Euskal Presoak

Bizikleta martxa egingo du Sarek uztailaren 22tik 24ra

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa gurutzatuko ditu Sareren laugarren martxak. Martxaren aldarri nagusia presoak etxeratzeko bidean pedalkadaz pedalkada kilometroak batzea izango da. 

Iazko bizikleta martxa, Hernanin (Gipuzkoa). JON URBE, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko ekainaren 22a
11:53
Entzun 00:00:00 00:00:00

Laugarrenez, presoak Euskal Herrira ekarri ditzaten eskatzeko bizikleta martxa bat egingo du Sarek. Gaur goizean aurkeztu dute aurtengo bizikleta martxa Joseba Azkarraga eta Inaxio Oiartzabal Sareko eledunek. Uztailaren 22an, 23an eta 24an egingo dute martxa, eta Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa zeharkatuko ditu. Martxaren aldarri nagusia presoak etxeratzeko bidean pedalkadaz pedalkada kilometroak batzea izango da.

Koronabirusaren ondorioz, iaz bezala, hiru etapa berezitu izango ditu aurtengo martxak. Lehenengo egunean, uztailaren 22an, Garestik (Nafarroa) Oionerako (Araba) bide eginen dute 82 kilometroan. Bigarren egunean, uztailaren 23an, Bizkaian barrena ibiliko dira: Sopelatik Mundakara, denera 43 kilometro eginda. Azken egunean, berriz, Gipuzkoako kostaldean ibiliko dira: Zumaian hasi eta Donostian bukatuko da martxa, tartean Gipuzkoako hiriburua gurutzatuta. Azken martxa horrek 69 kilometro izango ditu. Dagoeneko eman daiteke izena http://sare.eus/bizikleta-itzulia/ webgunean.

Urruntzeak amaitzeko beharra

Aurtengo bizikleta itzulia, Ibilian-Ibilian Etxerako Bidean udako kanpainaren barruan kokatu du Sarek. Hain justu, aurten izan diren aldaketa esanguratsuak oinarri hartuta, bere estrategia «etxerako bidea» gauzatzean kokatuko duela azaldu zuen mugimenduak duela gutxi. Bide horretan, Sarek nabarmendu du «positiboak» direla orain arte egindako urratsak, baina nabarmendu du urruntze politika euskal preso guztiak Euskal Herrian izatean soilik amaituko dela.Bi arrazoi nabarmendu dituzte: Espetxe legediak hala adierazten duela, eta Eusko Jaurlaritzak espetxe eskumenak eskuratu ostean iragarritako espetxe politika berria euskal preso guztiei ezarri behar diela, inolako salbuespenik egin gabe.

Estrategia horren helburua da, Sareren hitzetan, urruntze politikarekin guztiz amaitzea, gradu progresioa era normalizatuan gauzatzea ahalbidetzea, eta, legedia arrunta aplikatuta, euskal presoak dagokien etxerako bidea hartu dezaten urratsak egitea. «Elkarbizitza erdigunean ezarriko duen etapa berri bat hasteko unea iritsi da. Horretarako baldintzak daude, eta, guztion ahaleginez, inor atzean utzi gabe, baldintza horiek baliatu behar ditugu, etapa luze-zahar hau atzean utzi eta berri bati bide emateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.