Bart iluntzean gertatu da, 21:00ak aldera: gizon batek beste bi mehatxatu ditu suzko arma batekin Donostiako Antigua auzoan, eta, hori egin ondoren, bere etxean gotortu da. Bizilagun baten dei baten bitartez joan da Ertzaintza bertara, eta lau ordu behar izan dituzte gizona atxilotzeko.
Antza, telefonia enpresa bateko langile bat da atxilotuak mehatxatutako bi lagunetako bat: bezero baten Internet zerbitzua konpontzera joana zen etxebizitza horretara, eta, bizilagunaren solairura igotzean, beste gizona haren ataritik atera eta suzko arma batekin mehatxu egin die berari eta bizilagunari. Une horretan, Internet gabe utzi dutela eta konpondu diezaietela eskatu die erasotzaileak mehatxatuei.
Testuinguru hori ikusita, telefonia enpresara deitu duen bizilagunaren etxean babestu dira bi mehatxatuak, eta, behin babestuta, gertatutakoaren berri eman diote SOS Deiak 112 zerbitzuari.
Deia jaso eta berehala agertu da Ertzaintza, baina susmagarriak ez die bere etxean sartzen utzi. Hori dela eta, polizia agenteek etxebizitzaren inguru guztia hesitu behar izan dute, gizona armatuta egon zitekeelakoan. Lau orduko negoziazioaren ostean, 68 urteko susmagarriak bere burua entregatu du goizaldeko 01: 00ak aldera, erresistentziarik jarri gabe.
Etxebizitza barruan aurkitu dute erabili duen arma, eta, Segurtasun Sailaren arabera, epailearen esku geratuko da datozen orduetan.