Iruñeko atxiloketak

GKSren «kale borrokako taldea» osatzea leporatu die Poliziak Iruñean atxilotuei

Arrotxapean eta Burlatan atxilotutako gazteek «GKSren inguruko kale borrokako talde bat» osatzen zutela zabaldu du Espainiako Poliziak ohar batean. Indar Gorri ere nahastu du salaketan.

Espainiako Poliziak, apirilaren 29an. Atxilotuek telematikoki delaratu zuten. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2021eko maiatzaren 3a
14:40
Entzun

Espainiako Poliziak adierazi du urtebetez aritu dela atxilotuak ikertzen. «Ekintza bortitzak, sabotajeak eta erasoak egiten zituzten, modu antolatu eta koordinatuan», Poliziak berak gaur zabaldutako oharraren arabera. Bost bankuren egoitzen eta bi dendaren aurkako erasoak sartu dituzte salaketa horien artean, eta zaborrontziak kalean gurutzatzea eta poliziei harrika egitea ere egotzi diete. Atxilotutakoak «erakunde sezesionista erradikaletako» kide direla zehaztu du Poliziak, eta GKS Gazte Koordinadora Sozialista aipatu du zehazki. «Amnistia Ta Askatasuna» taldearen zale direla ere aipatu dute oharrean.

Apirilaren 27an atxilotu zituzten hamar lagun Iruñerrian, eta epailearen aurrean deklaratu ostean aske utzi zituzten, apirilaren 29an, haiek eta Poliziak deklaratzera deitutako beste bi. Espainiako Poliziak egin zituen atxiloketak, eta astebete geroago eman du atxiloketen arrazoiaren bere bertsioa. Oharrak, hitzez hitz, hau dio: «[Taldearen jardun bortitza] Lotuta legoke haren kideek erakunde politiko seziosionista erradikaletan duten militantziarekin, zehazki Gazte Koordinadora Sozialistaren (GKS) inguruarekin, zeina ezker abertzaleko sektore disidente erradikalenean kokatzen den gazte erakunde bat baita, eta Amnistia Ta Askatasunaren (ATA) kausarekin bat egiten duena».

Polemika piztu zen atxilotu zituztenean, jakin zelako Poliziaren txostenak ETAren zatiketa baten ondorengo talde batekoak izatea egozten ziela atxilotuei. Arrazoi horietan sakondu du Poliziak gaurko oharrean, nahiz eta epaileak ETAri buruzko aipamenik ez zuen egin atxilotuei deklarazioa hartu osteko agirian —auzia sekretupean dauka epaileak—. Poliziak berriro argudiatu du atxilotuek «talde kriminal bat» osatzen zutela, nahiz eta defentsako abokatuek joan den astean ere azaldu zuten akusazio zehatzak «kontu txikiak» direla halako delitu larria leporatzeko.

Iazko azaroko istiluak

Zehazki, 2020ko azaroaren 7an Arrotxapea auzoan gertaturiko istiluak antolatzea leporatzen die Poliziak atxilotuei. GKSk alde zaharrean egindako manifestazio baten ondoren piztu ziren, eta Poliziak bi gertakariak lotu ditu. Adierazi dute gazteei GKSko materiala aurkitu dietela atxiloketen ondorengo miaketetan. Atxilotutako batzuen etxean lehergaiak egiteko eskuliburuak aurkitu dituztela ere esan du Poliziak ohar horretan, eta borrokarako ukabil bat eta bost etxafuego.

Poliziak kasu bat aipatu du salaketan, azaroaren 7ko istilu horietan banku batera babes bila sartu zen familia batena. «Izu handia» pasatu zuten senar-emazteek eta haien lau seme-alabek, eta umeetako bat traumatizatuta geratu da, Poliziaren esanetan, ez baitu leku hartatik pasatu nahi.

Poliziaren esanetan, atxilotutako horietako lauk osatzen dute taldearen muina, eta haien gertukoak dira beste akusatuak. Bortizkeria bizi estilo gisa beretu dutela dio Poliziaren oharrak, umetatik elkarrekin duten adiskidetasunak «kohesioa» eman diola taldeari, eta haietako batzuk Indar Gorri taldeko kideak direla. Poliziaren oharraren argudiaketa saio bat da frogatzeko «talde kriminal antolatu bat» osatzen zutela gazteek, eta denboran jarraitua izan dela talde hori eta jokabide hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.