Albistea entzun

Artea

Cristina Iglesiasen obrak eragingo duen kalteaz kezka adierazi dute hainbat eragilek

Donostiako Bizilagunekin plataforma, Haritzalde naturzale elkartea, Eguzki talde ekologista, eta Parkea Bizirik taldea ez daude ados itsasargia eta uhartea kudeatzeko Donostiako Udalak eta proiektuaren sustatzaileek hartutako neurriekin.

Uhartea babestearen aldeko pankarta jarri zuten eragileek 2019ko udan
Uhartea babestearen aldeko pankarta jarri zuten eragileek 2019ko udan Juan Carlos Ruiz/Foku Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2021eko maiatzak 26

Cristina Iglesiasek Donostiako Santa Klara uhartean sortu duen Hondalea eskultura datorren astean bisitatu ahal izango da: ekainaren 5ean jasoko ditu irlako itsasargiak aurreneko bisitariak. Eta, hain zuzen, hainbat eragilek nabarmendu dute egun hori «mugarri» bilakatuko dela uharteko eta hiriko «ekosistema soziokulturalarentzat»; kezka adierazi dute eremua «behin betiko eraldatu» dezakeelako.

Proiektua ezagutzera eman zenetik adierazi dute kezka Donostiako Bizilagunekin plataformak, Haritzalde naturzale elkarteak, Eguzki talde ekologistak, Parkea Bizirik taldeak eta beste hainbatek. Eta mahai gainean jarri dituzte itsasargiko esku-hartzeak ekar zitzakeen ondorioak, batez ere, «ingurumenari eta hiriko balio naturalei, ondareari, udal ekonomiari, etenik ez duen turistifikazio prozesuari, edota hiri espazio eta baliabideen pribatizazioari» dagokienez. 

Ondorio horietaz ohartarazteko hainbat ekintza egin dituzte azken hilabeteetan, eta, orain, uhartea bisitariak hartzen hasiko dela eta, hizpidera ekarri nahi izan dituzte berriz kezka guztiak. Izan ere, ez daude ados itsasargia eta uhartea kudeatzeko Donostiako Udalak eta proiektuaren sustatzaileek hartutako neurriekin. 

Eragileek ohar bidez azaldu dutenez, neurriak diseinatzerakoan laguntzeko borondatea eskaini zieten erakundeei eta arduradunei, eta proposamena onartu izana eskertu diete bai Donostiako Udalari eta baita proiektuaren sustatzaileei ere. «Kontsulta-mailara mugatu bada ere, proiektuaren sustatzaileak eragileokin harremanetan jarri izana era positiboan baloratzen dugu». 

Hala ere, bi aldeen arteko harreman horrek ez du eragileek esperotako emaitza izan: «Ez da espero bezain emankorra izan». Izan ere, arduradunek uhartea kudeatzeko hartutako neurriak nahikoa ez direla iritzi diote.

Batetik, uste dute «onargarriak» direla uhartea babesteko jarritako mugak –itsasargiak eguneko 250 pertsona jasotzea gehienez, txalupen maiztasuna ez areagotzea…–, baina irizpide zehatz eta irmoak ezarri ez izana gaitzetsi dute, «anbiguotasunerako eta salbuespenerako tarte handiegia» uzten dutelako. Eta gogorarazi dute araudi forman egikaritu ez izanak zalantzan uzten duela neurrien derrigortasuna.

Nabarmendu dute, halaber, irizpideetan epe laburreko ikuspegia gailentzen dela; aurten, pandemiak irizpideak mugatu baditzake ere, hurrengo urteetan aldetzeko aukera zabalik dagoelako. «Masifikazio eta gain-esplotazio arriskuak hor dirau». Izan ere, gaitzetsi dute udalak hiriaren «turistifikazioa» eta «erakarpen efektua» handitzeko erabili duela obra.

Natura 2000 sarea
Eragileek ohartarazi dute uhartean gauzatu diren esku-hartzeek «arriskuan» jarri dutela gunea. Hori dela eta, erakundeei eskatu diete Santa Klara-Igeldo eta bien arteko itsasartea Natura 2000 Sarean barneratua izateko tramitazioari ekiteko. Eta adierazi dute uhartea defendatzen jarraituko dutela: «Epe luzera, uhartearen babesa bermatu eta hura masifikatu eta arriskuan jartzea ekiditeko araudi eta erabilera-plan zehatz baten alde, ahal dugun bideetatik, lanean jarraituko dugula jakinarazten dugu».
 

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«Hiri osoak etorri behar du, erakusketak balio dezan»

Andoni Imaz

Tabakalera zinemaz betetzear da: 'Imajinatu Zinemaldia' eta 'Vive le cinéma!' erakusketak irekiko dituzte datorren astean. Eragileen arteko elkarlanarekin pozik daude Rebordinos eta Ormazabal.
1972an Iruñean egindako Artisten Topaketak, artxiboko irudi batean. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

1972ko Artisten Topaketen oihartzuna, mende erdi geroago

Yasmine Khris

Aurten 50 urte dira Iruñeko Arte Topaketak egin zirela, eta jardunaldi batzuen bidez oroituko dituzte urrian. Aurrerapen gisa, bideo lan bat jarri dute ikusgai Ziudadelan
Aintzane Usandizaga, Kirmen Uribe eta Arantxa Iturbe idazleak izango dira aurten BERRIAko udako narrazioetan ariko diren euskal idazleak. ©BERRIA

Beste uda batez Galeuscan

Itziar Ugarte Irizar

Bederatzi idazleri narrazio bana kaleratuko die BERRIAk igandetik aurrera; Arantxa Iturberi lehenik
Ignacio Zuloaga pintorearen 'Arrateko itsua' lana ©Juan Herrero / EFE

Zuloagaren lehen lantzat jotakoa faltsua dela salatu dute

Iñigo Astiz

Zumaiako artistaren museoa kudeatzen duen Z Espacio Cultural elkarteak egin du salaketa, haien hitzetan ezin baita ziurtatu 2020an aurkeztutako 'Arrateko itsua' lana Zuloagarena denik.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.