Albistea entzun

Mexiko

Mexikoko Gobernuak barkamena eskatu die maia indigenei

Espainiarrak Mexikora heldu zirenetik gaur arte jasandako abusuengatik eskatu du barkamena gobernuak. Hauteskundeen atarian egin du urratsa.

Mexkoko eta Guatemalako presidenteak, Gobernazio ministroarekin eta Quintana Rooko gobernadorearekin, atzo. /
Mexkoko eta Guatemalako presidenteak, Gobernazio ministroarekin eta Quintana Rooko gobernadorearekin, atzo. / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Elizegi Egilegor -

2021eko maiatzak 4 13:37

Azken 500 urteetan Mexikok maia indigenen aurka egindako erasoengatik barkamena eskatu zuen atzo Olga Sanchez Cordero Gobernazio ministroak: «Mexikoko maia herriari barkamena eskatzen diogu gaur estatuaren izenean, historian haien aurka egindako gehiegikeriengatik eta gaur egun bizi duten bazterketagatik». Quintana Roo estatuan esan zituen hitzok Corderok, Mexikoko presidente Andres Manuel Lopez Obrador eta Guatemalako estatuburu Alejandro Giammattei bildu zituen ekitaldian.

Zehazki, Mexikok independentzia lortu ostean, 1847 eta 1901 artean, izandako kasten arteko gerrari egin zion erreferentzia Gobernazio ministroak. Gerra hark aurrez aurre jarri zituen maia indigenak eta elite kreoleko kideak. Mexikoko armadak indigenen hiriburua zen Chan Santa Cruz hartu zuenean amaitu zen gatazka. Borroketan 250.000 pertsona hil zirela uste da.

Adierazpena indigenen aspaldiko aldarrikapena den arren, orain egin izana kritikatu egin dute askok; izan ere, hilabete eskas geratzen da Mexikoko legebiltzarrerako eta udaletako bozetarako. Aldi berean, Lopez Obrador presidentea gogor ari da kanpaina egiten Tren Maya deritzon proiektuaren alde —maien lurretatik ibilbidea egiten duen tren turistiko bat—, nahiz eta inguruetan bizi diren herritarrak haren aurka egon.

Maia indigenen artean asko dira presidenteak emandako urratsa kritikatu dutenak, eta ez bakarrik hauteskundeen atarian egin duelako, baita barkamena komunitateko ordezkariei zuzenean eskatu beharrean gobernadoreekin egindako agerraldi batean eskatzeagatik ere: «Jacinto Pat buruzagia bizirik balego, lotsatu egingo litzateke. Ez diete barkamena eskatu maiei, eta are gutxiago baztertutako gazteei».

Lopez Obradorrek, baina, entzungor egin die kritikei, eta nabarmendu du egungo testuingurua ez dela garai batekoaren berdina: «Orain askatasunak daude; zentsurarik gabe edozer adieraz dezake edonork. Baina batez ere herriari justizia egiteko borondatea dago, iraultza garaian bezala. Horregatik gaude hemen barkamena eskatzen eta berresten ez ditugula inoiz ahaztuko Mexikoko herriak».

Yucatanen maiek duten ordezkariak, Ana Karen Dzib Pootek, eskertu egin du gobernuak egindako urratsa, baina, aldi berean, oinarrizko hiru eskari egin dizkio: memoria batzorde bat osatzea, maia herriaren garapena adosteko buruzagi indigenen lidergoa aitortzea, eta herri indigenen eskubideak Konstituzioan jasotzea.  «Egia da dagoeneko ez garela lurjabe handien esklabo, baina basoak suntsitzen ari dira oraindik soja landatzeko, eta izadiaren hasieratik defendatu ditugun mendiak eta putzuak kentzen», salatu du Pootek.

Protestak

Barkamen eskea protesta artean egin behar izan zuen Corderok. Izan ere, ekitaldia egitekoa zen inguruetan nekazari talde bat bildu zen salatzeko gobernuak ez zizkiela ordaindu duela hainbat urte desjabetutako lurrak. Ez ziren horiek izan estatuburuak entzun zituen kritika bakarrak. Mugimendu feministek egotzi zioten genero indarkeriako kasuetarako protokoloak indarrean jarri ez izana eskualde hartan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa, hauteskundeetako emaitza ospatzen, atzo, Glasgown. ©ROBERT PERRY / EFE

Johnsonek goi bilera batera gonbidatu du Sturgeon, Erresuma Batuaren geroaz aritzeko

Andoni Imaz

Hauteskundeen ondoren, herrialdeen arteko batasuna indartzeko asmoz gonbidatu ditu Johnsonek Eskoziako, Galesko eta Ipar Irlandako aginatariak bilera batera.

ERCko Pere Aragones, gaur, erabakiren berri emateko agerraldian. ©Quique Garcia / EFE

ERC prest dago gutxiengoan gobernatzeko

Berria

Aragonesek bere inbestidura errazteko botoak eskatu dizkio JxCri; adierazpen horrekin, iradoki du bi alderdi politikoen arteko negoziazioek ez dutela arrakastarik izango.

 ©AZIZ ISA ELKUN

«Uigurrok gure herrian askatasunez biziko garela uste dut»

Urtzi Urrutikoetxea

Txinak uigur etnia bere esaneko egiteko haien kultura eta identitatea ezabatu nahi dituela salatu du Isak. Dioenez, egia hori ezkutatzea geroz eta zailagoa egiten ari zaio gobernuari.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.