Nondik dator argentinarrak itsasontzietatik datozela dioen esaldia?

Alberto Fernandez Argentinako presidentearen adierazpen batek zeresan handia eman du sare sozialetan.

Pedro Sanchez eta Alberto Fernandez, atzo, Buenos Airesen. JUAN IGNACIO RONCORONI, EFE
jon ordonez garmendia
2021eko ekainaren 10a
11:05
Entzun

Eztabaida handia eragin du Alberto Fernandez Argentinako presidenteak atzo Pedro Sanchez Espainiakoari Buenos Airesen egindako harreran esandakoak: «Octavio Pazek behin idatzi zuen mexikarrak indioetatik datozela, brasildarrak oihanetik atera zirela eta argentinarrak itsasontzietan iritsi ginela». XX. mendearen hasieran Hego Amerikara iritsi ziren migratzaileei egin nahi zien aipamena Fernandezek, baina beste zerbaitegatik izan dute oihartzuna: ageri duten arrazakeriagatik eta Octavio Paz Literatura Nobel saridun mexikarrak (1914-1998) ez zuelako horrelakorik inoiz esan. Twitterren berehala zabaldu zen Fernandezek esandakoa Alberto, Octavio Paz eta lotsa nazionala.

«Octavio Paz gajoa, hark ez du errurik», esan du Pablo Avelluto Argentinako Kultura ministro izandakoak. Francisco Sanchez oposizioko diputatuak argitu du zer izan zen Pazek idatzi zuena: «Mexikarrak aztekengandik datoz; perutarrak, inkengandik, eta argentinarrak, itsasontzietatik». Fernandezek ez zuen hori errepikatu, eta indio eta oihan hitzak erabili izanak erabat aldatu dio zentzua Pazek esandakoari.

Fernandezek Pazen ahotan jarri nahi izan duen esaldia Litto Nebbia musikari argentinarraren Llegamos de los barcos (Itsasontzietatik gatoz) kantaren hitzak dira. Nebbia Argentinako rockaren ikurretako bat da, eta Fernandezek berak aitortu izan du haren jarraitzailea eta laguna dela. Hau dio Nebbiaren letrak: Brasildarrak oihanetik datoz; mexikarrak, indioengandik, baina gu, argentinarrok, itsasontzietatik.

Bere hanka sartzeaz jabetuta, Fernandezek barkamena eskatu zuen, baina errurik onartu nahi ez duenaren modura: «Ez nuen inor iraindu nahi izan. Baina, hala ere, inor minduta sentitu bada, barkamena eskatzen diot». Eta argudiatu du: «Berretsi egin da beste behin argentinarrok itsasontzietatik gatozela. XX. mendearen lehen erdian jatorrizko gure herriekin batera bizi izan ziren bost milioi migratzaile iritsi ziren. Gure aniztasuna harro egoteko modukoa da».

Mexikoko presidente Lopez Obradorrek onartu egin du Fernandezen barkamen eskaera. Maximiliano Reyes Zuñiga Mexikoko Latinoamerikarako eta Kariberako Harremanetarako idazkariordeak esan du Latinoamerikako aniztasun etnikoa ezkutatzen duela Fernandezek esandakoak, eta gaineratu du ez dela batere esaldi egokia. «Onartzen dugu barkamen eskaera, eta berretsi egiten dugu gure jatorri indigena», adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.