Hamahiru bertsolari sailkatu dira Nafarroako Bertsolari Txapelketarako aurrekanporaketan

Urrian abiatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Asteburuan jokatu diren aurrekanporaketa saioetan sailkatutako hamahiru bertsolariek parte hartuko dute, 2019ko txapelketan parte hartu izanagatik sailkatuak zeuden beste 11 bertsolarirekin batera.

Garesko aurrekanporaketa saioko une bat. NAFARROAKO BERTSOZALE ELKARTEA
Ane Eslava.
2021eko ekainaren 21a
15:55
Entzun

Urriaren 2an abiatuko da 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa, eta finala azaroaren 27an jokatuko da. Asteburuan aurrekanporaketa fasea jokatu da, hiru saiotan: ostiralean Igantzin jokatu zen; larunbatean, Garesen, eta atzo, igandea, Iruritan.

Hemezortzi bertsolarik parte hartu dute guztira aurrekanporaketan, 2019ko txapelketan parte hartu gabekoak eta azken txapelketa horretako azken lau sailkatuak. Horietatik hamahiruk eskuratu dute txapelketan parte hartzeko sarbidea. Haiekin batera, beste 11 bertsolari ere arituko dira txapelketan, dagoeneko sailkatuta daudenak, 2019koan parte hartu izanagatik.

Zehazki, aurrekanporaketako hiru saioetako bakoitzean irabazitakoak eta sailkapenaren araberako beste hamar bertsolari izan dira sailkatutakoak. Igantziko saioan, ostiralean, Endika Legarra Nuinek irabazi zuen, 246,5 punturekin, eta harekin batera sailkatu ziren Aitor Irastortza Arrizurieta (230,5 puntu), Idoia Granizo Uribarrena (227), Urko Gartzia Aleman (219,5) eta Sahats Aleman Sadaba (210,5). Seigarren tokian gelditu zen Etxahun Azkarraga Fernandez, 179 punturekin, eta ez zen sailkatu.

Garesko saioan, larunbatean, Patxi Castillo Graciarena nagusitu zen, 245,5 punturekin, eta, hark ez ezik, txapelketarako sarbidea lortu zuten Erika Lagoma Pombarrek, 242,5 punturekin, eta Mikel Lasarte Ciak, 238,5ekin. Laugarren, bosgarren eta seigarren tokietan eta sailkapenetik kanpo gelditu ziren Ainara Ieregi Aramburu (208,5 puntu), Mintxo Astiz Goñi (201,5) eta Jabi Lezaun Landa (179,5).

Azkenik, atzo, Iruritan, Xabier Silveira Etxeberria gailendu zen, 279,5 punturekin, eta harekin batera sailkatu ziren Ekhiñe Zapiain Arlegi (259 puntu), Ekain Alegre Gil (255), Egoitz Gorosterrazu Elizagoien (244) eta Oier Lakuntza Irigoien (222). Seigarren eta sailkapenetik kanpo gelditu zen Aitor Almandoz Elizalde, 203,5 punturekin.

Ondorioz, hau da asteburuan sailkatutakoen zerrenda: Endika Legarra Nuin, Aitor Irastortza Arrizurieta, Idoia Granizo Uribarrena, Urko Gartzia Aleman, Sahats Aleman Sadaba, Patxi Castillo Graciarena, Erika Lagoma Pombar, Mikel Lasarte Cia, Xabier Silveira Etxeberria, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Ekain Alegre Gil, Egoitz Gorosterrazu Elizagoien eta Oier Lakuntza Irigoien.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.