Albistea entzun

Sarrionandia: eta itzuli izan balitz, zer?

 
Joseba Sarrionandia 'Gauzak direnak balira' saiakera aurkezten, Jose Goitiak Habanan grabatutako bideoan. /
Joseba Sarrionandia 'Gauzak direnak balira' saiakera aurkezten, Jose Goitiak Habanan grabatutako bideoan. / Jose Goitia Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2021eko apirilak 22 17:42

Ezinbestean izan da gai funtsezkoa itzuli nahi eta itzuli ezinarena Joseba Sarrionandia idazlearen literaturan (Iurreta, Bizkaia, 1958). 27 urterekin Martuteneko espetxetik ihes egin zuenetik (1985), urteak eman ditu eskapuan lehenik, ezkutuan ondoren, eta apartatuta bezala –parentesi artean akaso– azkenik, Habanako Unibertsitatean Etxepare Euskal Institutuarentzat lanean, Espainiako justiziarekikoak amaitu eta gero; erbestearen ondorioz, beti egon da erabat zehaztu gabeko han batean, eta bere liburuei esker, halere, beti nolabaiteko hemen batean; eta orain, 35 urteko bidaldiaren eta itzulerari buruzko hamaika testuren ostean eta deserriaren hamaika izen gurutzatu eta gero, ofiziala da, itzuli egin da: Euskal Herrian da Sarrionandia. Baina kasu honetan informatiboa bezain poetikoa denez albistea, berehala dator galdera: eta orain zer? Eta irudi luke kalean bere burua beste aztarnarik utzi gabe aurrerantz jarraitzen duen 63 urteko idazlearen ibilera isil eta patxadatsu hori dela erantzuna, urratsez urrats luzatzen eta luzatzen, itxiera argirik ez duen esaldi baten amaierako hiru puntu marraztu nahian bezala...

«Nazioa komunikazio espazio moduan definitzeko ideia. Aspaldikoa, gogotik kendu ezin dudana». Urte luzez bere lan guztiak ezlekuetatik bidali ostean, zehatz geolokalizatuta publikatutako lehen liburuan dator gogoeta hori: Habanan kokatutako bere hiru gaukarietako lehenengoan, hain zuzen, 2018an argitaratutako Bizitzea ez al da oso arriskutsua? liburuan, zehazki. Eta, ezin esan,  ideia horri kasu egitera, Sarrionandiak sekula utzi dionik Euskal Herriaren parte izateari, deserritik ere beti izan baita berak aipatzen duen komunikazio sare horretako kidea, bere liburuen, poemen eta abestien bidez. Baina orain Euskal Herritik bertatik izango da komunikazio sare horren parte, eta berria da hori. Berdin geratzea erabakiko balu, edo denboraldi bat soilik pasatzera etorri balitz ere.

Normalizatzen ari zen hizkuntza eta lurralde bati erabateko askatasun kreatiboa amestu zion belaunaldi bateko ordezkari nagusietako bat da Sarrionandia. Hasiera-hasieratik igar daiteke haren lanetan bizitzari erreparatzeko modu oso literario baten arrastoa, eta hamarkadaz hamarkada elikatuko du bide hori gerora ere: liburuen eta kaleen arteko muga erabat bereizterik ez balego bezala. Horregatik, Joseba Sarrionandia hemen eta han dokumentalean, estu lotuta deskribatzen ditu idazleak berak Bilboko bilera klandestinoetako utopia politikoak eta Pott bandarekin egindako bilkuretako utopia literarioak. Orain, denborarekin begiratuta, ezin esan muturreko askatasun hura gauzatu ahal izan denik, baina hor geratzen da amets haren potentzialtasuna oraindik ere, aldiro asmo berak seduzituta abiatzen diren belaunaldi berri guztientzat pizgarri.

Literatura eta politika bestelakoak ziren sasoi batean egin zuen amets hura idazle belaunaldi hark, eta utopia haren ondorenak kudeatzea da erronka orain. Eta Sarrionandiaren itzulerak erronka hori ere jartzen du mahai gainean.

Ares ezizenez sinatzen duen umoregile grafikoaren pieza ezin ederragoa dakar Sarrionandiaren Habanako lehen gaukariak. Gezi erraldoi bat ikusten da irudian, eskuinerantz lerratuta, eta haren erdian, ñimiño, pertsona bat ageri da hatz puntekin geziaren azpian zer ezkutatzen den kuxkuxean, alfonbra batek gordetzen duen hautsa aztertzen duenaren keinu delikatu berarekin. Eta, agian, keinu horrek laburbiltzen du Sarrionandiaren azken urteetako literaturaren nondik norakoa; Moroak gara behelaino artean? saiakerarekin hasi eta gaurdaino. Mundua gidatzen duten hitz handien azpian ezkutatzen den hautsa aztertzen ibili baita idazlea azken sasoian. Horregatik idatzi du ekonomiaz, biolentziaz, independentziaz, kolonialismoaz, hizkuntzaz, literaturaz, estatuaz..., baina beti hitz horien alfonbra altxatzen.
    Etengabekoa da «hemengo» bizitzaren eta «hango» bizitzaren arteko tentsioa Sarrionandiaren literaturan, eta, tarteka, badirudi ezinezko zaiola bien artean benetakoagoa zein den bereiztea. Tituluetatik hasita dator jokoa, gainera: Ni ez naiz hemengoa (1985), Marginalia (1988), Han izanik hona naiz (1992). Eta poemak eta ipuinak ere halakoak hamaika. Ez da harritzekoa. Erbestean denbora luzea daraman jende askoren kasuan bezala, Sarrionandiaren bizitzan ere, une batetik aurrera, handiagoa bilakatu baita «kanpoan» egindako bizitza «herrian» egindakoa baino: urteen poderioz, lagunak egiten baititu, bizileku bat topatzen baitu, eta, esaterako, seme-alabak ere edukitzen baititu... Han eta hemen eskaini dituen elkarrizketetan publiko egin denez, besteak beste, Sarrionandiak familia ere baduelako Habanan.

Eta buelta, beraz, hasieran marraztutako itzultzeko nahiaren eta itzultzeko ezintasunaren arteko korapilo horretara. Eta orain zer? Urteetako joan-etorrien ostean, Kubako bizimodu anonimo eta bareak aurrez aurre egiten baitu talka idazleak Euskal Herrian daukan sonarekin eta karga sinbolikoarekin.

Espektakuluaren gizarteari zor zion zerga ordaindutzat eman nahi izan zuen bere argazkia publiko eginez, 2016ko egun haietan, baina edozer irensteko prest dagoen piztia gosetia da espektakulua, eta Euskal Herriaren egoeran den herri batean ez dira gutxi Sarrionandiaren figuraren gerizpe zabala legitimitate osoz baliatu nahiko duten aldarrikapen kultural, sozial eta politikoak.

Badaki hainbeste Sarrionandiak berak ere, eta bere irudi aktuala publiko egin zuenetik, bere indar sinbolikoaren aurkako auto-boikot kanpainan murgilduta dirudi idazleak. Bere fotoa eman zuen lehenik –bi foto–, eta gero heldu zen lehen bideoa. Jasoko zituen bateko eta besteko eskari handios eta errentagarriagoak, baina Habanako terraza batean jarri zen kamara aurrean lehenengoz, 2019ko uztailean, zertarako eta Ray Fernandez musikari lagunaren diskoaren crowdfunding kanpaina ezin umilagoa sustatzeko. Eta bere Habanako hirugarren gaukariko bideoa heldu zen, iaz, bere lehen bideo luzea, landare tropikal artean, Kuban idatzitako hirugarren gaukaria aurkezteko. Eta, ordukoan ere, nazioa –gutxi gorabehera– komunikazio espaziotzat definitzen zuen esaldiak atentzioa eman zien ikusleei: «Euskaraz idazten, ni behintzat, sentitzen naiz komunitate baten partaide. Niri, literatura egiteko orduan, ez zait interesatzen dirua, edo ez daukat espektakuluan parte hartzeko anbiziorik, baina pribilegiatua sentitzen naiz komunitate baten partaide sentitzearekin».

Utopia politikoa ere ez da ahaztekoa, hortaz. Sarrionandiaren itzulerarekin ez da soilik idazle bat itzuli: euskal preso eta iheslarien kolektiboko kide bat ere itzuli da herrira, eta garrantzitsua da kasu honetan aspektu politiko hori ere gogoratzea, zeren eta talde handiago horretan identifikatu baitu idazleak ere bere burua. Euskal preso eta iheslarien kolektiboko kidea da Sarrionandia. Eta hortik ere idatzi ditu bere testuak. Ozen salatu du, horregatik, estatuen biolentzia politikoaren monopolioa, baina kritiko azaldu da ETAren azken urteetako jarduerarekin ere behin baino gehiagotan. Hitz aski neurtuz, betiere, baina kritiko. Lapur banden etika ala politika saiakeran, esaterako, 2015ean: «Guk, borroka armatuarekin, geure intentzioen erabat aurka, Estatua legitimatzen genuen, azken batean, Estatuarekin kolaboratu duten 'damutuek' bezainbeste. Injustiziaren kontrako borroka batetik, ia oharkabean, ekintzen erritualtasun batera pasatu ginelako».

Habanako lehen gaukarian esaten zuenez, egin dutenarengatik daude euskal presoak kartzelan gaur egun, baina baita ere egin ez dutenarengatik. Egindakoagatik, agian atentatuengatik, inori tiro egiteagatik, enpresei bidalitako eskutitzengatik, ETAko kide izateagatik, hura laguntzeagatik beharbada, edo baita militantzia politiko soilagatik ere zenbait kasutan, egindako dena delako horregatik, beraz, baina egin gabekoagatik ere bai; independentzia ez lortu izanagatik, alegia, edo sozialismoa eta demokrazia ez gauzatzen asmatzeagatik, adibidez. Eta antzera Sarrionandia ere, ETAko kide izateagatik atxilotu, torturak pairatu, 27 urteko zigorra jaso, espetxetik ihes egin, eta ia 35 urteren buruan bakarrik bueltatu ahal izan baita Euskal Herrira. Egindakoagatik, beraz, eta baita ere egin gabekoagatik. Eta min hori ere bada bere literatur obraren motorretako bat. Baina nola azaldu Sarrionandiaren literaturan politikak duen pisua, ikuspegi hori prisma murriztaile bilakatu beharrean, prisma biderkatzaile bilakatuz?

Erresolbitu gabeko arazo baten ohartarazpena ere badira Sarrionandiaren ibiliak Euskal Herrian.

Eta berriz ere nahasian doaz literatura eta politika. Eider Rodriguez idazleak bere doktore tesian aztertua duenez, Sarrionandiaren obra alderik alde zeharkatzen duten itsasoari buruzko erreferentzietan ere ikusten da sortzaileak gatazkari buruz duen ikuskeraren bilakaera. Itsasoz itsaso. Olatuz olatu. Tantaz tanta. Itsasoa da bide bakarra: Joseba Sarrionandiaren lanetako itsas irudien irakurketa proposamen bat (2014, Utriusque Vasconiae).

Epaileen aginduz bere lana edozein unetan eten daitekeela ikasi duten lankideen artean idazten du bere testua hedabide honetan idazten duen edonork. Berriz hartara itzultzerik izango duen ziurtasunik ez edukitzen irakasten dio gertuko historiak euskal kazetaritzan daiharduen edonori. Eta muturreraino eraman daiteke prekarietate hori Sarrionandiaren kasuan: kartzelan lehenik, ihesean gero, ezkutuan ondoren eta apartatuta bezala azkenean. Akaso zalantzazkotasun horregatik izan dira 2001era arte poemak, ipuinak, testu laburreko saiakerak eta nobela motzak bere ekarpen literario nagusia, eta akaso egonkortasun egoera baten berri ematen dute, adibidez, 2001. urtean argitaratutako 400 orritik gorako Lagun izoztua eleberriak eta 2010ean kaleratutako 700 orritik gorako Moroak gara behelaino artean? saiakera liburuak.

Ezin ziur jakin. Baina hipotesien aldeko titularra zeraman 2016an Jose Goitiak BERRIA egunkariarentzat eta beste hainbat hedabiderentzat egindako elkarrizketak, Habanan Etxepare Euskal Institutuarentzat irakasle arituko zela jakin zenean: «Nire liburuak arreta apur batekin irakurtzen dituena ohartuko da non ibili naizen».

Iñigo Aranbarri idazleak ere harridura azaldu zuen Bilbon 2019ko Loraldia jaialdian eskainitako hitzaldian, Sarrionandiak 1981ean argitaratutako Izuen gordelekuetan barrena poema bilduman jadanik, nolabait ere, profetizatzen zuelako urte gutxi batzuk geroagotik hasita izango zuen ibilbide erraria. Liburu horretan kiribilduta dagoelako Sarrionandiaren ondorengo nondik norako alderraia: poema haiek historiak errebelatuko zain dauden negatibo sorta bat izan balira bezala. Eta ez da adibide bakarra. 1995ean jadanik poema forman utzi baitzuen idatzita Hnuy illa nyha majah yahoo liburuan, une honetan bere ibileraz Euskal Herriko kaleetan publikoki zabaltzen duen auzia: «Itsasoaz bestaldera joan ziren eta/ ez dira egundo itzuliko./ Izurdeek gidatu lekuraino baino/ ez ziren ailegatu./ Itsasoak bere sare larrietan/ gatibatu ditu./ Eta inoiz itzuliko balira ere/ ez dira joan zirenak izango».

Jarraitzen dute Sarrionandiaren urratsek, eta pausu bakoitzarekin doa errealago bilakatzen idazleak berak Martin Larralde poeman planteatutako galdera: Martin Larralde ez baita sekula itzuli, baina itzuli balitz... Itzuli izan balitz, zer? Eta irudi du Sarrionandiak Euskal Herriko lurretan uzten duen oinatz berri bakoitza dela galdera horren erantzuna.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Kepa Junkera, erdian, gaur Bilboko Arte Ederren museoan egindako liburuaren aurkezpenean ©Aritz Loiola/ Foku

Kepa Junkerak bere obra osoa berrikusten duen arte liburua kaleratu du

Iñigo Astiz

Musikariaren diskografia osoa errepasatzen du Berpiztu lanak, eta, gainera, 40 artistak propio sortutako obra bana eta Junkerak sortutako kanta guztien partiturak ere badakartza. Musikariak berak parte hartu du argitalpenaren aurkezpenean.

 ©Joanes Etxebarria

«Anitz egin da hitz berrien asmatzeko, baina zahar anitz galdu ditugu»

Joanes Etxebarria - Ipar Euskal Herriko Hitza

Liburu edo pastoraletan, historia landu du bereziki, olerkiekin batean. Idazlan luzeak gehiago ez egitea deliberatu du. Uste du aitzinatu dela euskararen alorrean, baina lan asko dela egiteko.

<em>Maus</em> liburuko lau bineta. ©ASTIBERRI

Saguen txilioak holokaustoan

Uxue Rey Gorraiz

Gurasoek holokausto nazian bizitakoetan oinarrituta sortu zuen Art Spiegelmanek 'Maus' komikia. Pulitzer saria irabazi zuen 1992an. Euskarara ekarri dute berriki.

Soinu txikia XIX. mendearen amaieran hedatu zen Euskal Herrian. ©BERRIA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...