Ikasturte hasiera antolatzeko bide propioa jarraituko dutela esan du Bildarratzek

Madrilek gaur autonomia erkidegoei aurkeztu dien proposamenean aintzat hartzeko aldagaiak badirela esan du

arantxa iraola
2021eko maiatzaren 19a
16:29
Entzun

Espainiako Gobernuak gaur arratsaldean autonomia erkidegoei aurkeztu dien proposamenaren arabera, datorren urtean eskoletan izurriaren aurreko ratioetara bueltatzeko era izango dute; irakasle bakoitzak izan behar dituen ikasle kopurua lehengora itzultzea da asmoa. Efe albiste agentziak aurreratu duenez, Hezkuntza Ministerioak ondu duen agirian hainbat moldaketa egin dira autonomia erkidegoen araubideetara egokitzeko. Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek gogoratu du horretarako era dutela, eta bide propioa egingo dutela ikasturtea antolatzeko, baina Madrilen proposamenaren hainbat neurri aintzakotzat hartzekoak izan daitezkeela.

Proposamen horren arabera, talde itxietan jarraitu behar dute haur eta nerabeek hezkuntza zentroetan, baina malgutu egingo da pixka bat egoera: Haur Hezkuntzan, esaterako, ikasturte bereko haurren arteko jardunak baimenduko dira aire librean. LHko 5. mailatik aurrera, haurren arteko distantzia 1,2 metrora murrizteko era emango da, eta ez da beti bete beharko 1,5 metroko tartea. Aurrez aurreko eskolak lehenestea izango da beti helburua.

Maskararen erabilera derrigorrezkotzat joko dute oraindik: 6 urtetik gorako eskola ume guztiek erabili beharko dute.

Gaur arratsaldean Espainiako Osasun ministro Carolina Dariasekin batera prentsaurrekoa ematekoa da Espainiako Hezkuntza Ministro Isabel Zelaa, eta bertan argibide gehiago emango ditu.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.