Albistea entzun

Teresa Catalan konpositoreak jasoko du Vianako Printzea saria

Nafarroako musikaren historiaren «erreferenteetako bat» izateagatik emango diote saria. Arte Talentua Sustatzeko saria, berriz, Martxel Rodriguezek jasoko du.

Berria Tamaina handiagoan ikusi

Ane Eslava -

2021eko maiatzak 28

Kulturaren eta Artearen Nafarroako Kontseiluak erabaki du Teresa Catalan Sanchez (Iruñea, 1951) musikari eta konpositoreak jaso dezala 2021eko Kulturaren Vianako Printzea saria. Gaur egindako agerraldian, Rebeca Esnaola Kultura eta Kirol kontseilariak adierazi du Catalan nazioartean aitortza duen konpositorea dela, eta irakaskuntza eta ikerketa lanetan ere nabarmendu dela. BERRIA-k elkarrizketa zabala egin zion duela urtebete.

Kulturaren eta Artearen Nafarroako Kontseiluko Tomas Marcok proposatu zuen Catalan, eta hark ere parte hartu du gaurko agerraldian. Catalanen «musika trebakuntza zabala» txalotu du, eta gogorarazi du musikari lotutako ikastaro, topaketa eta jaialdi ugari zuzendu dituela bere ibilbidean, eta hainbat musikari eta erakunderen enkarguak jaso dituela, besteak beste.

Catalanek Iruñeko Pablo Sarasate kontserbatorioan ikasi zuen, Pilar Baiona, Luis Morondo, Juan Eraso, Luis Taberna eta Fernando Remacharekin, eta piano jotzaile gisa bere buruari galderak egiten hasi zitzaiolako erabaki zuen konposizioa ikastea. Konplexua zen aurrean zuen bidea, ordea: lana bere horretan konplexua zelako, baina baita gizartearengatik ere, orduan apenas zelako emakume musikagilerik Nafarroan. Haren aurretik, Emiliana Zubeldia eredu esanguratsua izan zen, baina garai hartan ez zen ezaguna. Horregatik, Catalanek aldarrikatu izan du berez asko izan direla, baina isildu egin dituztela.

Sienan (Italia) ere ikasi zuen, eta Europako hainbat hiritan osatu zuen formakuntza. Lehenago, 1985ean konpositoreen Iruñeko Taldearen sortzaileetako bat izan zen, eta Jakiundeko eta Nafarroako Kultura Kontseiluko kide ere izan da, besteak beste.

Ibilbide luzea egin du musikagile gisa. Pianorako soloak, ganberako kontzertuak eta orkestra sinfonikorako lanak konposatu ditu, eta haren sormen lanak mundu osoko jaialdi esanguratsuetan programatu dituzte. Konposizioa irakaskuntzarekin uztartu du, bi premisa oinarri hartuta: ezinbestekoa dela kultura ezagutza gisa hartzea, eta ezagutzaren transmisioa ezagutza bezain garrantzitsua dela. Musika bizia aldarrikatu ohi du, eta musika eta entretenimendua gauza ezberdinak direla ohartarazi.

Sari ugari lortu ditu sorkuntza eta interpretazioagatik; besteak beste, 2017an Espainiako Musikaren Sari Nazionala jaso zuen, eta sari hori jaso zuen hirugarren emakumea izan zen.

Ekitaldia, ekainaren 19an

Nafarroako Gobernuak foru dekretu bidez berretsi beharko du orain erabakia. Saria emateko ekitaldia ekainaren 19an izango da, Erriberrin, eta Maria Txibite Nafarroako presidenteak emango dio saria Catalani. Nafarroako Gobernuak 1990az geroztik antolatu du saria, urtero, etenik gabe, eta aurtengoa 32.a da. Kulturaren edozein arlotan pertsonek, taldeek edota erakundeek egindako lanari aitortza egiteko helburua du. Iaz Carlos Cavonas argazkilariak jaso zuen.

Aurten, Catalanekin batera, beste bederatzi hautagai zeuden: Atena Fundazioa dantza eta antzerki taldea; David Beriain Amatriain kazetaria; Eduardo Gil idazlea; Jesus Hernandez Aristu filosofo, teologo eta pedagogoa; Miguel Ibañez Artika numismatika eta itsas biologian aditua; Patxi Mangado Beloki arkitektoa; Fernando Mikelarena Peña historialaria; Obanosko Misterioa fundazioa eta Cesar Oroz Martija ilustratzailea.

Aurten sariak 20.000 euroko diru kopurua berreskuratu du, eta osorik emango diote sarituari. Hori da aurtengo Vianako Printze sariaren berrikuntza nagusia.

Talentu gaztea ere saritu dute

Foru Erkidegoko kulturaren sari nagusiaz gain, Arte Talentua Sustatzeko saria ere antolatu dute, bigarrenez, eta Martxel Rodriguez (Lesaka, 1990) dantzariari eman diote. Epaimahaiak azpimarratu du Rodriguezek Europan erreferente diren dantza konpainietan jaso duen prestakuntza eta izan duen ibilbidea, bai eta gaztetatik ezagutza hori Nafarroako sormen komunitateari aplikatzeko izan duten gaitasuna ere. Arte Talentua Sustatzeko sariak Nafarroako artearen eta kulturaren esparruan gazte ekintzaileen lana babestea, bultzatzea eta ikustaraztea du xede.

Ekainaren 15ean emango diote saria, Baluarte auditoriumean. Hauek ziren gainerako hautagaiak: Alicia Urtasun, Massil Allatxe, Joseba Ceberio, Sergio Eslava, Sofia Esparza, Barbara R. Gragirena, Andrea Irurzun, Iruñeko Gazte Orkestra, Erik Rodriguez, Andres Sanz eta Taupadak.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Oihana Iguaran bertsolaria, atzo eguerdian, Donostiako Miramar jauregiko balkoi batean. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Kultur sortzailea izan ezik

Gorka Arrese

Pandemia garaian antzerkian, musikan, artean eta bertsotan jasandako kontuez jardun dute EHUko uda ikastaroetan. Fuchs, Furyak, Gantzarain, Iguaran eta Astiz mintzatu dira
Ana Laura Alaezen bideo pieza. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Igarotzea, Ana Laura Alaezen pieza berriaren ardatz

Amaia Igartua Aristondo

‘Queer eramaileak: doblea eta errepikapena’ ondu du artista bilbotarrak, Multibertso bekari esker. Bilboko Arte Ederren Museoan ikusi ahal izango da irailaren 5era bitartean.
Rebordinos, Ugalde eta Millar, zinemaldiaren aurtengo edizioko kartel ofizialarekin. ©Maialen Andres / Foku

Donostiako Zinemaldiak ez du sexuaren araberako bereizketarik egingo interpretazio sarietan

Andoni Imaz

Aurtengo jaialditik aurrera ez ditu emakumezko eta gizonezko aktore onenentzako Zilarreko Maskorrak emango, eta, horien ordez, interpretazio nagusirik onena eta taldeko interpretaziorik onena sarituko ditu.

Harkaitz Zubiri, atzo goizean, Miramar jauregian egindako hitzaldian. ©GORKA RUBIO / FOKU

Are premiazkoagoa larrialdian

Gorka Arrese

Pandemia garaiko kulturgintzaren egoera eta erronkak zein diren argitu nahian dihardute EHUko uda ikastaroetan. Mintzola ahozko lantegiak hamar hitzaldi eta bi mahai inguruko egitaraua antolatu du

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.