Gazteetako lauri talde kriminal bateko kide izatea leporatu die Poliziak

Asteartean atxilotutako hamar lagunak aske utzi dituzte. Defentsaren iritziz, «oinarrizko eskubideak urratu dizkiete». Ikerketaren jatorri den txosten polizialak dio «ETAren zatiketa bat» osatzen dutela

Iruñeko Udaltzaingoaren egoitzatik txalo artean atera zen azken gaztea, eta berehala jaso zuen gertukoen besarkada. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2021eko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Banan-banan eta txalo artean atera ziren, atzo, Iruñerrian astearte goizean atxilotutako hamar gazteak. Lehena 14:30 aldera atera zen, eta azkena, ordubete geroago. Azken bi egun eta erdiak Iruñeko Udaltzaingoaren ziega barruan eman ostean, guztiek ere besarkada beroak hartu zituzten. Goizean uko egin zioten epaile aurrean deklaratzeari, eta Iruñeko 5. instrukzio epaitegiko magistratuak aske uzteko agindu zuen. Hamarretatik lauri talde kriminal bat osatzea leporatzen die Espainiako Poliziak, baita desordena publikoa, atentatua eta lesioak eragitea ere. Beste hiru gazteri desordena publikoa eragitea, atentatu eta lesioak egotzi dizkie, eta azken hiruei lesioak eragitea. Dena den, ez epaitegiak ez akusazioak ez zuten argitu zehazki zer gertaeratan edo zantzutan oinarritzen diren delituok leporatzeko.

Aurreko bi egunak itxaroten eman ostean, atzo goizeko itxaronaldia gogorragoa izan zen Iruñeko Udaltzaingo aurrean bildutako senideentzat eta lagunentzat; informazio gutxirekin, epaileak zer aginduko ote zuen jakin ezinik. Poliziak ohartarazi zien, pandemiaren ondorioz, ez biltzeko multzo handitan, bestela identifikatu egingo zituela.

11:00ak pasatuta, abokatuetako bat bertaratu zen, eta jakinarazi zuen sumarioak sekretupean egoteari utzi ziola. Epaile aurreko deklarazioak hasi aurretik, denbora tarte txikia izan zuten abokatuek poliziek aurkeztutako zazpi liburukiak kontsultatzeko. Hala ere, agirien gainbegiratze hutsarekin ondorio nagusi batera heldu zen abokatua: «Oinarrizko eskubideak urratu dizkiete».

Azkar batean ikusitako dokumentazioan agerian geratu zenez, operazioaren jatorria txosten polizial bat da, eta bertan aipatzen da «ETAren zatiketa bat» osatu dutela eta «Sorturekin ados ez» daudela. Aipamenak larridura eragin zuen, lotura izan baitezakeakusazioarekin. Abokatuak berak gogora ekarri zuen talde kriminal bat osatzea leporatzen dieten lau gazteak txikitatik, auzoko ikastolan elkar ezagutu zutenetik, izan direla lagun.

«Kontu txikiak»

Oinarri horretatik abiatu zen Poliziaren ikerketa, eta, defentsak, zazpi liburukiak ikuskatuta, «kontu txikiak» direla ondorioztatu zuten. Adibidez, kalean kartelak jartzea leporatzen diete, eta, defentsak oroitarazi duenez, hori administrazio arloko isun bat baino ez da izaten. Halaber, baimen gabeko manifestazio batean parte hartzea ere ageri da, baina Mozal legea aplikatuko lukete hor. Halaber, gaztetxe bateko bertso saioren batera joatea eta kultur egitasmoetan parte hartzea egotzi diete. Informazio guztia tankera horretakoa dela aurreratu zien senideei abokatuak.

Era berean, entzuketak egin dizkiete gazteei urtarrilaz geroztik. Defentsak azaldu duenez, telefono dei horiek gazteen eguneroko kontu soilak baino ez dira: deietako batean, frontoira joango ote diren galdetzen dio batek, eta besteak hotz egiten duela erantzun; beste dei batean, haietako batek komentatzen du ez duela dirurik liburu bat erosteko Katakrak liburu dendan.

Tankerako frogekin osatu da operazioa, baina akusazioa larria da. Gazteetako baten atxiloketa autoan, kasu, talde kriminaleko kide izatea egozten diote, baina bertan ez da lotura zuzenik egiten gertaera jakin batekin. Litekeena da operazio horretan egindako miaketetan hori bilatu nahi izatea. Asteartean, etxeetako batean lau orduz egon ziren miatzen, eta, familiaren arabera, «guztia hankaz gora» utzi zuten.

Dena den, zazpi liburuki aurkeztu ditu Poliziak, eta akusazio larriak egin ditu; tartean, lauri talde kriminaleko kide izatea egotzi dietela. Aurrekari bat dago. 2016an, Indar Gorri zale taldeko hemezortzi kideren aurka egin zen operazioan, akusazio bera egin zuen Poliziak. 2018an zen egitekoa epaiketa, eta 11 lagun zeuden auzipetuta, baina azkenean akordioa lortu zuten akusazioarekin: urtebeteko zigorra eta isunak ordaintzea onartu zuten.

Aske geratu ondotik, abokatuek ez zuten adierazpenik egin nahi izan. Familiek ere denbora eskatu zuten egoera aztertzeko, eta ikusi arte zer bilakaera hartuko duen auziak aurrerantzean.

Orotara, sei abokatu dituzte gazteek, haietako bat ofiziozkoa. Asteartean atxilotu zituzten hamar gazteak: bederatzi, Arrotxapea auzoan, eta bat, Burlatan. Haietako lauri egun hartako arratsaldean hartu zieten deklarazioa ofiziozko abokatuarekin. Gainerako sei gazteek konfiantzazko abokatuarekin egin zuten deklarazio poliziala, herenegun, hitz egiteari uko eginez. Asteazkenean beste bi gazte deituak izan ziren deklaratzera, eta, ondoren, polizia etxetik atera ziren.

Deigarria da bi asteren buruan bi operazio egin dituela Espainiako Poliziak. Zerikusirik ez dute, baina biak izan dira arrandia handikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.