Joseba Gaya

«Laguntza sistemen artean koordinazio falta handia dago»

Azken urteetan, etxegabeen kopurua areagotzen ari zen, eta, Gayaren esanetan, egoera «larriagotu»; egin da azken urtean pandemiarekin. Erantzun egoki bat emateko neurri gehiago eskatu dizkie erakundeei.

Joseba Gaya. BIZKAIKO HITZA
Peru Azpillaga Diez.
2021eko maiatzaren 7a
16:49
Entzun

Osasun larrialdian inoiz baino etxegabe gehiago zenbatu direla dio Joseba Gayak (Laudio, 1971), Beste Bi Bizkaiko plataformako kideak. Plataforma hori erakunde eta zerbitzu batzuek osatzen dute, eta pobrezian edo arriskuan daudenekin eta gizarte bazterketa jasaten dutenekin lan egiten dute. Neurri eta laguntza gehiago eskatu dituzte, luze gabe Espainiako Estatuan alarma egoera amaitu eta biharamunean ager daitekeen egoerari aurre egiteko. Egoeraz ohartarazteko, Bizitzak jirabira asko izan ditzake kanpaina ipini dute abian.

Bilbon etxegabeen kopurua neurtzen denetik inoiz baino gehiago direla ohartarazi duzue.

Hala da. Nahiz eta laguntzak egon, geroz eta jende gehiago dago kalean. Kopuruak gora egiten jarraitu du, eta, neguko aterpeak zabaldu dituztenean, maximo historikoetara heldu gara: 700 pertsona inguru daude etxerik gabe. Inoiz ez dira hainbeste izan.

Zergatik gertatu da hori?

Azken urteetan, pandemia baino lehenago, ikusi dugu etxegabeen kopurua handituz joan dela. Etxegabeen egoera kaleko kasuak baino gehiago da; kalekoen egoera larriena baino ez da. Zenbakiak gora doazela ikusteaz gain, ohartu gara jendeak geroz eta aukera gutxiago dituela egoera horretatik atera ahal izateko.

Zer-nolako eragina izan du osasun larrialdiak?

Pandemia heldu zenean, lehengo egoera txarra are gehiago okertu zen. Batetik, egia da hainbat jarduera egin zirela kalean zegoen jendeari aterpea emateko. Baina, era berean, kontraturik gabe, egoera prekarioan eta zaurgarrian lan egiten zebilen jende askok, lana galtzean, etxea ere galdu egin du, eta, lehendik genuen egoera kaskarra, are gehiago okertzen ari da.

Erakundeek nola erantzun zioten horri?

Konfinamendua amaitzean, Eusko Jaurlaritzak hainbat laguntza jarri zituen martxan, jendea kalean geratu ez zedin. Behintzat, hainbat egoitzatan —kiroldegietan, esaterako— konfinatuta egon zen jendea, kalean geratu ez zedin. Leku guztietan erantzuna ez da bera izan, baina tresnak jarri dira, gutxienez. Bilbon jende horrekin lanean jarraitzen dugu, eta elkarteek oso lan handia egin dute hainbat proiektu martxan jarri eta jende horri laguntzeko.

Egoerak okerrera egingo duela uste duzue?

Alarma egoera amaituko da, ez dakigu nola, baina argi dugu helduko dela une bat, laster gainera, non COVID-19aren ondorioei aurre egiteko laguntza horiek desagertuko diren, eta ez dakigu administrazioak zer pentsatu duen hurrengo egunerako: zer egingo duen hainbeste jenderekin, zer-nolako gizartea aurkituko dugun, zer aukera egongo diren lana topatzeko, jendeari laguntzeko… Uste dugu egoerari eusten ari garela orain, halamoduz bada ere. Baina datorrena are larriagoa izango da, eta, neurri gehiagorik gabe, ezinezkoa izango da eustea. Ondo prestatuta egon behar dugu.

Zer urrats egin daitezke?

Osasun larrialdia hasi zenean, lan mahai bat osatu zuten administrazioak eta hirugarren sektoreko elkarteek. Orain, egoera aldatzen ari da, eta uste dugu larrialdiari aurre egiteko beharrezkoa dela halako mahai bat berriro osatzea, pare-parean daukagun egoerari erantzun egokiagoak eman ahal izateko, guztion artean adostutakoak.

Nolako neurriak behar dira?

Hasteko, prebentzioak sekulako garrantzia du, eta horretan inbertitu beharra dago, egoera asko sortzea eragotzi daitekeelako. Horrekin batera, begirada aldatu behar dugu: anbulatorioetan, osasun zentroetan eta abarretan, alarma zantzuak ikusiz gero, prozedurak martxan jarri behar dira. Badaude prebenitzeko errazagoak izan daitezkeen kasuak, eta horiek garaiz hartu behar dira. Zer gertatzen da? Guk, normalean, jendea ez dugula artatzen kalean egon arte.

Zer hutsune daude egungo sisteman?

Laguntza sistemen artean koordinazio falta handia dago. Gabezia sekulakoa da. Egoera txarrean dagoen batek oso gaizki pasatu behar du laguntza duin bat lortu ahal izateko. Geroz eta burokrazia handiagoa dago, eta tramiteak ez datoz bat helburuarekin. Laguntzak baldin badaude, zergatik jartzen dira hainbeste traba horiek eskuratzeko? Zorakeria hutsa da.

Zer rol jokatzen du gizarteak honetan guztian?

Gizarteak kontzientzia hartu behar du, kritikoa izan. Mundua zelan mugitzen den ikusi eta egoera gogor hauei begi garbiz erreparatu, ez zerbait arraroa balira bezala. Beste begirada bat izan behar dugu; ez soilik kalean dagoen jendearekiko, baizik eta egoera horretara eramaten zaituen guztiarekiko eta eratu dugun sistemarekiko. Jendeak beste alde batera begiratzen du normalean halako egoeretan; ez zaio halako gauzak ikustea gustatzen, nolabait onartu egin beharko lukeelako sistemak akatsak dituela, zerbait txarto egiten ari dela. Askotan, badirudi norbait hiltzen denean soilik ohartzen garela egoeraren larritasunaz. Aurten, dagoeneko lagun bi hil dira Bilbon kalean.

Nolakoa da kalean dagoen jendearen profila?

Mota guztietako egoerak daude, ez dago profil jakinik. Apurka-apurka beren sareak apurtzen dituzten pertsonak daude, eta adikzioak eta buruko gaitzak garatzen dituzte. Gazte migranteak ere badaude. Kalean geratu ez arren, ahal duten moduan irauten duten emakumeak daude, asko, eta oso egoera txarrean, gainera. Baita familiak ere: pandemiaren ondorioz, geroz eta gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.