Albistea entzun

Palestina

Nazioarteko Zigor Auzitegiak ez du baztertzen Gazaren aurkako erasoaldia "gerra krimena" izatea

Tel Avivek gutxienez 53 lagun hil ditu Gaza bonbardatzen hasi zenetik, tartean 14 haur. Hamasek suziriekin erantzun dio, eta sei lagun hil ditu. NBEk proposatutako su-etenari ezezkoa eman dio Israelek.

Sua eta kea Gazan, bart, Israelgo Armadaren bonbardaketen ondorioz.
Sua eta kea Gazan, bart, Israelgo Armadaren bonbardaketen ondorioz. Haitham Imad / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Julen Aperribai - Paulo Ostolaza -

2021eko maiatzak 12

Etenik gabe Gaza bonbardatzen ari da oraindik ere Israelgo Armada. Abisua atzo eman zuen Benjamin Netanyahu Israelgo jarduneko lehen ministroak: «Gure asmoa da erasoen intentsitatea eta kantitatea handitzea». Esan eta egin. Bart gauean beste zazpi lagun hil dira bonbardaketen ondorioz, eta dagoeneko 53 dira astelehenetik Tel Avivek hildakoak, Gazako Osasun Ministerioaren arabera; tartean, 13 ume. Zaurituak 320 dira gutxienez, ministerioaren arabera. Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskalburu Fatou Bensoudak gaitzetsi egin ditu bonbardaketak, eta ohartarazi «gerra krimentzat» jo litekeela Gazaren aurkako erasoaldia.

Armadak esan duenez, Hamas erakunde islamistari «2014tik emandako kolperik handiena» da, Gazan «helburu garrantzitsuak» suntsitu dituztelako eta Hamasen «inteligentziako pertsona gakoak» hil dituztelako.

Hamasek suziriekin erantzun du berriz. Gauean haietako 110 jaurti ditu Gazatik Tel Avivera, eta guztira sei dira haiek hildakoak; azkena soldadu bat izan da, suziri batek haren ibilgailua jo eta zaurien ondorioz hil dena. Israelgo Armadak jakinarazi duenez, goizeko hirurak aldera hasi dira lehen suziriak atzematen, eta hiritarrak babeslekuetara eraman behar izan dituzte. Hamasek salatu duenez, ezinbesteak erantzun behar izan du, Israel etengabe zibilen aurkako suziriak botatzen ari delako.

Erasoak gogortzeko Netanyahuren mehatxuari ere erantzun dio Hamasek. Ismail Haniya buruzagiak adierazi du bere erakundea «prest» dagoela erasoen gorakadarako: «Israelek egoera gogortu nahi badu, horretarako prest gaude, eta gelditu nahi badu ere prest gaude». Halaber, Israelgo eta lurralde okupatuetako palestinarren protestak goratu ditu. «Guztiok batera mugitzen ari gara, modu koherentean, okupazioari aurre egiteko», nabarmendu du.

Ekinaldiari eusteko asmoa berretsi du Jihad Islamikoaren adarreko Al-Quds brigadak ere, ohar batean. "Ez dugu atzera egingo gure erresistentzian, horren ordaina edozein dela ere", adierazi du. Tel Avivera eta hiri horren ingurura 100 suziri baino gehiago jaurti dituela ere jakinarazi du.

Israelgo Armadak zehaztu duenez, besteak beste, Hassan Kaogi Hamasen segurtasun militarreko saileko burua jo dute suziriekin, baita kontraespioitzako saileko burua ere, Wail Issa. Ez hori bakarrik: Gazako hainbat komisaria ere suntsitu dituzte, tartean, Hamasen Polizia egoitza nagusia. Baina, horiez gain, etxebizitzak ere suntsitu dituzte bonbardaketek. Bart, hamahiru solairuko dorre bat bota zuen Israelek, eta gaur ere sare sozialetan zabaldutako irudietan ikus daitezke bonbak etxeetara erortzen. Osasun Ministerioak zabaldutako datuen arabera, Gazako biktimen %43 haurrak eta emakumeak dira. Gau osoan erori dira bonbak Hamasen kontrolpeko eskualdean, eta, egunak argituta ere, gerra hegazkinek lanean jarraitu dute.

 

 

Gazan ez ezik, Zisjordania okupatuan ere esku hartu dute Israelgo militarrek. Tubas herrian, 16 urteko Rashid Abu Arreh hil dute tiroz, beste palestinar bat atxilotzeko asmoz egindako operazio batean. Polizia operazioaren aurka protestan ari zen 26 urteko Hussein al-Titi ere tiroz hil dute. Atxilotuak ere ugari izan dira azken orduetan. Israelgo Poliziak zabaldutako datuen arabera 270 pertsona atxilotu dituzte, «istiluetan eta protestetan» parte hartzea egotzita.

Bitartekaritzek, porrot

Hortaz gain, Israelek ezezkoa eman dio NBE Nazio Batuen Erakundeak eta bitartekari lanak egiten ari den Egiptok proposatutako su-etenari. Tentsioa baretzeko nazioartearen eskaria erregu hutsa da. Egiptok bitartekari lana egiteko saiakera egin du azken egunotan, baina Sameh Xoukry Atzerri ministroak aitortu zuen Israelengandik ez zutela jaso horretarako «beharrezko erantzunik». «Azken egunetan, Egipto Israelengana eta egoerarekin kezkatuta dauden beste zenbait herrialderengana hurbildu da, eta esfortzuak biderkatzeko eskatu die, Jerusalemgo egoera gehiago larriagotu ez dadin», azaldu zuen. Ez zuen zehaztu zein diren Egiptorekin batera diplomazia lanetan ibili diren beste herrialdeak.

NBEk ere ziurtatu zuen tentsioa deseskalatzeko saiakerak egiten ari dela. Bi aldeei zuzendu zitzaien Antonio Guterres idazkari nagusia, eta eskatu zien «berehala» eteteko erasoak. Israel eta haren aliatu AEBak haren parte izanik, gatazkan esku hartzeko gaitasun handia du NBEk, baina herenegun izandako Segurtasun Kontseiluak agerian utzi zuen AEBek zer botere duten nazioarteko organismoan, herrialde horrek oztopatu egin baitzuen Jerusalemen hasitako indarkeria olatua gaitzesteko adierazpen bateratu bat publiko egitea, inplizituki Israeli erasoak eteteko eskaria egitea esan nahiko bailuke adierazpen hori onartzeak.

Gaitzespena atzo egin zuen NBEren Giza Eskubideen Kontseiluak, egunotako gatazkaren iturburura jo zuen eta Israel ere erantzule egin: «Israelek gehiegizko indarra erabili du manifestari palestinarren aurka, zeinak duela zenbait astetatik protestan ari diren okupatutako Jerusalem ekialdeko auzo batean hainbat familia etxegabetu nahi dituztelako».

Gaur iluntzean dira biltzekoak PAN Palestinako Aginte Nazionala eta PAE Palestina Askatzeko Erakundea. Zisjordanian egingo dute bilera, Ramallah hirian. Egunotan adierazpen ofizialik egin ez badute ere, PAEko iturriak kritiko agertu dira nazioarteko komunitatearekin, eta salatu haien adierazpenak ez direla izan «behar adina gogorrak».

Bien bitartean, Israelgo Defentsa ministro Benny Gantzek aurreratu du ez dituztela bonbardaketak etengo: «Gazan etxe orratzak erortzen ari dira, enpresak suntsitzen, tunelak ezabatzen, eta buruzagi militarrak hiltzen. Bonbardatzen jarraituko dugu, eta ondoren isiltasuna helduko da epe luzerako».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Stella Canava abokatua Bastiako (Korsika) bere kabinetean, herenegun. ©ANDER PEREZ ZALA

Yvan Colonnaren kasuko erabakiak «guztiz politikoak» dira

Ander Perez Zala (Berriemaile berezia)

Korsikako preso nazionalistak datorren hilabetetik aurrera izango du baldintzapean aske geratzea eskatzeko aukera. BERRIA haren abokatu Stella Canavarekin mintzatu da egoeraren berri izateko.

Etiopiako armadako soldaduak Tigray eskualdean, herrialdearen iparraldean. ©EFE

Pandemiak gatazkatsuagoa bihurtu du mundua, Bake Indizearen arabera

Julen Aperribai

Indarkeria %0,07 hazi dela ondorioztatu du Ekonomiaren eta Bakearen Institutuak. Herrialde gehienek gastu militarra handitu zuten iaz

 ©CECILIA VALDEZ

«Perun elkarrizketarako abaguneak zabalduko direla espero dugu»

Cecilia Valdez

Perun, feministek Pedro Castillo hautagaiaren alde bozkatu zuten. Nahiz eta jakin Peru Libre alderdia kontserbadorea dela genero gaietan, Contrerasek uste du behetik gora helduko dela «benetako aldaketa».

Ebrahim Raisiren jarraitzaileak, hauteskunde kanpainan, Teheranen. ©ABEDIN TAHERKENAREH / EFE

Dena printzipalisten alde

Iosu Alberdi

Raisi da Irango presidentetzarako bozak irabazteko hautagai nagusia. Inoizko parte hartzerik txikiena aurreikusi dute. Krisia eta zigor ekonomikoak izango dira gobernuburu berriaren kezka nagusiak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.