Baldintzapeko askapenak indartu nahi ditu Tapiak, gizarteratzea xede

Eusko Jaurlaritzak jardunaldiak egin ditu eragileekin, etorkizuneko espetxe ereduaz hitz egiteko asmoz

Artolazabal eta Tapia, gaur, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko maiatzaren 15a
17:50
Entzun

Eusko Jaurlaritzak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxe eredua lantzeari ekin dio. Euskal espetxe eredua izenpean, jardunaldiak antolatu ditu Gasteizen, eta, eredua lantzen ari diren adituetako batzuek lehen asmoen berri eman dute. Jaime Tapia Jaurlaritzaren espetxe eskumena kudeatzeko aholkulariak Euskadin espetxe eredua ezartzeko oinarriak dokumentua izan ditu aipagai, eta, azpimarratu du garrantzitsua dela erdi-askatasuneko erregimenak, hirugarren graduak eta baldintzapeko askapenak indartzea. «Hori da abiapuntua: erregimen horiekin arrakasta handiagoa izan ohi da askatasunaz gabetuta dauden pertsonak gizarteratzean».

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak apirilaren 16an lortu zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeen kudeaketari lotutako eskumenaren akordioa, eta Transferentzien Batzorde Mistoa maiatzaren 10ean bildu zen ituna izenpetzeko. Espetxeen arloko eskumenaren eskualdaketa ordea, urriaren 1etik aurrera gauzatuko dute, eta helburua da 2022ko urtarrilean jartzea martxan eredua, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak ohartarazi duenez. Izan ere, Jaurlaritzak uste du «lan handia» egin behar dela transferentzien prozesuan, eta «ongi egin behar» dela. Behin eskualdaketa gauzatuta, 1.300 preso inguru egongo dira Jaurlaritzaren ardurapean, eta ia 700 langile edukiko ditu. Horretarako, urratsak egin behar dira.

Espetxe eredua «gizatiarragoa eta hurbilagoa» izan behar dela adierazi du Artolazabalek, eta «laguntza jaso nahi duenari lagunduko» diola. Hala ere, erantsi du «biktimen eskubideak eta beharrak» ez direla galduko: «Bizikidetzarako eta normalizazio politikorako aktibo bat izan behar da». Horrekin batera, gogoan izan ditu ETArekin lotuta zigortutako presoak ere. Haren arabera, aldaketa honek ez du «tratu berezitu bat» suposatuko haientzat, eta nabarmendu zuen era horretako mezuak zabaltzea «manipulatzailea» dela. Azaldu duenez, Jaurlaritza espetxeen antolakuntzaz eta funtzionamenduaz arduratuko da, eta, gainontzekoa, Espainiako Gobernuaren ardura da.

Martuteneko (Gipuzkoa), Zaballako (Araba) eta Basauriko (Bizkaia) espetxeetan dauden presoekin lanean aritzen diren hogei elkarte inguru ere batu dira. Haien hitza entzutearekin bat, Artolazabalek adierazi du espetxe ereduaren «etorkizuneko zumeak» jartzen hasteko unea dela: «Iritziak entzuteko abian jarritako prozesu honen bidez, gure kartzeletako espetxe sistemaren premiak, hobetu beharreko arloak, indarguneak eta ahulguneak aztertu nahi ditugu». Haren hitzetan, elkarteetako batzuek esperientzia «luzeak» dituzte, hala nola gazte justiziaren eremuan, eta, beraz, beharrezkoa da horiek ereduarentzako «ispilua» izatea. «Hori da oinarritzat hartu behar duguna; heziketa eta birsozializazioa dira prebentziorako eta berriz erortzea saihesteko dauzkagun tresnarik onenak».

Jardunak, hamabi arlotan
Tapiak barkamena eskatu, eta gazteleraz eman du hitzaldi osoa, baina ez da bakarra izan; hala egin dute beste guztiek ere, hitz bakan batzuk ezik. Espetxeen ereduaren dokumentua hizpide, ohartarazi du bertan jasotako asmoak «balio eta garrantzia berekoak» direla, eta baita «bateragarriak» ere. Prozesu horretan, ordea, argi du preso dagoen pertsonaren «konpromisoa eta aldaketarako prestutasuna» ere beharrezkoak direla: «Gizarteak, oro har, itun bat egiten du askatasunaz gabetutako pertsonarekin; horrek, zenbait onura edo prestazioren truke, konpromisoa hartzen du ahalegin kolektibo horren ondoriozko eskakizunak beren gain hartzeko». Erantsi du delituen biktimen beharretan arreta jartzea ere lehentasuntzat ezarrita dagoela.

Helburuak erdiesteko, hamabi jardun eremu zehaztu dituzte dokumentuan: genero ikuspegia lantzea; gurasoak preso dituzten haurren interesei erantzutea; gaixotasun larriak eta sendaezinak dituztenen, eta 70 urtetik gorako pertsonen egoera aztertzea; presoen osasun mentalaren azterketak egitea; desgaitasun intelektuala dutenen prozesuak jarraitzea; justizia administrazioko abokatuekin neurriak adostea; justizia errestauratiboa lehenestea; gizarte zerbitzuekin aritzea; kanpoko eragileekin elkarlana indartzea; espetxeetako langileen lana goraipatzea eta indartzea; espetxeko lana sustatzea; eta, iraupen luzeko kondenen kasuak aztertzea.

Tapiak aipatu duenez, biktimek egiarako, justiziarako, memoriarako, erreparaziorako eta elkartasunerako eskubidea dute, eta uste du horretarako justizia errestauratiboa biderik «egokiena» litzatekeela. Artolazabalek ere horren alde egin zuen atzo, eta Gema Varona Kriminologiaren Euskal Institutuko ikertzailea ere horretaz aritu da . «Delituaren eta erantzunaren inguruko printzipio multzo bat da justizia errestauratiboa». Besteak beste, azaldu du delitua egin duenak onartu behar duela bere jarrera ez dela onargarria, ondorio errealak dituela, eta, komunitateak, berriz, prozesuan parte hartzeko erantzukizuna duela.

Justizia mota horren onurak ere aipagai izan ditu Varonak. Hala nola, aipatu zuen halako prozesu batek bermatu dezakeela biktimek ahotsa izatea, eta, haiek entzunak sentitzea; azaldu zuen biktimen errekuperazioa ere erraztu dezakeela, eta, aldi berean, prozedura penalei «alternatiba bideragarriak» eman dakiokeela. «Biktimak, erreparazioa, elkarrizketa, erantzukizuna eta bitartekoak; horiek dira programa errestauratiboen funtsezko elementuak».

Andreak eta kartzela

Maria Ruiz Torrado EHUko irakasleak emakume presoen egoera izan du hizpide. «Zigor bikoitza da emakumeentzat; espetxe zigor batetik harago, handiagoa da genero sistemarekin eta andre izatearekin lotutako zigorra». Haren iritziz, hori hiru mailatan azaleratzen da. Batetik, uste du preso dauden andreek sozialki «gaitzespen sozial handiagoa» jasaten dutela; legea ez dute bete, eta ezta genero eraikuntzan ezarritako arauak ere. Pertsonalki, «lotsa eta erruduntasun sentimenduak» ere sentitzen dituzte, historikoki emakumeari ezarri zaion zaintzaren ardura ezin dutelako bete, adibidez.

Ruizek, ordea, batez ere hirugarren mailan egin du azpimarra: espetxeen alorra. «Emakumeek dispertsio geografiko handiagoa jasaten dute, kartzeletan leku prekarioak eta okerren hornituak okupatzen dituzte, eta barne antolaketan arreta gutxiago jasotzen dute». Horrez gain, ondorioztatu du espetxeetako beharretan, emakumeek lan gehiago egiten dutela, baina beraien baldintzak txarragoak direla, okerren ordaindutako lanak egiten dituztelako: garbikuntza, adibidez. «Genero asimetria estrukturala da, eta eremu ezberdinetan erreproduzitzen da; espetxe sistema historikoki oso maskulinoa eta androzentrikoa da, eta andreek gutxiengo bat osatzen dute, beraien zaurgarritasun maila handituz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.