Albistea entzun

Euskara

«Etorkizunean azterketak euskaraz pasatzeko bidea irekitzen lagundu nahi dugu»

Desobedientzia ekintza bat egin dute Bernat Etxepare lizeoko ikasle andanak: euskaraz erantzun dute baxoko filosofia azterketa, euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzeko. Badakite horrela haien kopiak ez dituztela zuzenduko, baina etorkizuneko ikasleentzat baliagarri izanen dela espero dute.

Bernat Etxepare lizeoko ikasleak, gaur eguerdian, Baionan
Bernat Etxepare lizeoko ikasleak, gaur eguerdian, Baionan Bob Edme Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2021eko ekainak 17

Euskaraz ikasteko eskubidearen aldeko ekintza bat egin du Bernat Etxepare lizeoko ikasle talde batek. Euskaraz erantzun diote, gaur goizean, baxoko filosofia azterketari, horrek izanen dituen ondorioak asumituta. «Badakigu, gure kopiak ez dituztela zuzenduko. Egitasmo honekin, etorkizunean azterketak euskaraz pasatzeko bidea irekitzen lagundu nahi dugu», adierazi dute prentsaurrekoan. Maiatzaren 21ean protesta egin zuten Baionako suprefetura aitzinean, eta uztailaren 1ean Donapaleun (Nafarroa Behera) mobilizatzera deitu dute.

Seaskako ikasleen aspaldiko aldarrikapena da azterketak euskaraz pasatu ahal izatea. Ikasketa guziak euskaraz egin arren, historikoki, baxoko Historia-Geografiako proba baizik ez dute euskaraz erantzuteko parada izan. 2016an Matematikako proba ere euskaraz pasatzeko aukera eman zien Frantziako Hezkuntza ministerioak. Baina, lizeoetako erreformaren ondorioz, azterketak pasatzeko modua aldatu zuten, kontrol jarraikiari pisu handiagoa emanez. Urte bukaeran egin beharreko azterketa batzuk atxiki dituzte, hala ere; horien artean Filosofiakoa. Ikasturtean zehar euskaraz ikasi arren, frantsesez pasatu behar dute osoki.

Horregatik, ikasle talde batek desobedientziara pasatzea erabaki du: euskaraz ikasteko nahia azaldu dute haien kopietan, frantsesez, eta euskaraz egin dute azterketa osoa. «Arazoa ez da frantsesez dugun gaitasuna, azterketako notek argiki frogatzen baitute gainerateko lizeoetako ikasleen pare ibiltzen garela. Euskaraz ikasteko eskubidean datza auzia», esplikatu dute prentsaurrekoan. «Baxoa frantsesez pasatzeko urtean zehar hainbat gai frantsesez landu behar ditugu, euskaraz ikasteko egin dugun hautua oztopatuz».

Frantziaren jarrera salatu dute ikasleek: «Frantziako Estatu zentralistak, berak heriotzera kondenatu zituen hizkuntza gutxituen irakaskuntza oztopatu nahi du. Molac legea zentsuratu zuten gobernuaren ekimenez, euskarazko irakaskuntza antikonstituzionaltzat joz». Baxoa euskaraz pasatzeko «debekua», bide beretik doa ikasleen iritziz. «Ikastolak zuen baimenik gabe eraiki ziren, ehunka euskaltzaleren lan eta borrokari esker. Ez dugu zuen baimenik eskatuko eskubide berriak lortzeko. Azterketak euskaraz nahi ditugu, eta euskarazko irakaskuntza zabaltzea nahi dugu, bide honetan borrokan segituko dugu. Maiatzaren 29an argi ikusi zen gisan, Ipar Euskal Herriko jendartearen gehiengo baten nahia da hau».

Bernat Etxepare lizeoko ikasleen desobedientzia ekintza ez da azken asteetan euskaraz ikasteko eskubidearen alde egin den protesta bakarra. Seaskako kolegioetako guraso, irakasle eta ikasleak ere mobilizatu dira brebetaren azterketa euskaraz egiteko eskubidearen alde, eta kologioetako eta lizeoetako irakasle talde batek jakinarazi du azterketetako kopiak zuzentzeari uko eginen ziola azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea bermatzen ez bazen.

Idauze Mendin okupazioa

Gaur goizean Idauze Mendiko (Zuberoa) eskola okupatu du guraso talde batek, heldu den ikasturtean euskarazko irakaskuntza elebakarraren esperimentazio proiektua abiatzeko. Azken urteetan gisa bereko esperimentazio andana abiatu dituzte Ipar Euskal Herriko eskola publiko eta pribatu katolikoetan, baina horiek martxan jartzea oztopatu izan du administrazioak behin baino gehiagotan. Berriki, murgiltze eredua Frantziako Hezkuntza Kodean sartzea aurreikusten zuen hizkuntza gutxituen aldeko legea zentsuratu du Frantziako Konstituzio Kontseiluak, eta atzo zehaztu zuen hezkuntza publikoari dagokiola erabakia. Gurasoekin batera, Zuberoako hautetsi batzuk ere ari dira Idauze Mendiko okupazioan parte hartzen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Proiektua eta kablea, biak doaz ezkutuan

Proiektua eta kablea, biak doaz ezkutuan

Ibai Maruri Bilbao - Bizkaiko Hitza

Gatika eta Frantziako Cubnezais arteko itsaspeko goi tentsioko argindar kableak aurki jasoko ditu baimenak. Haren aurkako mugimendua sortu da Mungialdean, eragingo dituen kalteak eta ordezkatzen duen eredua salatzeko.

Euskaltzaleen Topaguneko kideak, Hendaian. ©

Amonarriz: «Guretzat, aurtengo biltzarra historikoa izan da»

Iñaki Etxeleku - Ipar Euskal Herriko Hitza

Artetxea, Biltxoko, Mintza Lasai, Ote Lore eta Zabalik elkarteak Topaguneko bazkide egin dira. Euskara elkarteen saretzea eta erabilera bultzatzea azpimarratu dute helburu gisa.

Nafarroako zahar etxeetako langileak, atzo, Iruñean, protestan. ©VILLAR LOPEZ / EFE

Egoitzen kudeaketa salatu dute langileek eta senideek

Edurne Begiristain

Nafarroan greba egin dute ELAk, CCOOk, LABek eta UGTk deituta, lan ituna lortzeko. Gasteizen, Babestu Arabak zaintza eredu berri bat eskatu du

Iraitz Lazkano erakunde publikoetako eta euskalgintzako ordezkariak atzean dituela, atzo, Seguran. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Euskara aireratu dute Seguran

Irati Urdalleta Lete

Uemak antolatuta, Udalerri Euskaldunen Eguna egin dute Seguran. Uemako lehendakari Iraitz Lazkanok udalerri euskaldun guztiak Uemaren parte izatera animatu ditu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...