Euskal presoak

Foro Sozialak uste du «adostasun nahikoa» dagoela urrats gehiago egiteko

Presoak gizarteratzeko prozesuaren bigarren faserako zenbait helburu ezarri dituzte

Foro Sozialeko Agus Hernan, berbetan, gaurko agerraldian. MONIKA DEL VALLE / FOKU
gotzon hermosilla
2021eko ekainaren 29a
16:52
Entzun

Foro Sozial Iraunkorrak uste du espetxe politikaren aldaketaren lehen fasea gauzatzen ari dela, oraindik helburu guztiak bete ez diren arren, eta hasi da begirada bigarren fasean jartzen. Lortu beharreko helburuak finkatu ditu: motibazio politikoko euskal preso guztiak Euskal Herrian egotea, euren eskubide guztien jabe, hirugarren gradura pasatzeko eskubidea edo zigor gehigarririk ez betetzekoa barne, eta «bizikidetza demokratikoa eraikitzeko lanean» parte hartzen. Bigarren fase horri ekiteko «adostasun nahikoa» badagoela uste dute.

Orain dela urtebete inguru ekin zion Espainiako Gobernuak espetxe politika aldatzeari. Tarte horretan euskal preso ugari lekualdatu dituzte: batzuk Euskal Herriko espetxeetara ekarri dituzte, eta beste batzuk Euskal Herritik gertuago dauden kartzela batzuetara eraman dituzte. Foro Sozialeko eledun Agus Hernanek esan duenez, gaur egun lau preso gelditzen dira Puerto 3 espetxean, lekualdatzearen zain; horiek dira Euskal Herritik urrunen daudenak, eta behin lekualdatuz gero, prozesuaren lehen fasea amaitutzat jo ahal izango da.

Lehen fase horrek «salbuespeneko espetxe politikaren neurririk ankerrenak gainditzea» ekarriko luke, Nekane Altzelaik azaldu duenez: urruntzea, sakabanatzea, bakartzea eta presoak sistematikoki lehen graduan sailkatzea iraganeko kontuak izango dira lehen fasea bukatutakoan. Horrek ez du esan nahi helburu guztiak bete direnik: preso asko ez dituzte Euskal Herrira ekarri, inguruko espetxeetara baizik, eta bigarren graduan atxikitzen dituzte. Foro Sozialak, hala ere, ontzat ematen du egoera hori «aldi baterako etapa» dela ulertuta, eta uste du «abiapuntu egokia» dela urrats gehiago egiteko.

Foro Sozialak helburu batzuk finkatu ditu bigarren faserako: egungo egoera trantsitorioa gainditu eta motibazio politikoko preso guztiak Euskal Herriko espetxeetara ekartzea, hirugarren graduan sailkatzea horretarako baldintzak betetzen dituztenak, baimen arruntak ematea, eta, finean, gizarteratze plan bat zehaztea, presoek euren banakako ibilbidean egiten dituzten urratsek ondorioak izango dituztela ziurtatzeko. Foro Sozialak egindako kalkuluen arabera, 119 presok baldintzak betetzen dituzte hirugarren gradua eskuratzeko, eta 34k irteteko baimen arruntak eskura ditzakete.

Beste bi helburu ere ezarri ditu Foro Sozialak: Frantziako kartzeletan betetako espetxe urteak aintzat hartzea zigorrak ez biderkatzeko, eta 7/2003 Legearen ondorioz kondenatutako pertsonei «konponbide egokia» ematea. Nazario Oleagak esan duenez, badakite gai«konplexuak» direla, bereziki 7/2003 Legearen aplikazioari dagokiona, eta horregatik uste dute «gatazkak konpontzeko erabiltzen diren nazioarteko estandarrak» baliatu beharko liratekeela hemen ere, «berritzaileak izaten saiatuz eta justizia trantsizionaleko formak bilatuz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.