behar da gure herrian konponbide eta elkarbizitza demokratikorik izango bada. Ezinbestekoa da Euskal Herriaren nazio aitortza egitea, eta Euskal Herriaren borondate demokratikoa inoren inposiziorik gabe errespetatuz hastea etorkizunaren eraikuntza».

Bide horretan gazteei egin diete borrokarako deia: «Etorkizunean nahi genukeen Euskal Herriak gaurko gazteen eta belaunaldi berrien konpromisoa eta ahalegina behar du; gure herri izaera eta burujabetza, menpekotasun eta ezberdintasunik gabeko gizartea, feminismoa, gure hizkuntza, gure ingurunea, osasuna eta herritarren eta Herriaren eskubideak defendatuko dituzten belaunaldi berrien eta gazteen konpromisoa eta ahalegina ezinbestekoak ditugu Herri izaten jarraituko badugu». EPPK-ko kideek ere «prestutasuna» erakutsi dute Euskal Herri independentearen bidean «bidea egiteko»: «Etorkizuna dugu zain, eta bidean aurkitzen ditugun edo ezartzen dizkiguten oztopo eta zailtasunei aurre egingo diegu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.