Albistea entzun

Enpresak

Eroskik 77 milioi euroren galerekin amaitu du desinbertsioen garaia

Aktiboen balioa txikitzeak eragin du galera, negozio hutsaren etekina 252 milioiraino iritsi baita

Eroskiren hipermerkatu bat.
Eroskiren hipermerkatu bat. Mitxi Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2021eko maiatzak 18

Zenbaki gorri batekin bukatu du Eroskik bere argaltze dieta: 77 milioi euro galdu zituen 2020. urtean. Galera, ordea, ez da negozioa gaizki joan delako. Kontrakoa gertatu da: salmentak %2,1 handitu ditu, pandemiak ostalaritzari jarritako mugek familien elikagaien erosketa bultzatu dutelako, eta horrekin konpentsatu duelako beste produktuetan, gasolindegietan, bidaia agentzietan eta Forum Sporten izandako jaitsiera. Hortaz, erabaki batek ekarri du urte amaierako kontuetan erakutsitako galera: bere aktiboen balioa 195 milioi euro jaitsi izanak, merkatuaren errealitatera egokitzeko. Mugimendu «zuhurra» dela dio Eroskik, eta oraingo balioekin hobeto kokatuta dagoela «etorkizunean edozein gorabeherari aurre egiteko».

Berez, Elorrioko kooperatibak nabarmendu duen datua emaitza operatiboena da: hau da, bere produktuen eta zerbitzuen salmentak eragindako emaitzarena. Alde horretatik, urte ona izan du Eroskik, 252 milioiko irabazi operatiboa izan baitu, 2019an baino %30,2 gehiago, eta azken hamabi urteotako emaitzarik onena.  Horiek horrela, Eroskiko presidente Agustin Markaidek nabarmendu du koronabirusaren urtea emaitza «oso positiboekin» amaitu dutela. «Aro baten amaiera» aldarrikatu du, 2008ko krisiaren aurretik egindako inbertsio handien kostua ordaindu behar izan duen aroarena, alegia.

Izan ere, urte horretan zuen neurriaren erdia du orain Eroskik. Saldu egin zuen If lurrin denda katea, eta saldu edo itxi estrategikotzat jo ez zituen eremuetako supermerkatuak eta hipermerkatuak, Espainia erdialdean eta hegoaldean nagusiki. Eroski berrituak indartsuagoa den eremuetan bildu du orain bere negozioaren zati handi bat, hau da, Hego Euskal Herrian, Espainia iparraldean, Galizian, Katalunian eta  Balearretan.

Zorraren zama arindu du

Azken bi lurralde horietako negozioaren erdia EPCG inbertsio funtsari saldu berri dio Eroskik, eta horrela bete ahal izan du bere banku hartzekodunekin zorra txikitzeko zuen konpromisoa. Zorra izan baita azken urteetan Eroskiren jarduna gehien baldintzatu duen elementua, taldea bera edo haren izaera kooperatiboa auzitan jartzeraino.

Beldur horiek dagoeneko uxatu ditu Mondragon taldeko kooperatibak: desinbertsioen eta emaitzen kontura bideratutako diruekin 2.000 milioi euro txikitu du bere zorra: 2009an 3.423 milioi eurokoa zen, eta 2020an, 1.405 milioikoa. Horietatik 140 milioi iaz kitatu zituen, eta aurten beste 400 milioi kenduko ditu. Horrenbestez, Markaidek ziurtatu du «zor gehiegiko etapa bat» bukatu eta zorrak «maila normala» izango duela. Hau da, ez duela desinbertsio gehiago egin beharko.  

Denda gutxiago

2020an beste 70 denda ireki bazituen ere, are gehiago itxi zituen: 1.624 denda zituen 2020aren amaieran, urtebete lehenago baino 21 gutxiago. Hamar hipermerkatu kendu ditu —2016an 79 zituen, eta 2020an, 37—, hemezortzi Eroski Bidaiak, gasolindegi bat eta Forum Sport bat. Supermerkatuen kopurua, ordea, handitu egin du (+11). Frankiziadunen formula hori asko erabiltzen du bere «eremu naturala» deitzen duenetik kanpo, eta jada bere denden %41 dira modu horretakoak.

Hego Euskal Herrian, berriz, %27 dira frankiziadunak. Lau lurraldeetako enplegatzaile pribaturik handiena da Eroski, 12.153 langile baititu —talde osoko langileen %40—, eta horietatik %69k dute kontratu mugagabea. Eroskik iaz sortutako 867 lanpostuen %95 Hego Euskal Herrian izan ziren.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bittor San Millan Ondarroako Antiguako Ama Itsas Arrantzale Eskolako zuzendaria. ©Jon Urbe / Foku

«Itsasoko lan gogorra gogoko duten gazteak topatzea da erronka»

Ibai Maruri Bilbao - Bizkaiko Hitza

Ondarroako Antiguako Ama itsas arrantzako eskolak egoitza berria du. Erdi mailako gradu berri bat eskaintzeko aukera eman die horrek, eta simulatzaileak erabiltzen hasi dira, Bittor San Millanek azaldu duenez.

Adegiko ordezkariak, gaurko prentsaurrekoan. ©FOKU

Lehengaien eta energiaren prezio handiak dira Gipuzkoako enpresen kezka nagusi

Iñaut Matauko Rada

2023an Gipuzkoako ekonomia %0,5 eta %2 artean handituko dela aurreikusten du Adegik. Enpleguaren inguruko datuak pandemiaren aurrekoak baino hobeak direla gehitu dute.

Lan merkatuan ere nabaritu da urtarrileko aldapa

Lan merkatuan ere nabaritu da urtarrileko aldapa

Jokin Sagarzazu

Lanbidek eta Lansarek abenduan baino 2.495 langabe gehiago erregistratu dituzte, ia denak emakumeak. Gizarte Segurantzak 12.237 afiliatu galdu ditu hilabete batetik bestera

Sindikatuen banderak Hezkuntzako langileen manifestazio batean, iragan azaroan. ©Marisol Ramirez / Foku

ELA garaile hauteskundeetan, azken urtean indarra galdu arren

Iker Aranburu

Mitxel Lakuntzaren sindikatuak Hego Euskal Herriko ordezkaritzaren %36,08 dauka. Oso atzean ditu CCOO (%19,99) eta LAB (%18,95), baina LAB da 2018ko azken epealdi trinkotik ordezkaritza handitu duen bakarra.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...