Literatura

Joxe Mari Berasategik euskarara ekarri ditu H.G. Wellsen ipuinak

Zortzi ipuinek osatzen dute 'Hormako atea eta beste ipuin batzuk' liburua, eta Elkarrek argitaratu du.

Joxe Mari Berasategi liburuaren ale batekin, gaur, Donostian. JON URBE/FOKU
aitor biain
2021eko maiatzaren 4a
15:56
Entzun

«Bisionario bat izan zen». Hitz horiekin deskribatu du Joxe Mari Berasategik Herbert George Wells idazle eta filosofo ingeles ezaguna. Fantasiazko munduen sortzaile eta zientzia fikzioaren aitzindarietako bat izan zen Wells, XIX.mendearen amaieran eta XX.aren hasieran. Haren lanek fantasia zientifikoaren, teknologiaren garapenaren eta mundu utopikoen iragarpen profetikoak jaso baitzituzten. 1894an hasi zen ipuinak idazten, eta 1911n plazaratu zuen haien aukeraketa bilduma bat: Hormako atea eta beste ipuin batzuk. Euskarara ekarri du orain liburua Berasategik, eta Elkarrek argitaratu du.

Zortzi ipuinek osatzen dute liburua, eta Wellsek gaztaroan idatzitakoak dira gehien-gehienak: Hormako atea – liburuari izena ematen diona–, Izarra, Armagedonen ametsa, Konoa, Ilatargiaren fabula bat, Diamantegilea, Dinamoen jainkoa eta Itsuen herrialdean. Berasategik azaldu duenez, idazlearen mundu ikuskeraren erakusgarri dira denak, askotariko gaiak eta giroak jorratzen dituztenak, eta «bikain» erakusten dutenak haren idazteko eta sortzeko trebetasuna. 

Ingelesezko idazleen artean «eraginik handiena» izan dutenetako bat da Wells, itzultzailearen hitzetan. Eta horren adibide dira, hain zuzen, haren ipuin eta eleberriek izan dituzten irakurle oldeak. Haren nobela zientifko nagusiak, esaterako, The time machine (1895) eta The war of the worlds (1898), etenik gabe inprimatu izan dira. «Idazle askoren irudimena itxuratzen lagundu du, Orwellekin hasi, Borgesekin segi eta zientzia fikziozko idazle guztienganaino». Film asko egin dira haren nobeletan oinarrituta, halaber.

Baina Wells idazle ezaguna da etorkizuneko iragarpenengatik, batez ere. Haren istorioetan azaltzen baitira gerora errealitate bilakatu diren elementu eta gertakizun asko, hala nola hegazkina, tankea, bidaia espazialak, bonba atomikoa, satelite bidezko telebista, Internet, Ilargirako hegaldiak edota gizarte zibilaren airetiko bonbardaketak. Denboran bidaiatzeari, alienen inbasioari eta botere jainkotiarrez hornituriko gizakiei buruz ere idatzi zuen, gainera.

Berasategik, ordea, haren «ikuspegi sozialean» egin du azpimarra: «Maiz aitortzen zaizkio egin zituen profezia zientifikoak, baina asko ez dira ohartzen zein gogor egin zuen borroka bere iragarpen sozialak onartuak izan zitezen». Bizi izan zituen garaietako gertakarien eraginez –mende aldaketa, bi mundu gerrak…–, munduaren gobernabideari buruz ere jardun baitzuen haren lanetan. «Ideia utopikoak» izan ziren horietako asko, mundu mailako estatu bakar bat ezartzearena, kasurako. Haren ideiaren arabera, gobernu orokorrak bermatuko zizkion norbanakoari hezkuntza bat behar bezain ona –bereziki zientzian–, lan asebetegarri bat eta bizitza pribatua gozatzeko askatasuna. «Lehen mundu gerrako katastrofeak erakutsi zuen porrotarekin etsita, mundua berriz heztea proposatu zuen Wellsek».

Berasategiren arabera, zientzialari gisa izan zuen prestakuntzan oinarritua da Wellsen pentsamendu soziala. Eta haren ikuspegi politikoa zeharo lotuta zegoen famatu egin zuen garaiko teknologiarekin. Izan ere, heziketa zientifiko horren bultzadan idatzi zituen bere libururik famatuenak, gaztetako nobela zientifikoak. «Ipuinetan, halere, dagoeneko nabaritzen dira haren kezka sozialak ere, giza izaeraren gainekoak eta gizarte antolamenduaz zituenak».

Gozamenetik abiatuta

Alemanez idatzitako liburuak euskaratu izan ditu Berasategik azken urteetan, batez ere. Peter Handkeren Atezainaren larria penalti-jaurtiketan itzuli zuen iaz, esaterako, eta Leo Perutzen Gauez harrizko zubiaren azpian 2019an, Jesus Mari Olaizola Txiliku-rekin batera. Azken horren itzulpena amaitu berritan zela, «ustekabean» heldu zitzaion Wellsen ipuinen bilduma eskuetara. «Entzuna neukan H.G. Wellsen izena, baina apenas neukan beretik ezer irakurrita, eta asko gustatu zitzaidan». Inolako asmo jakinik gabe hasi zen bere kabuz itzultzen, «gozamen hutsez».

Berasategik azaldu du, ordea, itzulpena ez dela lan erraza izan, Wellsen ipuinek idazkera «argi, zehatz eta landu bat» dutelako. «Erronka izan dira, bereziki, berak daukan ingeles aspaldiko hori eta sinpletzat jotzen diren gauza asko itzultzea, agian oraindik euskaraz gehiegi landu gabe ditugulako», azaldu du itzultzaileak. Deskribapen fisikoak –«koloreak eta»–, edota mundu industriala girotzeko makinek eta labe garaiek egiten dituzten «hotsak, zaratak eta burrunbak» jarri ditu adibidetzat. «Xehetasun horiek denak euskaraz ematea niri behintzat ez zait erraza egin», aitortu du Berasategik. «Baina gozatu egin dut».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.