Gizon bat atxilotu dute Donostian, bi pertsona armaz mehatxatu eta etxean gotortu ostean

Bizilagun baten dei baten bitartez joan da Ertzaintza bertara. Lekukoen hitzetan, suzko arma batekin mehatxu egin die bi gizoni. Ondoren, etxean gotortu da.

jarraia198923.jpg
2021eko ekainaren 10a
09:37
Entzun

Bart iluntzean gertatu da, 21:00ak aldera: gizon batek beste bi mehatxatu ditu suzko arma batekin Donostiako Antigua auzoan, eta, hori egin ondoren, bere etxean gotortu da. Bizilagun baten dei baten bitartez joan da Ertzaintza bertara, eta lau ordu behar izan dituzte gizona atxilotzeko.

Antza, telefonia enpresa bateko langile bat da atxilotuak mehatxatutako bi lagunetako bat: bezero baten Internet zerbitzua konpontzera joana zen etxebizitza horretara, eta, bizilagunaren solairura igotzean, beste gizona haren ataritik atera eta suzko arma batekin mehatxu egin die berariĀ eta bizilagunari. Une horretan, Internet gabe utzi dutela eta konpondu diezaietela eskatu die erasotzaileak mehatxatuei.

Testuinguru hori ikusita, telefonia enpresara deitu duen bizilagunaren etxean babestu dira bi mehatxatuak, eta, behin babestuta, gertatutakoaren berri eman diote SOS Deiak 112 zerbitzuari.

Deia jaso eta berehala agertu da Ertzaintza, baina susmagarriak ez die bere etxean sartzen utzi. Hori dela eta, polizia agenteek etxebizitzaren inguru guztia hesitu behar izan dute, gizona armatuta egon zitekeelakoan. Lau orduko negoziazioaren ostean, 68 urteko susmagarriak bere burua entregatu du goizaldeko 01: 00ak aldera, erresistentziarik jarri gabe.

Etxebizitza barruan aurkitu dute erabili duen arma, eta, Segurtasun Sailaren arabera, epailearen esku geratuko da datozen orduetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.