ESTATUS POLITIKOA

Otegi: «Eztabaida burujabe bat nahi dugu; ez zer den posible»

EH Bilduko koordinatzaileak esan du EH Bildu ez dela mugitu estatus berriaren inguruko eztabaidan, eta galdeketa gaitzaile bat egiteko beharra nabarmendu du.

Arnaldo Otegi, gaurko agerraldian. EH BILDU
jon olano
2021eko ekainaren 28a
16:45
Entzun

Estatus politikoaren inguruan «eztabaida burujabe bat» egin nahi du EH Bilduk, «Euskal Herriak XXI. mendean dituen erronkei aurre egiteko behar dituen tresnen inguruan» hitz egiteko. Elkarrizketa horrek, gainera, «nazionala» eta «parte hartzailea» izan beharko luke, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailearen hitzetan.

Otegik agerraldi bat egin du gaur goizean, Ipar Euskal Herriko departamendu bozen balorazioa egin eta estatus politikoaren inguruko eztabaidaz hitz egiteko. Haren iritziz, «ez da kasualitatea momentu honetan agendaren zentroan lurralde bertebrazioa egotea Espainiako Estatuan», eta gaineratu du EH Bilduk «eztabaida horri ongietorria» ematen diola: «Aspaldi esaten ari gara badela arazo bat, eta hipoteka bat 1978ko erregimenetik datorrena».

Haatik, azaldu du eztabaida hori nolakoa izatea nahi duen: «EH Bilduk eztabaida burujabe bat egin nahi du: jakina da Euskal Herria ez dela estatu burujabe bat, baina euskal herritarrok burujabe gara eztabaidak egiteko bederen». Otegiren hitzetan, hitz egin beharrekoa da «Euskal Herriak zer tresna behar dituen XXI. mendean dituen erronkei aurre egiteko»: «Ez zer den posible, baizik eta zer behar dugun herritarrak babesteko eta haiei segurtasuna, berdintasuna eta askatasuna emateko».

Era berean, EH Bilduk «ikuspegi nazional batetik» egin nahi du eztabaida, «eremu bakoitzaren ezaugarri eta eremu propioak errespetatuz», eta gogoeta hori «parte hartzailea» izatea nahi du: «Guztiekin egin nahi dugu: alderdi, sindikatu, unibertsitate, kirol federazio guztiekin, mugimendu feministarekin, gazte mugimenduarekin. Guk herri eztabaida bat piztu nahi dugu proiektu nazional herritar baten inguruan».

Beste puntu bat ere erantsi du Otegik: «Parte hartzea bermatu behar da herriak duelako hitza eta erabakia. Madrilera ezer negoziatzera joan aurretik, guk proposatzen dugu eraiki dugun proposamen hori jendeak babestea kontsulta baten bidez». Galdeketa gaitzaile hori egiteko aukera jasoa dago Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak estatus berrirako adostutako oinarri eta printzipioetan.

«Gu ez gara mugitu»

Otegik ez du EAJ aipatu, baina hari zuzendu zaio. Izan ere, azken egunetan, EAJko zuzendaritzako kideek egunero hitz egin dute gaiaz. Esaterako, atzo El Diario Vasco-k argitaratutako elkarrizketa batean, Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko lehendakariak esan zuen EH Bildu «iraganera» itzultzen saiatzen ari dela erreferentziatzat hartzen duenean EAJk, EH Bilduk eta atal batean Elkarrekin Podemosek oinarri eta printzipioen inguruan lortutako akordioa.

Otegik, ordea, erantzun du EH Bilduk «zegoen tokian» segitzen duela: «Non gaude? Egin genuen akordioan: printzipio eta oinarrien akordioan. Gu ez gara mugitu; beste batzuk mugitu dira, eta beste horiek esan zuten, adituen batzordearen ondoren, beste mota bateko akordioa zutela PSE-EE eta Elkarrekin Podemosekin». Gaineratu du indar subiranista prest dagoela «mundu guztiarekin hitz egiteko eta adosteko».

Ipar Euskal Herriko departamendu hauteskundeen inguruan, «historikotzat» jo du EH Bairen emaitza, eta Europako joerekin lotu du: «Historiaren haizea alde daukagu, arrazoi sakon eta sinple batengatik: jendarteak komunitate sentimenduak ditu, eta komunitatean babesa jaso behar du. Momentu honetan, hainbat herritan, babes hori komunitate nazional batean eta ezkerrean kokatzen du. Horrek esan nahi du arazoei aurre egiteko jendeak gertutasunetik egiten diela aurre».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.