Memoria

Fundazio frankistak debekatzearen aurka agertu da Espainiako Botere Judiziala

Memoria Demokratikoaren Legeari buruz onetsitako txostenean, CGPJ-ak adierazi du frankismoaren apologia adierazpen askatasunaren barnean sartzen dela.

Emakume bat bandera frankistarekin, Madrilen martxoan eginiko ekitaldi batean. ZIPI / EFE
Iñaki Agirre Perez.
2021eko ekainaren 7a
17:29
Entzun

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (CGPJ) Espainiako gobernuak proposaturiko Memoria Demokratikoaren Legeari buruzko txostena onartu du gaur, eta, aurreproiektuari oro har abala eman badio ere, legearen puntu nagusienetako batzuk zalantzan jarri ditu. Hala, besteak beste, frankismoaren apologia egiten duten ekitaldiak eta fundazioak debekatzearen aurka agertu da, uste duelako «Konstituzioak aldarrikatzen dituen balioen kontrakoak izan arren» adierazpen askatasunaren barnean sartzen direla.

Gobernuak proposaturiko legeak «interes orokorreko helbururik ez duten edo haren kontrako jarduerak egiten dituzten» fundazioak debekatzea ekarriko luke, eta gobernua irizpide horretan oinarrituko litzateke Francisco Franco fundazioa eta frankismoaren apologia egiten duten gainerako ekimenak ilegalizatzeko. Botere Judizialak, ordea, adierazi du irizpide horrek «zehaztasun falta» duela, salatzaileei eta epaileei «baloratze tarte oso zabala» utziko liekeela azpimarratuz.

Joan den astean, Botere Judizialeko bi kidek Memoriaren Legeari buruzko txosten juridikoaren zirriborroa aurkeztu zuten, eta hura izan dute eztabaidagai gaurko batzordean. Txostenak aholku izaera dauka, eta ez da loteslea izango gobernuarentzat, baina bere edukiek zeresana eman dute testuaren zirriborroa azaleratu zenetik. Bi ordu eta erdi iraun duen batzarraren ostean, CGPJ-aren batzordeak txostena onartzea erabaki du, aldeko hamabost bozekin eta aurkako seirekin.

Frankismoaren aldeko ekimenak debekatzearen aurka agertzeaz gain, Botere Judizialaren txostenak zalantzan jarri du ere Memoriaren Legeak «gerra zibilaren eta diktaduraren biktimei» eman nahi dien babesa, eta frankismoaren garaiko hainbat biktimen duintasuna «modu asimetrikoan» zaintzeko arriskua dakarrela argudiatu du.

Memoriaren lege berria

Memoria Demokratikoaren Lege berriarekin, Pedro Sanchezen gobernuak Zapateroren 2007ko Memoriaren Legea eguneratuko du, eta bere helburua «Espainiako demokrazia diktadurak izan dituzten beste demokraziekin homologatzea» da, Carmen Calvo presidenteordearen arabera. 66 artikuluz osaturiko lege aurreproiektuak 1936ko estatu kolpetik hasi eta 1978ra bitarteko epea hartzen du, eta, Botere Judizialak gaur eztabaidatu dituen puntuez gain, beste hainbat neurri biltzen ditu.

Lege berriarekin, esaterako, gerran eta diktaduran arrazoi politiko eta ideologikoengatik ezarritako kondenak baliogabetu egingo lirateke, «frankismoko errepresio organoak» legearen kontrakoak direla ezartzen duelako. 2007ko legeak onartu zuen sententzia horiek «ez-legitimoak» izan zirela, baina lege berria pauso bat aurrerago joango litzateke, inolako baliorik ez dutela deklaratuz. Zentzu horretan, Calvo presidenteordeak adierazi du auzibide horiek baliogabetzea «erreparazio modurik onena» dela frankismo garaian zigortuak izan ziren pertsonentzat.

Halaber, legeak helburu pedagogiko bat dauka, eta Hezkuntza Ministerioa dagoeneko ikasketen edukiak «eguneratzea» aztertzen ari da, DBHn eta Batxilergoan errepresio frankista irakasteko. Horrek ere 2007ko legearen beste hutsuneetako bat beteko luke, izan ere, Nazio Batuen erakundeak 2014an Espainiari buruz idatzitako txosten baten arabera, egun, gerra zibilari buruz hitz egiten duten zenbait ikasliburuk «erantzukizun asimetrikoaren ideia iraunarazten» jarraitzen dute. 

Lege aurreproiektuaren beste puntu aipagarrienetako bat Erorien Harana desakralizatu eta hilerri zibil bilakatuko lukeena da. Izan ere, haren bitartez, basilikan leku berezitua duen gorpuak gainerakoekin batera kokatuko lirateke, eta haranean hilobiratuta daudenen senideei gorpuak berreskuratzeko eskubidea aitortuko lieke. Gainera, lege berriarekin, gerran eta diktaduran desagertutako herritarren bilaketa lanak estatuaren ardura bilakatuko lirateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.