Autogintza

Autoak erosteko laguntza emango du Jaurlaritzak; «azkenekoa», ahal dela

Espainiako Gobernuak ibilgailu elektrikoak eta hibridoak ematen dituen laguntzekin bateragarria izango dela aurreratu du Arantxa Tapiak

Auto saltoki bat, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2021eko maiatzaren 4a
18:29
Entzun

Auto zaharra bota eta berria erosteko beste Renove plan bat indarrean jarriko du Eusko Jaurlaritzak. «Espero dugu azkenekoa izatea», Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuak azaldu duenez. Salmenta eskasen ondorioz une gogorra bizi duten auto ekoizleei eta saltzaileei laguntzeko ez ezik, CO2 isurketak gutxitzeko tresna bat dela argudiatu du Tapiak. Baina, 2020an indarrean izan zen planean bezala, «neutralitate teknologikoa» izango du; hau da, gasolina eta gasolioa erretzen duten autoak erosten dituztenek ere jaso ahal izango dutela laguntza, eta ez soilik elektrikoek. Oro har auto berriek zaharrek baino karbono gutxiago isurtzen dutela esanez justifikatu du erabakia sailburuak.

Jaurlaritzak ez du zehaztu noiz izango den indarrean, baina «lehenbailehen» izatea espero du, administrazio prozedura amaitzen denean. Bai, ordea, bateragarria izango dela Espainiako Gobernuak apirilean abian jarritako Moves planarekin. Haren bidez, auto guztiz elektrikoak edo hibrido entxufagarriak erosten dituzten Hego Euskal Herriko herritarrek 7.000 euro jaso ahal izango dituzte, trukean erreketa motorreko bat txatartegira bidaltzen badute; 4.500 euro izango dira, berriz, auto zaharra kentzen ez badute. 45.000 eurotik beherako auto elektrikoa erosten dutenek eskatu ahal izango dute laguntza.

3.000 eta 2.000 euro artean

Apalagoak izango dira, berriz, Jaurlaritzak emandako laguntzak. Tapiak ziurtatu du 2020ko planekoen «oso antzekoak, berdinak ez esatearren» izango direla. Hala balitz, 3.000 euro arteko laguntza jasoko lukete auto elektrikoaren erosleek, 2.500 euro  hibrido entxufagarria aukeratzen dutenek, eta 2.250 euro, berriz, sarera konektatu behar ez diren  hibridoa nahi dutenek. Gasolina edo gasolioa erretzen dutenentzat 2.000 euroren laguntza izango da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horietakoak izan ziren aurreko planaren laguntza jaso zuten 5.000 auto gehienak.

Urtarriletik apirilera bitarte 10.300 auto saldu dira Hego Euskal Herrian baino %21 gehiago. Edonola ere kontuan hartu behar da iazko martxoaren erditik maiatzera bitarte itxita izan zirela saltokiak. 2019ko lehen lauhilekoarekin alderatuta, berriz, %42 gutxiago saldu dira aurten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.