Euskara

165 familia «euskarazko eredurik gabe» utzi dituzte Iruñeko haur eskoletan

Haur Eskoletako Gurasoak taldeak informazio bilera batera deitu ditu itxaron zerrendan gelditu diren familiak, «beste aukera batzuen berri emateko»

Euskarazko haur eskolak aldarrikatzeko manifestazioa, Iruñean, iragan otsailean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2021eko maiatzaren 14a
13:17
Entzun

Iruñeko Udalak kudeatzen dituen haur eskoletako behin-behineko zerrenden datuak aztertu ditu HE Haur Eskoletako Gurasoak taldeak, eta salatu du «165 familia euskarazko eredurik gabe utziko dituztela» 2021-2022 ikasturtetik aurrera. «Horrez gain, zehaztu gabeko familia kopuru batek gaztelaniara jotzen du oraindik ere, etsita, euskarazko plaza bat lortzea zail ikusten duelako, eta geografikoki gaizki banatuta daudelako».

Navarra Sumak Iruñeko aginte makila hartu eta berehala, atzera bota zituen lauko udal gobernuak haur eskoletan ezarritako aldaketak; ordutik, hiriburuko udal zentro bakarrean eskaintzen dute euskarazko murgiltze eredua, eta beste batean, euskarazko lerroa ere eskaintzen dute, beste hizkuntza eredu batzuekin batera. Euskarazko eskaintza osoa hiriko iparraldeko auzoetan pilatuta dago, gainera. «Euskaraz ikasteko eskubidea urratua izaten ari da Iruñeko auzo askotan, batez ere Iruñeko hegoaldean, non zenbait haur eskola dauden bata bestearen ondoan, eta bakar bat ere ez da euskarazko murgiltze eredukoa», adierazi du guraso taldeak, ohar batean.

HE Gurasoak taldeak salatu du Navarra Sumaren asmoa dela «familiek euskararen eskariari uko egitea», euskarazko eskaintzari trabak jarrita: «Badakite urte gutxiko tartea dela, jendea sartu eta irten egiten dela, kontziliazio arazoak daudela, hurbiltasuna lehenesten dela, haur eskolak zerbitzu kontzeptu gisa gaizki ulertzen dela... Eta badakite, jakin ere, trabekin euskararen transmisioan eragiten ari direla. Euskarak, hizkuntza gutxitu bat den heinean, hezkuntza arautuan presentzia eta murgiltzea eskatzen ditu, baita etxean ikasita ere, eta are gehiago adin tarte tarte horretan».

Nafarroako Gobernuaren jokabidea ere kritikatu du guraso talde horrek: «Iruñeko Udalak baino plaza gutxiago eskaintzen ditu gobernuak, eta ez du euskarazko murgiltze ereduko zentrorik. Alderdi euskaltzaleek sinatutako gobernuaren programa akordioan agertzen den eredu mistoen programazioari uko egiteko garaia da».

Oztopoak oztopo, amore ez emateko deia egin diete Iruñeko familiei. Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren eskaintzaz gaindi, mugakide diren udalerrietako haur eskola publikoetako plaza libreei buruzko informazioa emanen dute, maiatzaren 18an eginen duten bilera irekian: Txantrea auzoko Auzotegi elkartean izanen da, 18:00etan. Bertaratu nahi dutenek izena eman beharko dute aurretik, [email protected] helbidera mezu bat bidalita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.