BIKTIMAK

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ontzat jo du Poliziaren biktimen Nafarroako legea

Auzitegiak baztertu egin ditu PPk eta Voxek 2019ko arauari jarri zizkioten helegiteak. Auzitegi Konstituzionalak ebatzi du biktimen eskariak aztertu behar dituen batzordeak zeregin administratibo hutsak dituela, eta, beraz, ez dela arlo judizialean sartzen.

2017ko otsailean motibazio politikoko biktimei omenaldia egin zien Nafarroako Gobernuak. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
jon olano
2021eko maiatzaren 18a
15:54
Entzun

Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko Nafarroako legea onetsi du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, PPk eta Voxek arauari jarri zizkioten helegiteak baztertu eta gero. Unai Hualde parlamentuko presidenteak eman du ebazpenaren berri.

Parlamentuak 2019ko martxoaren 21ean atera zuen aurrera polizia indarkeriaren biktimen legea. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-Orain Baik eta Ezkerrak babestu zuten; PSN abstenitu egin zen, eta UPNk eta PPk kontra bozkatu zuten. PPk eta Voxek auzitara eraman zuten foru legea, eta Auzitegi Konstituzionalak tramiterako onartu zuen helegitea.

Parlamentuak polizia indarkeriaren biktimen aitortzarako beste lege bat onartu zuen 2015ean, baina Espainiako Auzitegi Konstituzionalak legez kontrakoa zela ebatzi zuen 2018ko uztailean. Auzitegiak argudiatu zuen legeak Justizia administraziotik at dagoen batzorde bat eratzea aurreikusten zuela delituak ikertzeko, eta ahal hori ez dagoela Nafarroako Parlamentuaren eskumenen artean. Biktimek «egia estali nahia» izatea leporatu zioten Espainiako Estatuari. Nafarroako Gobernuak ere erabakia kritikatu zuen, biktimak «babesgabe» uzten zituela iritzita.

2019ko legearekin 2015ekoa ordezkatu zuten. Arau berriak helburu zuen «eskuin muturreko eta funtzionario publikoen indarkeria ekintzek eragindako biktimen aitortza sustatzea eta, dagokionean, ordaina ematea». Horretako, prozedura administratibo bat jasotzen du, epai judizialak kontuan hartuz, «biktimen gaineko legezko hutsunea» beteko duena, baina ezingo du «inondik ere» zigor helbururik izan.

Horixe dio orain Auzitegi Konstituzionalak; foru arauaren arabera sortutako batzordearen zereginak «prozedura administratiboko funtzioetara mugatzen» direla. Epaileek ebatzi dute batzorde horren lanak ez duela auzibidean egin daitezkeen jarduerekin bat egiten, deliturik antzemango balu, prozedura hori auzitegien esku utziko lukeelako. Magistratuek berariaz aipatzen dute 2015ean onartutako araua; nabarmendu dute bi legeak ezin direla alderatu, 2015ekoan auzitegi horrek antzeman zuelako auziak ikertzeko asmo bat.

Lanari babesa

Epaiaren berri izan ondoren, Geroa Baik adierazi du ebazpenak babestu egiten duela aurreko legealdian bake, bizikidetza eta giza eskubideen arloan eginiko lana, eta atsekabea azaldu du legearen judizializazioak «oinaze erantsia» eman badie biktimei eta senideei. Arlo horretan, salatu dute PPk, Ciudadanosek eta Voxek politika «sistematikoki judizializatzen» dutela.

EH Bilduk polizia indarkeriaren biktimen legea abiaraztera premiatu du Nafarroako Gobernua. Koalizio abertzalearen ustez, legeak berme nahikoa du biktima horien errekonozimendua eta erreparazioa onartzeko mekanismoak abian jartzeko.

Egiar Zor fundazioak, berriz, oso positibotzat jo du legea abian jartzea, «giza eskubideen urraketa guztiek izan behar dutelako tokia memoriaren mapan».  Dei egin diete biktimei euren eskaerak aurkez ditzaten prozedurak eta epeak argitzen direnean. Martin Zabalza Nafarroako Gobernuako bake eta bizikidetza arloko zuzendariak BERRIAri emandako elkarrizketan aurreratu zuen epaia noiz iritsiko zain zeudela hura abian jartzeko: «Epaia noiz iritsiko zain gaude, eta jasotzen denetik legean araututako batzordea osatuko dugu».

Nafarroako Foro Sozial Iraunkorrak ontzat jo du albistea, eta «urrats garrantzitsua» dela uste du biktima nafar horiek aitortza eta erreparazioa jasotzeko bidean. Hala, Foro Sozialaren ustez, pertsona horiek egun jasaten duten diskriminazio egoera eta «askotan pairatzen duten birbiktimiazioa gaindituko lirateke». Era berean, Foro Sozialak uste du abal horrek aukera ematen duela legealdi honetan elkarbitza demokratikoaren eraikuntzan aurrera jarraitzeko.

 . 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.