Politika

EH Bilduk azaldu du Nafarroako Gobernuak akordioa betetzeko «pausoak» eman dituela

2021eko aurrekontu akordioa betetzeko borondatea baduela egiaztatu dute orain arte, baina, era berean, hainbat zalantza plazaratu dituzte, eta, uda osteko jarraipen batzordearen emaitzaren arabera, koalizioak neurtu egingo du zer egin

Bakartxo Ruiz eta Adolfo Araiz Maria Txibiterekin solasean Nafarroako Parlamentuan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2021eko uztailaren 1a
13:37
Entzun

Legealdia erdialdera iritsi da, eta, bide horretan, EH Bildurekin egindako akordioa erabakigarria izan da Nafarroako Gobernuarentzat iazko eta aurtengo aurrekontuak aurrera ateratzeko. Ezinbestean, 2020ko aurrekontua pandemiak baldintzatu zuen, baina aurtengoa zenbateraino bete den aztertu du gaur EH Bilduk. Bakartxo Ruizen arabera, «pausoak eman ditu», eta hartutako konpromisoak betetzeko neurriak hartu ditu gobernuak, baina gaineratu du oraindik orain hainbat kontu egiteko daudela.

Legealdira begira, Ruizek nabarmendu du orain arte «ardura osoz» jokatu duela EH Bilduk, aurrekontuak alde batera utzita, pandemiari aurre egiteko neurriak ahalbidetuz. Era berean, gaineratu du «jarrera kritikoa» dutela, eta hala jarraituko dutela. Hala, «kezka biziz» ikusi dute euskararen dekretuaren inguruko Nafarroako Gobernuaren asmoa, eta «ez dute ulertzen» bere burua aurrerakoitzat duen gobernu batek hizkuntz eskubideen arloan atzerapausoa eman nahi izatea. Hala, Ruizek azaldu du bihar Kontseiluak Iruñean egingo duen manifestazioan «argi eta garbi» esango zaiola gobernuari hasierako asmo hori aldatu dezala.

Aurrekontu akordioari dagokionez, Ruizek azaldu du jarraipen batzordea bi aldiz bildu dela orain arte; azken bilera duela gutxi izan da. Oraingoz, EH BIlduk akordioa gauzatzeko borondatea baduela aitortzen dio gobernuari, baina hainbat zalantza ere agertzen ditu.

Akordioan jaso zen, adibidez, egungo sistema fiskalari buruzko azterketa bat egitea aztertzeko, besteak beste, ea sozietate zergaren kenkariek helburuak betetzen dituzten. EH Bilduk egiaztatu du lantalde bat osatu dela, eta egoera aztertzen ari dela. Txosten horren emaitza garrantzitsua izan daitekeela uste du EH BIlduk, udazkenean emango den eztabaida politikoan erabakiak hartu ahal izateko.

Halaber, aurrekontu legeko xedapen batean jaso zen azterketa bat egitea gutxieneko pentsioak zerga kenkari bidez Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren parera osatzeko aukerari buruz. Madrilgo gobernuak xedapen horren aurka egin bazuen ere, auzi hori argitu da, eta horren gaineko txostena egiteko enkargua eman dio gobernuak Nafarroako Gizarte Errealitatearen Behatokiari. Ruizen aburuz, lan horiek «palanka» izan daitezke erabaki politikoak hartzeko.

EH Bilduren zalantzak

Beste hainbat konpromisotan, dena den, borondate hori ez dute hain argi ikusi. Adibidez, Nafarroako Finantza Institutua eratzeko urratsak egin badira ere, oraindik organo hori sortzeko dagoela ikusi du EH Bilduk, eta funtsezkotzat jotzen du enpresa txiki eta ertainei eta ehun produktiboari finantzaketa emateko. Bigarrenik, 0-3 zikloa duintzeko hartutako konpromisoetan, zerbitzu bat eratu eta zuzendari bat izendatu besterik ez du egin oraingoz gobernuak. Ruizen arabera, neurri asko daude hartzeko —udalekin organo komun bat sortzea, adibidez—, eta oraingoz ez dute ezer egin.

Azkenik, EH Bilduk ondorioztatu du udalen finantzaketa esparrua ez dela zehaztu eta tokiko azpiegituren inbertsio plana ere zehazteko dagoela.

Konpromisoak alde batera utzita, gobernuarekin hainbat zuzenketa negoziatu zituzten, eta atal garrantzitsuetan batzuk egin diren arren, beste batzuk oraindik egiteko daudela ikusi dute. Adibidez, ondorioztatu dute pandemiari aurre egiteko neurrien artean, behin-behineko langileen kontratazioaren gaineko, esku hartze sektoreko langileen baldintzen hobekuntzaren inguruko eta tokiko erakundeen kontziliazioari buruzko neurriak hartu direla. Aitzitik, larrialdi egoeran den kultur sektorearen gaineko laguntza deialdia ez da gauzatu; Pirinioetan ikasleen garraioaren gaineko neurririk ez da hartu, eta zerga iruzurraren aurka hitzartutako neurriei buruz ez da ezer egin.

Irailetik aurrera

Adolfo Araizek zehaztu du irailean bilduko dela hirugarren aldiz jarraipen batzordea, udaren ostean. Orduan ikusiko du EH Bilduk Nafarroako Gobernuaren borondate politikoa noraino iristen den, eta Araizek argitu du emaitza horren arabera jokatuko dutela hortik aurrera. «Horrek baldintza dezake gobernuarekin akordioak erdiestea». Araizek zehaztu du aurrekontuetan eta hainbat arlotan akordioak lortzeko prestasuna dutela, baina beren irizpidea zein izango den argitu du.

Aurrekontu eta zergez gain, pandemiaren ondorio sozial eta ekonomikoei aurre egitea eta Europako funtsak nola banatuko diren erabakitzea egongo dira mahai gainean. «Guk planteatzen dugu arlo guztietan Nafarroak bere erabakiak hartzeko ahalmena izan beharko lukeela, inolako menpekotasun politikorik gabe. Aldi berean, gai hauetan propaganda politikoa baztertu behar da, eta alde bakartasunez erabakiak hartzeari utzi», ohartarazi du Araizek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.