Homofobia

Ekain Perrino: «Konorterik gabe egonda ere ni jipoitzen jarraitu zuten»

Larunbatean Basaurin jipoitu zuten gaztearekin hitz egin du Geuria-k, Hego Uribeko herri komunikabideak. Zerbait ikusi zutenei dei egin die Ertzaintzarengana joan eta salatzeko.

2021eko ekainaren 10a
10:58
Entzun

Ekain Perrino du izena, eta larunbatean 13 lagunen artean jipoitu zuten, «marikoi zikina» oihuen artean. Basaurin (Bizkaia) gertatu zen ezbeharra: Bizkotxalde parkean izan zen, 2:30 inguruan. Perrino bere lagunekin zegoen, festa giroan, eta harmailetatik beherantz joan zenean topatu zen erasotzaileekin: konorterik gabe utzi zuten, eta ospitaleratu egin behar izan zuten. Geuria Hego Uribeko herri komunikabideak elkarrizketatu du, eta, hor esan duenez, «poliki-poliki burua altxatzen» ari da. Gaur 19:00etan erasoa salatzeko manifestazioa egingo dute Basaurin.

Ez du ezer gogoratzen, eta, horregatik, laguntza eskatu die jazoera lazgarri hura ikusi zuten herritar eta adinkideei: «Lurrean nengoen, ez nuen ezer ikusi. Beraz, eskatuko nieke, hemen, harmailetan, zeuden gazte guztiei Ertzaintzarengana joatea eta zer pasatu zen kontatzea». Erasoari buruzko edozein pista baliagarria eta lagungarria izan daitekeela esan du, eta horrelakoak salatu egin behar direla. Halaber, adierazi du beldurra ere baduela: «Beldurra ematen didana da nik ez dakidala haiek zeintzuk diren, baina haiek badakite ni nor naizen. Niregana etor daitezke».

Erasoaren nondik norakoak zabaldu eta berehala egin zuen eztanda albisteak: azken egunotan bolo-bolo ibili da sareetan, eta erasotzaileekiko gaitzespen mezuak eta biktimarekiko babes zein elkartasun mezuak nagusitu dira. Erasotzaileak biktimaren adin berekoak dira: lehenik haietako bat hasi zen hura jipoitzen, eta gero gehitu ziren beste hamabiak. Jarraian, Azbarren auzorantz ihes egin zuten, Perrino konorterik gabe eta lurrean botata utzita. «Konorterik gabe egonda ere ni jipoitzen jarraitu zuten», adierazi du.

«Berriz ere ez gertatzeko»

Hala eta guztiz ere, indartsu agertu da: «Orain hemen nago, zer gertatu den kontatzeko, eta, batez ere, berriz ere ez gertatzeko». LGTBI+ Komunitatearen Nazioarteko Eguna iristear den honetan, gaur egungo jendarteari buruz mintzatu da Perrino: «Gizartea bera aldatu dela uste dut, baina horrelakoak gertatzen direnean ikusten da gehiago aldatu behar dugula». Hain justu ere, horregatik kontatu du larunbat goizaldean egin ziotena, oraindik ere horrelako erasoak gertatzen direla adierazteko, eta erasotzaileak zigorgabe ez gelditzeko. «Ez diogu borrokatzeari utzi behar».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.