Mendebaldeko Sahara

Brahim Ghali Fronte Polisarioko burua itzuli da Aljeriara

Fronte Polisarioko buruak Noainen (Nafarroa) hartu du Aljeriara eraman duen hegazkin ofiziala, bart gauean. Espainiako Auzitegi Nazionalak atzo utzi zuen aske.

Brahim Ghali, artxiboko irudi batean. JAVIER MARTIN / EFE
2021eko ekainaren 2a
07:58
Entzun

Brahim Ghalik alde egin du Espainiatik. Joan den apirilaren 18tik Logroñoko (Errioxa, Espainia) ospitale batean zegoen Fronte Polisarioko buru eta SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidente dena, eta bitarte horretan epaiketa bati egin behar izan dio aurre Espainiako Auzitegi Nazionalean. Bi salaketa ikertzen ari zen auzitegia, besteak beste genozidioagatik eta gizadiaren aurkako krimenengatik, baina Santiago Pedraz epaileak aske utzi zuen atzo, bideokonferentziaz deklaratu ostean.

Euskal Herritik hartu du Aljeriara eraman duen hegaldia Ghalik, Noaingo aireportutik (Nafarroa). Buruzagia gaueko 1:30 aldera igo da Aljeriako hegazkin ofizial batera. 22:00ak aldera jaso zuen medikuen baimena Ghalik, eta anbulantzia batean eraman dute Logroñotik Noainera.

Atzo, epaiketan, bere errugabetasuna defendatzeaz gain, bere aurkako akusazioen atzean «arrazoi politikoak» daudela nabarmendu zuen Ghalik. Akusazio partikularrek, besteak beste, eskatu zuten pasaportea kentzea eta Espainiatik ateratzea debekatzea, eta behin-behineko espetxeratzea.

Epailearen iritziz, ordea, ez dago Ghaliren aurkako neurririk hartzeko arrazoirik, eta haren alde adierazi zuen ikerketaren berri izan bezain laster agertu zela auzitegira, «osasun egoerak defentsari deklarazioa atzeratzea baimenduko zion arren». Era berean, epaileak uste du ez dagoela ustezko delituen frogak suntsitzeko edo ezkutatzeko aukerarik. Are gehiago, Pedrazen arabera, akusazioak aurkeztutako txostenak ez du erakusten froga adierazgarririk Ghali «delitu baten arduradun dela sinesteko». 

Manuel Olle SEADeko presidentearen abokatuak salatu du hura «garaikur politiko gisa» erabiltzen saiatu direla, Espainian zegoela baliatuta.

Krisi egoera

Espainiako Atzerri ministro Arancha Gonzalez Laiak «arrazoi humanitarioak» argudiatu zituen Ghali artatzea justifikatzeko. Izan ere, COVID-19 kasu larri baten eraginez ospitaleratu behar izan zuten hura. Gaiaren funtsa, ordea, sakonagoa da Marokoko Gobernuarentzat, eta Mendebaldeko Saharako gatazkaz duen ikuspegia azaleratzeko eskatu dio Madrili.

Prentsaurrean irakurritako komunikatu batekin, Ghaliren aurkako auzia eta Espainiarekin bizi duen «krisi egoera larria» banandu nahi izan ditu Marokoko Atzerri Ministerioak. Testuaren arabera, bi estatuen arteko krisia ez da «gizon bakar batekin» hasi, ezta harekin amaituko ere: «Marokoren eta Espainiaren artean hautsitako konfiantza eta errespetu arazoa da». Gauzak hala, Rabatek Madrili exijitu dio Mendebaldeko Saharako gatazkarekiko hartutako erabakien eta posizionamenduen inguruko azalpen bat emateko, «anbiguotasunik gabe». Marokoren esanetan, Espainiak bat egin baitu «[Marokoko] Erreinuaren etsaiekin», hau da, Fronte Polisarioarekin, eta Ghaliren auziak agerian uzten ditu Madrilen «etsaitasunezko jarrerak eta estrategia kaltegarriak».

Gonzalez Laiak, berriz, uko egin dio azken asteetan gertatutakoaz mintzatzeari, eta aurreko astean adierazi zuen Marokoren ordezkariekin dituen harremanak «zuhurtziaz» eramaten ari dela. Oso bestelakoak dira, baina, Espainiako presidente Pedro Sanchezen hitzak. Rabaten adierazpenari erantzunez, azaldu du ez dela «onargarria» gobernu batek mugen aurkako eraso bat babestea «atzerri politiketan dituzten ezberdintasunengatik». Hitz horiekin, maiatzaren 17an eta 18an Ceutara (Espainia) iritsitako migratzaileei egin die erreferentzia: «Esaten dena bada Marokok migrazioa, 48 orduan 10.000 migratzailek baino gehiagok Espainiako mugei eginiko oldarraldia, erabili duela, niri guztiz onartezina iruditzen zait». Marokoren erantzuna, baina, argia izan da: «Arazoa ez dago migrazioari lotua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.