Zinema

Hego Koreako zinemaren urrezko aroari eskainiko dio atzera begirakoa Donostiako 69. Zinemaldiak

1950 eta 1960ko hamarkadetan ekoitzitako hamar film emango dituzte. Zinemaldia irailaren 17tik 25era egingo da.

Shin Sang-Ok zinemagilearen 'The Flower in Hell' (1958) filmaren fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
aitor biain
2021eko ekainaren 18a
11:59
Entzun

Donostiako Zinemaldiak eta Espainiako Zinematekak, Euskadiko Filmategiarekin eta Koreako Kultur Zentroarekin lankidetzan, Hego Koreako zinemaren «urrezko aroari» buruzko atzera begirako zikloa antolatuko dute aurtengo ekitaldirako. Loreak infernuan. Koreako zinemaren urrezko aroa izeneko zikloan 1950 eta 1960ko hamarkadetan Hego Korean ekoitzitako hamar film emango dituzte. Film horien inguruko xehetasunak jasotzen dituen liburu monografiko bat ere argitaratuko dute.

Zikloa iaz ziren egitekoa, baina pandemiak hankazgora jarri zituen jaialdiaren asmo guztiak; egitaraua moldatu behar izan zuten, eta zikloa bertan behera geratu zen. Aurten berreskuratu nahi izan dute antolatzaileek. Donostiako Zinemaldia irailaren 17tik 25era egingo da.

Izan ere, Hego Koreako zinema erreferente bilakatu da gaur egungo zinemagintzan; nazioarteko jaialdi guztietan erakusten dute, baina antoltzaileen esanetan, zinemagintza hura «ezezagun samarra» da oraino Mendebaldeko herrialdeetan. «90eko hamarkadatik aurrera ekoitzitako tituluak baino ez ditugu ezagutzen normalean».

Donostiako Zinemaldiaren zikloak, bada, Hego Koreako zinemagintzaren «urrezko aroari» begiratuko dio, hau da, 1950 eta 1960ko hamarkadetan ekoitzitako filmak gogoratuko ditu. Garai hartan, industria zinematografiko bat garatu baitzen herrialdean, publikoak eskatzen zuen herri zinema ekoizteko gai izan zena, eta Koreako bi herrialdeek izan zuten gerraren osteko egoera ekonomiko estuari eta Park Chung-heeren diktadura militarrak ezarritako kontrolari aurre egin ziona.

Zikloak bi helburu izango ditu: batetik, Hego Koreako zinema klasikoaren ordezkari garrantzitsuentzat jo daitezkeen zinemagileak aldarrikatzea; eta, bestetik, garai hartako genero ohikoenen panorama bat marraztea.

Zikloa osatzen duten filmen artean, garai hartako entzutetsuenetako batzuk izango dira: The Housemaid (1960) Kim Ki-young-ena, Hego Koreako zinemaren historiako maisulantzat hartua dena, eta Hego Koreako gerraosteko bizimoduaren kronika gogor eta errealista diren The Flower in Hell (1958) eta Aimless Bullet (1961); eta Homebound (1967), Mist (1967) eta A Day Off (1968) melodrama klasikoak.

Beste genero batzuetako filmak ere izango dira, hala nola Black Hair (1964) film noir-a, The Devil’s Stairway (1964) thrillerra edota The Barefooted Young (1964) gazteentzako zinema ordezkatzen duena. Farewell Duman River (1962), bestalde, genero autoktono baten adierazgarri da: mantxuriar westernaren adierazgarri, hain zuzen. Ameriketako westernean inspiratutako baina Mantxurian kokatutako abenturazko pelikulak ziren genero horretakoak.

Hego Koreako kultur festibala
Zinemaldia abiatu baino egun batzuk lehenago, Hego Koreako Kultur Festibala egingo dute Donostian. Besteak beste, ikuskizunak, kontzertuak, erakusketak, ipuin kontalariak eta jardunaldi gastronomikoak egongo dira. Irailaren 10ean hasi eta 30era bitarte iraungo du. Koreako Kultur Zentroak eta Donostiako Udalak elkarlanean antolatu dute ekimena, eta helburua da herrialdearen kultura ezagutaraztea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.