Albistea entzun

Ikus-entzunezkoak

Netflix Euskaraz taldeak euskalgintzako eragileen babesa jaso du

Apirilaren 15erako 10.000 sinadura lortzeko erronka jo zuten, eta 10.500 lortu dituzte jada. Netflixi edukiak euskaraz eskatzeko da sinadura bilketa: abenduaren 3rako, 20.000 lortu nahiko lituzkete.

Urtzi Urkizu -

2021eko apirilak 18 09:56

Euskalgintzako, ikus-entzunezkoen sektoreko eta euskal komunikazio esparruko askotariko eragileen babesarekin, agerraldi publikoa egin zuen atzo Netflix Euskaraz herritar taldeak, Durangoko Landakon (Bizkaia).

Izaskun Rekaldek, Netflix Euskaraz taldearen izenean, honela esan zuen: «Azkeneko urteotan, asko aldatu dira ikus-entzunezkoen kontsumo ohiturak. Telebista tradizionalaren kontsumoa asko jaisten ari dela erakusten dute datuek. Aldiz, ordainpeko plataformen harpidetzak %40 hazi dira azken bost urteotan, eta euskaldunon hamarretik seik edaten dugu iturri horretatik. Horien artean, Netflix da merkatu kuotarik handiena duena. Plataforma horietan, ez dago ia euskarazko edukien eskaintzarik. Netflixen, adibidez, 3.500 film baino gehiagoko katalogotik lau film baino ez ditugu euskaraz, eta telesailik ez dago bat bera ere». Hartara, herri mugimenduak euskararen larrialdiaz ohartarazi nahi zuen: «Euskarak bizi gura badu, ikus-entzunezkoen alorrean ere egun daukan baino presentzia handiagoa izan behar du».

Rekalderekin batera, Eñaut Zearra, Jon Gomez Garai, Patxo Larrinoa eta Ibon Iza dira taldearen sustatzaile nagusiak. BERRIAri emandako elkarrizketa batean, honela adierazi zuten: «Masa kritiko sendo bat irudikatu nahi dugu». Durangoko agerraldian, agerian gelditu zen taldea jasotzen ari den babesa eta sinadura bilketak izan duen oihartzuna. Talde hauek eman zieten babesa atzo: Euskalgintzaren Kontseilua, Topagunea, Uema, Disney Euskaraz, Tinko euskara elkartea, Ibaia (Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartea), Napar (Nafarroako ekoizleen elkartea), Hekimen euskal hedabideen elkartea, Euskal Hedabideen Behategia, UEU Udako Euskal Unibertsitatea, EHE Euskal Herrian Euskaraz, Bieuse bikoiztaile euskaldunen elkartea, AEK, Game Erauntsia eta Euskal Encondings webgunea.

Netflix Euskaraz taldeko Izaskun Rekalderekin eta Patxo Larrinoarekin hitz egin zuen BERRIA TBk, agerraldiaren aurretik:

Gaia testuinguruan jarri zuen atzo Rekaldek: «Gaur egun, batez beste, egunean hiru-lau ordu ematen ditugu pantailen aurrean; horrek eragin zuzena dauka gure hizkuntza ohituretan eta errealitatea ulertzeko moduan. Badakigu ikus-entzunezkoen gaia, herri gisa, euskarari bide eman nahi badiogu, estrategikoa dela, eta eztabaidaren erdigunera ekartzea izan da gure asmoa, eta neurri batean lortu dugu. Kanpotik datorkigun kultura uholde honen aurrean, euskaldunon kontzientziak astintzeko eta ahalduntzeko momentua dela deritzogu».

Disney Euskaraz eta Twitz

Netflix Euskaraz taldekoak ez dira bakarrak. Disney Euskaraz taldeak ia 6.000 sinadura bildu ditu Disney Plus plataforman edukiak euskaraz eskatzeko. Agerraldia ere egin dute Eusko Legebiltzarrean. Halaber, 3.000 Twitz egitasmoak 4.000 sinadura inguru bildu ditu; Twitch plataforma berria euskaraz egotea eskatzen dute.

Netflix Euskaraz taldearen aldarrikapenak, gainera, une garrantzitsu batean iritsi dira. Bi arrazoirengatik, Rekaldek azaldu moduan: «Batetik, plataformek indar handia hartu dutelako, eta itsaso gero eta zabalago horretan euskararen presentzia gero eta txikiagoa delako. Bestetik, Espainiako Ikus-entzunezko Lege Orokor berria tramitatzen ari direlako, eta aukera ikusten dugulako gure indarrarekin lege horretan eragiteko. Plataforma horien jarduera arautu behar da, euskarazko eskaintza izan dezagun».

Hartaz, eskaera hau egin nahi dio herri mugimenduak Netflix plataformari: «Tokian tokiko komunitateekin betebeharrak ere badituela gogorarazi nahi diogu. Euskara, eta plataforma honen kontsumitzaile potentzial garen hemengo eta hango 800.000 euskal hiztunen beharrizanak ase ditzala. Euskal hiztunok plataformako ikus-entzunezko eduki guztiak euskaraz jaso nahi ditugu. Netflixek antzeko kasuetan esan izan du benetan eskaria balego eskainiko lituzkeela edukiak hizkuntza gutxituan. Hemen dituzu 10.500 sinadura, eta gehiago etorriko dira; eskaria badago». AEBetako plataforma erraldoiari gogoratu diote bere balioetan zera jasotzen duela: «Jatorri, kultura eta ikuspegi desberdinetako pertsonak barne hartzea».

Ikus-entzunezkoen legea

Epe laburrean Espainiako Kongresuan onartuko duten Espainiako Ikus-entzunezko Lege Orokor berriari dagokionez, Netflix Euskaraz taldeak nahiko luke lege horretan hizkuntza aniztasuna jasota gera dadila, eta streaming plataformetan hizkuntza ofizial guztietan izan beharreko eduki kuotak zehaztea eta bermatzea. Alderdi politikoei, hartaz, eskatu die beren gain hartzeko dagokien erantzukizuna. «Lege horrek gure eskubideak jaso behar ditu, eta euskarak gaur egun ez duen lekua izan behar du», azaldu du Rekaldek. Eta hau ere eskatu diete alderdi politikoei: «Datozen asteetan, Espainiako Kongresuan, alderdi politikoek euskal hiztunen eskubideen defentsan bat egiteko eta Kataluniako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak Lege Orokorrari jarritako alegazioak babesteko»

Halaber, Netflix Euskaraz taldeak uste du Euskal Herriko erakundeei dagokiela euskaldunen eskubideak bermatzea. Horretarako tresna egokiak behar direla deritzote: «Batetik, Euskal Herriko parlamentuek eskumena daukaten esparruetan, ikus-entzunezkoetan euskararen presentzia legez arautzea eskatzen dugu. Beste alde batetik, ez daukagu benetako egitura sendorik. Ikus-entzunezkoen Euskal Kontseilua behar dugu, ikus-entzunezkoetan euskal hiztunen eskubideak betetzen direla ziurtatzen duen egiturazko tresna publikoa».

Bi hilabeteko epean 10.500 sinadura bildu ostean, taldearen bidea ez dela amaitu ohartarazi zuten. Batetik, sinadura bilketak aurrera jarraituko du, abenduaren 3ra arte, euskararen egunera arte. Helburua 20.000 sinadura lortzea da.

«Bestetik, gure ekimena mugatua da, behar zabalago baten isla, eta aurrerantzean bidea ez dugu bakarrik egingo», adierazi du Rekaldek. «Gaiari behingoz sendo helduko dion nazio mailako herritar mugimendu bat behar dugu. Berandu baino lehen elkartu gaitezen ikus-entzunezkoen arloko Euskal Herri osoko eragileak».

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Pasioari esker heldu naiz nagoen lekuraino»

Olatz Enzunza Mallona

Aspalditik ari da dantzan Krego, 12 urterekin hasi baitzen dantzatzen. Egun, Euskal Herriko dantzaririk beteranoenetako bat da, eta oraindik ere ez du erretiroa hartzeko asmorik. Dantzaren mundua oraindik «ezezaguna» dela azpimarratu du.
Mikel Zumeta Donostiako Zinemaldiko BERRIAko kritikarietako bat, atzo, Maria Cristina hotelean. ©JON URBE / FOKU

Allenen hiria, ohiko Donostia

Urtzi Urkizu

Donostiako turismo bulegoak ibilbide bat prestatu du Woody Allenen 'Rifkin's festival' filmeko eszenetako tokietan oinarrituta. Bide osoa oinez edo bizikletaz egin daiteke.
Ramon Olasagasti. ©Irati Saizar Artola - Gipuzkoako Hitza

«Idaztearekin zerikusia duen lanbide bat nahi nuen, garbi nuen»

Irati Saizar Artola - Gipuzkoako Hitza

Lanbide ezberdinetan arituagatik, mendia eta natura beti izan ditu gertu Olasagastik; kazetaritza lanetan, itzulpengintzan zein sortze lanean, mendia izan baitu gehienetan oinarrian. Mendiaren inguruan dabil orain ere, komiki bat idazten.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.