Albistea entzun

EH Bai bigarren itzulian izanen da zazpi kantonamendutan

Ezkerreko abertzaleak lehen indarra izan dira Hendaiako kantonamenduan: bozen %29,3 lortu ditu Annie Poveda eta Iker Elizalderen hautagaitzak. Zentro-eskuinak lortu ditu emaitzarik onenak Ipar Euskal Herrian.

EH Baiko Anita Lopepe Ainhize-Monjolosen (Nafarroa Beherea) bozkatzen, gaur.
EH Baiko Anita Lopepe Ainhize-Monjolosen (Nafarroa Beherea) bozkatzen, gaur. GuillaumeFauveau Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki - Paulo Ostolaza -

2021eko ekainak 20 09:05

Ezkerreko abertzaleak bigarren itzuliko lehian izanen dira Ipar Euskal Herriko hamabi kantonamenduetatik zazpitan. Hendaiako (Lapurdi) kantonamenduan lortu dute emaitzarik deigarriena. Euskal Irratiekin elkarlanean lortutako lehen emaitzen arabera, EH Bai izan da lehen indarra, eta bozen %29,3 lortu ditu Annie Poveda eta Iker Elizalderen hautagaitzak. Beste sei kantonamendutan ere bigarren itzuliko lehian izanen da EH Bai: Donibane Lohizunen (Lapurdi), Bidaxune-Amikuze-Oztibarren (Nafarroa Beherea), Uztaritze-Errobi-Urdazurin, Errobi-Aturrin (Lapurdi), Baigura-Mondarrainen (Nafarroa Beherea) eta Mendialdean (Nafarroa Beherea-Zuberoa). «EH Baik lortutako emaitza hauek azken urteetako lanari esker dira, eta azken herriko bozetan abertzaleek lortutako emaitzarik onen segida. Urratsez urrats eta urtez urte, abertzaleek sustengatzen dituzten ideiek gero eta sustengu gehiago lortzen dute jendartean», adierazi dute agiri batean.

Duela sei urte, bost kantonamendutan igaro ziren abertzaleak bigarren itzulira. Hemen kontsultatu daitezke aurtengo eta 2015eko emaitza guztiak.

Abstentzioa izan da lehen itzuliko emaitzarik deigarrienetakoa. Parte hartze biziki apala izan da orokorrean; eta kantonamendu gehienetan %60tik gorako abstentzioa izan da. 2015eko bozetan baino hautesle gutxiago mobilizatu dira aurten.

Baionako hiru kantonamenduetan zentro-eskuina izan da nagusi lehen itzulian. Baiona 1 kantonamenduan bozen %51,36 lortu dituzte Claude Olive Errepublikanoetako kide eta Angeluko (Lapurdi) auzapezak eta Sylvie Meyzencek. Gibeletik izan dituzte Generationek eta EELVk babestutako Bernard Marti eta Elise Wilbios (%21,67). Abstentzioa %63,78koa izan da. Baiona 2-n Joseba Erremundegi eta Monia Evene-Mateo zentro-eskuineko hautagaiek irabazi dute lehen lekua, bozen %28,82 lortuta; bigarrenak alderdi sozialistako Christophe Martin eta Juliette Brocard izan dira (%23,34). Abstentzioa %69,02koa izan da. Baiona 3-n Christine Lauque eta Olivier Alleman nagusitu dira (%31,19), eta haien gibeletik heldu dira Florence Duphreuil eta Henri Etxeto alderdi sozialistako hautagaiak (%26,35). Hautesleen %65,4k ez dute parte hartu.

Zentro-eskuina nagusi

Donibane Lohizunen bozen %48,6 lortu dituzte Emmanuel Alzuri eta Patricia Arribas-Olano zentro-eskuineko hautagaiek, eta bigarren gelditu da EH Baiko bikotea: bozen %39,62 lortu dituzte Peio Etxeberri-Aintxart eta Leire Larrasak. Miarritzen, bozen %32,08 lortuta lehen lekua eskuratu dute Max Brisson eta Martine Valls Errepublikanoetako hautagaiek. Horien gibeletik heldu dira Mathieu Castaings eta Ana Ezkurra (%18,79) Generation eta EELVk babestutako hautagaiak.

Bidaxune-Amikuze-Oztibarren, Jean Jacques Lasserre Modem alderdiko hautagaia eta Pirinio Atlantikoetako gaur egungo presidentea gailendu da, bozen %51,9 eskuratuta. Xabi Larralde eta Emilie Dubois EH Baiko hautagaiak izan dira bigarren (%24,54). Mendialdean Pepela Mirande eta Annick Trounday Idiart zentro-eskuineko hautagaiek bozen %51,95 lortu dituzte, eta EH Baiko Anita Lopepe eta François Camusek, %36,92.

54 hautetsi ditu Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseiluak; 27 kantonamenduetatik bina ordezkarik lortzen dute eserlekua. Gaur egun, zentro-eskuineko koalizioak du gehiengoa, eta Modem alderdiko Jean Jacques Lasserre da presidentea, 2015etik. Presidentetzarako hautagai gisa aurkeztu da aurten ere.

Eskualdeko bozen lehen itzulian, berriz, Alain Rousset sozialista nagusitu da, nola Akitania Berrian, hala Ipar Euskal Herrian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Presoen aldeko mobilizazio bat, uztailaren 3an, Iruñean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Lau preso Euskal Herriratuko dituzte, eta beste bat hurbilduko dute

Gotzon Hermosilla

Foro Sozialaren ustez, iragarpenek erakusten dute «espetxe politikaren normalizazioaren bigarren faseari bete-betean» ekin zaiola

Maixabel Lasa, Juan Mari Jauregiten hilketaren 21. urteurrenean

Estatu krimenen ikerketa ez oztopatzeko eskatu dio Maixabel Lasak PSOEri

Edu Lartzanguren

ETAk hildako Juan Mari Jauregi oroitzeko ekitaldia egin dute Legorretan, hilketaren 21. urteurrenean. Jauregik «beti giza eskubideen alde» egin zuela adierazi du haren alargunak.

Alfonso Etxeberria ©Iñigo Uriz / Foku

Alfonso Etxebarria Eguesibarko alkate ohiak politika utzi du

Joxerra Senar

Nafarroako Auzitegi Nagusiko bigarren salak UPNko zinegotzi baten ordenagailuan sartu zela frogatutzat eman du,  eta Etxeberriak ez du epaia errekurrituko. Geroa Baiko zinegotzi izateari utziko dio.

Presoen aldeko agerraldia, uztailaren 27an, Donostian. ©Andoni Canellada / Foku

Lau preso Euskal Herriratuko dituzte, eta beste bat hurbilduko dute

Gotzon Hermosilla

Foro Sozial Iraunkorrak uste du mugimendu hauekin «espetxe politikaren normalizazioaren bigarren faseari» ekin diotela

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna