Katalunia

«Ez dago indulturik Kataluniako herria isilaraziko duenik»

Kalean daude Kataluniako buruzagi independentistak. Argi utzi dute kartzelan sartzean zituzten ideia berberekin atera direla kalera, eta independentziaren alde lanean jarraituko dutela.

Preso zeuden buruzagiak, Lledonerseko espetxetik ateratzen. QUIQUE GARCIA, EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko ekainaren 23a
11:49
Entzun

Irten dira kalera preso zeuden Kataluniako buruzagi independentistak. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak astelehenean iragarri zuen indultuak emango zizkiela; atzo onartu zuen neurria Ministro Kontseiluak, eta gaur argitaratu dute Estatuko Aldizkari Ofizialean. Buruzagiak espetxeratuta zeuden Lledonersko, Puig de les Bassesko eta Wad Rasko kartzelek goizeko 10:30ak aldera jaso dute haiek aske uzteko agindua. Bideoa: irteten hasi diren unea, eta Forcadellen lehenengo hitzak (Vilaweb-BerriaTB).

[YouTube]https://youtu.be/Gvz0czVQZo0[/YouTube]

Kalera irtendakoan, amnistia eta independentzia eskatzen zituzten oihuen artean jaso dituzte espetxe inguruan zeudenek. Lledonersen zeuden presoak freedom for Catalonia (askatasuna Kataluniarentzat) zioen bandera batekin eta estelada batekin irten dira, eta espetxe kanpoan besarkadak eta poza izan dira nagusi. Han zen, beste buruzagi batzuek artean, Pere Aragones Kataluniako presidentea.

Espetxe kanpoko oholtzan hitz egiten lehena Jordi Cuixart izan da. Kataluniarrek egin dutenaz harro egon behar dutela adierazi du, eta hasi bezain pronto izan ditu gogoan erbesteratutako politikariak. Azpimarratu du gaurkoa ez dela euren ideiei uko egiteko egun bat, «haiek sendotzekoa baizik»: «Ez dago indulturik Kataluniako herria isilaraziko duenik».

Haren iritziz, Madrilek indultua eman die ezin izan diolako Europak eta kataluniarrek egindako presioari eutsi: «Errepresioak ez gaitu garaitu», adierazi du.

Oholtzan hurrengoa Jordi Sanchez izan da: «Gertatu den guztia eta gero, denok batera atera gara espetxetik, harro, duin eta herri honentzat askatasuna lortzera». Eskerrak eman dizkie egunero babesa erakutsi dietenei, eta etorkizunaz ere hitz egin du: «Europako Giza Eskubideen Auzitegiak zigortuko egingo du Espainia, ziur gaude», esan du.

Jarraian hitz egin dute Joaquim Fornek, Josep Rullek, Jordi Turullek eta Raul Romevak, eta esker hitzetan egin dute azpimarra: babestu dituztenei eta «Kataluniako herriari» zuzendu dizkiote gehienak. Argi utzi dute kartzelan sartzean zituzten ideia berberekin atera direla kalera, eta independentziaren alde lanean jarraituko dutela.

«Gaur ez da ezer amaitu»

Hitza hartzen azkena Oriol Junqueras ERCko presidentea izan da. Hark ere esan du eurak kalera irtetearekin ez dela ezer amaitzen: «Lanean jarraituko dugu errepresioa jasaten ari direnen eta askatasunaren alde» azpimarratu du. Esan du espetxeak ez dituela izutu, ideiak indartu dizkiela, eta «herriak inoiz baino gehiago behar» dituela. Lledonersen elkartutako guztien artean Els Segadors abesten amaitu dute ekitaldia.

Guztien artean kalera irteten lehena, berriz, Carme Forcadell izan da. Haren iritziz, «poza ez da erabatekoa», baina gaurkoa «garaipen bat da, pauso bat independentziaren bidean»: «Amnistia izan, errepresioa amaitu eta erbesteratuak itzuli arte borrokan jarraituko dugu», gehitu du.

Puig de les Basses espetxeratuta zegoen Dolors Bassa, eta hark ere hitz egin du kalera atera bezain pronto. Forcadellen ildo beretik, esan du indultuena lehen pausoa dela, eta gogoan izan ditu «erbesteratuak eta errepresioa jasaten dutenak». Dena den, gaurkoa egun historikoa dela azpimarratu du, eta independentziaren alde lanean jarraitzeko deia egin du: «Gure ideiak lehengo berberak dira», amaitu du.

Indultu partzialak

Indultuak partzialak dira, gaur kartzelatik irten diren arren ezarri zitzaizkien inhabilitazio zigorrak bete beharko dituztelako. Erabakia argudiatzeko, neurriaren «erabilera publikoa» nabarmendu zuen atzo Sanchezek, elkarrizketa etapa berri baterako lehen pausoa izango delakoan. «Orria pasatzeko eta inoiz utzi behar ez zen bidera itzultzeko garaia da», azaldu zuen, elkarrizketa beharrari erreferentzia eginez. Alderdi independentistek, ordea, argi utzi dizkiote negoziazio posibleetarako dituzten helburuak: amnistia eta beste erreferendum bat.

Presidenteak berak eman zituen indultuen inguruko xehetasunak, eta azaldu zuen ezen, diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik eta sedizio delituengatik ezarritako espetxe zigorrak etengo zaizkien arren, inhabilitazio zigorrak bete beharko dituztela bederatzi buru independentistek. Gainera, Espainiako Gobernuaren erabakia atzera botatzeko aukera dago. Hala egingo litzateke presoek hiru eta sei urte arteko epean delitu larriren bat egingo balute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.