ustelkeria

Ustelkeriaren aurkako bulegoari bide emateko eskatu dio EH Bilduk Jaurlaritzari

Aurreko legealdian tramiterako onartutako lege proposamena berriro eramango du etziko osoko bilkurara. Indar subiranistak posizioa aldatu izana egotzi die EAJri eta PSE-EEri.

Josu Estarrona legebiltzarkidea. ENDIKA PORTILLO / FOKU
jon olano
2021eko ekainaren 15a
11:55
Entzun

EH Bilduk Jardunbide Egokien eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoa sortzeko lege proposamena eramango du etzi Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurara, tramiterako onar dadin. Eta, jokaleku horretan, Josu Estarrona legebiltzarkideak agerraldi bat egin du gaur goizean, Jaurlaritzari eskatzeko bide eman diezaiola lege proposamen horri: «Gobernuko alderdiek beste aukera bat izango dute jardunbide desegokiei, ustelkeriari, jokamolde ez-etikoei edo sare klientelarrei ezetz esateko, proposamen honi bide emanez eta ez blokeatuz».

2019ko urriaren 3an, Eusko Legebiltzarrak tramiterako onartu zuen ustelkeriaren aurkako bulego bat sortzeko EH Bilduk aurkeztutako lege proposamena. PPk ez beste indar politiko guztiek babestu dute proposamena. 2020ko otsailean, ordea, Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara deitu zuen Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak, eta eten egin zen lege proposamenaren tramitazioa. Iazko irailean, EH Bilduk lau lege proposamen berriro erregistratu zituen, tramitazioa amaitzeko, eta horietako bat izan zen ustelkeriaren aurkako bulegoarena. Indarkeria matxistako kasuetan zaintza partekatua ukatzeaz, euskara doan ikasteko eskubideaz eta Kontuen Epaitegiaren Legea aldatzeaz izan ziren beste hirurak.

Haatik, Estarronak «zalantza handiak» azaldu ditu oraingoan egitasmoak aurrera egiteko aukeren inguruan, Jaurlaritzak legearen aurkako irizpidea eman duelako, EAJk eta PSE-EEk iragan legealdian emandako iritziaren kontrara. «Galdera da: zer aldatu da? Gehiengo absolutua? Orduan De Miguel auzian bete-betean geundela?», itaundu du Estarronak, eta erantsi: «EAJk eta PSE-EEk euren gehiengo absolutua erabil dezakete praktika irregularrak amaitzeko pauso bat emanez, edo alperra pasatu ustelkeria amaitzeko orain arteko interesik eza erakutsiz».

Estarronaren esanetan, aurreko legealdiko testu bera da oraingoa, aldaketa bakarrarekin: salatzailearen anonimotasun mekanismoak indartzea. Horrez gain, beharrezkotzat jo du bulego horren sorrera: EH Bilduko legebiltzarkideak ustelkeriaren aurkako bulego baten beharra aldarrikatu du, «Astetik astera ikusten ari gara Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko fiskalizazio erakundeak, auditoria organoak edota batzorde etikoak inhabilitaturik daudela».

Irizpide aldaketa

2020ko urrian emandako erantzunean, Jaurlaritzak adierazi zuen jada badagoela indarrean «gailu juridiko eta instituzional bat aktibo euskal administrazio publikoetan osotasuna sustatzeko, gardentasuna bultzatzeko eta ustelkeria prebenitu eta hari aurre egiteko». Era berean, azaldu zuen lege proposamena «erakunde sare trinkoaren funtzionamenduaren ebaluaziorik gabe planteatu» dela, «hala badagokio, osotasun publikoaren eremuan prebentzioko, ikerketako, ikuskapeneko, kontroleko eta zehapeneko erakunde publiko berriak sortzeko beharraren inguruko hausnarketarik egin gabe».

2019an testuak aurrera egin zezan, moldatu egin zuten aurrena; jatorrizko proposamenaren arabera, bulegoak Jaurlaritza, diputazioak eta udalak kontrolatzeko gaitasuna izan behar zuen, baina, moldatu eta gero, bulego horren eskumenen artean ez da egongo Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak aztertzea, diputazioen eskumenak ez urratzeko. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalak eta erakunde publiko autonomikoak geldituko dira bulegoaren kontrolpean, legea onartuz gero.

Izan ere, diputazioek Euskal Autonomia Erkidegoko Ebazpen Batzordera jo zuten, argudiatuta bitarteko propioak dituztela ustelkeriari aurre egiteko. Batzorde horrek uztailean erantzun zuen proposamenaren 53 artikuluetatik zazpi moldatu behar zirela, aldundien eskumenak errespeta zitezen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.