Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Ikastolak

Dantzan jarraitu nahi baitute

Baztan ikastolak mende erdia bete du bukatu berri den ikasturtean, eta ikastolako gurasoek CD-DVD bat plazaratu dute orain arte egindako bide hori ospatzeko. Hezkuntza komunitatea eta ikastolako kide izandako herritarrak inplikatu dituzte proiektuan. Atzera egin dute so, aurrera segitzeko asmoz.

Baztan Ikastolaren Haur Hezkuntzarako eraikina, Elizondon.
Baztan Ikastolaren Haur Hezkuntzarako eraikina, Elizondon. Tamaina handiagoan ikusi

Edurne Elizondo -

2021eko uztailak 3

Lurrean esertzen ginela gogoan dut; mantala ere bagenuen, eta gelan sartzen ginenean, zapatak kendu, eta txapinak janzten genituen”. Juana Mari Izetarenak (Elizondo, 1967) dira oroitzapen horiek, Baztan ikastola sortu zuten garaikoak. Eskolak hartu zituen lehen ikasle taldeko kideetako bat izan zen Izeta, 1970ean, eta 50 urte eta gero, ordukoak memorian gordeta ditu oraindik ere.

Iragan horri so egin nahi izan dio Baztan ikastolak, mende erdia bete duen honetan. 1970-1971koa izan zen lehendabiziko ikasturtea, eta bukatu berri den 2020-2021ekoan, orain arte egindako bidea ospatu nahi izan dute eskolako kideek. Koronabirusaren pandemiak mugatu egin ditu ospakizun horiek, baina ikasleek —200 dira, irakasleek eta gurasoek izan dute lanerako tarterik: Musikak erakusten du nola dantza izenburuko CD-DVDa osatu dute. Hamabost euroan jarri dute salgai, Elizondon (Axular eta Fantxide dendetan), Erratzun (Altxuko), Donezteben (Ostiz), Lesakan (Ekaitza) eta Beran (Errekalde).

1970ean, guraso talde batek bat egin zuen beren haurrei herrian euskaraz ikasteko aukera emateko. 3 eta 6 urte bitarteko 27 ume elkartu, eta haiekin abiatu zen Baztan ikastola, Erruki Etxeko —egungo Francisco Joaquin Iriarte zahar etxea— bi gelatan. Baztango gurasoek Francisco Egozkue orduko erretorearen babesa izan zuten ikastolaren mende erdiko bidean lehen urratsak egiten hasteko.

“Mari Karmen zen gure andereñoa”, oroitu du Juana Mari Izetak. Mari Karmen Goñi Agirre eskolako lehendabiziko maistra izan zen. Haren seme Fernando Anbustegi Goñi Baztan ikastolako ikasle ohia da, bai eta guraso elkarteko kide ere. Kaleratu berri duten CD-DVDa sortzeko prozesuan buru-belarri aritu da, bertze guraso eta herritar anitzekin batera.

Hamar kanta berri

CDan 11 kanta jaso dituzte. “Mendeurrena ospatzeko propio sortutako abestiak dira”, zehaztu du Anbustegi Goñik. 11.a da salbuespena, Elizondon 2015. urtean egindako Nafarroa Oinez bestarako sortutako Hamabortz… Hamabat izenburuko kanta baita. Iñigo Belzunegirena da musika, eta hitzak, berriz, Jon Barberena zenarenak. Bertsolaria zen Barberena, eta Nafarroako Hitza-ko zutabegilea, bertzeak bertze; bai eta Baztan ikastolako ikasle ohia ere. 50 urteko bidea oroitzeko ekinaldietan parte hartzeko konpromisoa hartu zuen. “Lan egiteko gogoz zen”, erran du Fernando Anbustegi Goñik.

Heriotzak harrapatu zuen lehenago, ordea, 2019. urteko irailean zendu baitzen Jon Barberena. “Nafarroa Oinez bestako kantaren bidez, joan zaizkigunak gogoratu nahi ditugu”, nabarmendu du Baztan ikastolako zuzendari Rober Gaite Pobesek.

Izetak ezagututako eskolak zerikusi gutxi du Gaite Pobesek zuzentzen duen proiektuarekin; zerikusi gutxi azpiegituren arloan; ez, ordea, oinarri dituen balioetan. Horiek hartu dituzte ardatz prestatutako CD-DVDa osatzeko, euskararen aldeko lana eta aniztasunaren auzia erdigunean jartzeko, bertzeak bertze.

Azpiegituren esparruan zenbait urrats egin ditu Baztan ikastolak. 1977an, egun Haur Hezkuntzako ikasleena den eraikina bilakatu zen ikastolaren egoitza, Elizondoko Santiago karrikako parkean. Lau gelarekin hasi zuten bidea eraikin horretan; 1978-1979 ikasturtean bertze bi zabaldu zituzten, eta, aurreneko aldiz, garai hartako OHO Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko seigarren maila eskaini zuen ikastolak. 1980-1981eko ikasturtea amaitu zuena izan zen OHO osoa eginda zentrotik atera zen lehen promozioa.

Santiago karrikakoa Haur Hezkuntzako ikasleen egoitza da egun; 2015eko Nafarroa Oinez bestari esker lortutako diruarekin goitik behera berritu zuten, eta 2018an inauguratu zuten eraikin berritua. Lehen El Pilar ikastetxea zenaren eraikina, berriz, Lehen Hezkuntzako ikasleena da. 1985ean, Baztango Udalak erosi zuen eraikin hori, Nafarroako Gobernuaren laguntzari esker.

Auzolana nagusi

Jende anitzek hartu du parte Baztan ikastolaren mende erdia ospatzeko kantak sortzeko prozesuan; inplikatu diren musikarietako bat da Iñigo Belzunegi Iturria, Baztan ikastolako ikasle ohia. Belzunegi Iturriak nabarmendu du “auzolanaren bidez” sortu dutela diskoa, eta “aberasgarritzat” jo du prozesu osoa, hain zuzen ere. Emaitzarekin “gustura” gelditu dela erantsi du musikariak.

Abestiak laguntzeko, bideoak egin dituzte Baztan Ikastolako Guraso Elkarteko kideek: eskolako ikasleak bilakatu dira propio sortutako koreografietako dantzari. Haiekin aritu dira lanean ikastolako irakasleak. Haietako bat da Leire Onsalo Danboriena, eta, proiektuan murgildu diren gainerako kideak bezala, “kontent” agertu da egindako lanarekin. Are gehiago erran du: “Ohorea da ikasleekin batera Baztan ikastolaren 50. urteurrena oroitzeko bidean parte hartu izana”.

Mende erdia ospatzeko oraingo bideak mugitu ditu Juana Mari Izetaren oroitzapenak. Mahaiak eta aulkiak lortu zituztenekoak gogoratu ditu; baratzean egindako lanak ere oroitu ditu, bai eta Iparraldeko herrietara egindako txangoak ere.

Bereziki gogoratu ditu hasierako egoitzan lagun zituztenak. “Zahar etxean ginenez, leihotik egoitzan ziren zaharrak agurtzen genituen. Solasean aritzen ginen haiekin. Familia bat ginen”.

Hasierakoak eta gero etorritakoak oroitzeko eta ez ahazteko, Baztan ikastolaren inguruko dokumentala ere jaso du gurasoek kaleratu berri duten CD-DVDak. Duela hilabete inguru estreinatu zuten, hasierakoak eta oraingoak batzen dituen 50 urteko bidea azaltzeko.

Dokumental horretan ere Baztan ikastolako ikasle eta irakasleek, ikasle eta irakasle ohiek, gurasoek eta bertze herritar anitzek parte hartu dute, auzolanean. Eskolaren mende erdia pandemia baten erdian ospatzea egokitu zaie baztandarrei, baina lortu dute. “Diskoaren izenburuak ederki islatzen du Baztan ikastola beti izan dela gai garaian garaiko oztopoak gainditzeko”, erran du Fernando Anbustegi Goñi eskolako gurasoak.

Hau da, garaian garaiko musikaren arabera dantzatu izan dira beti Baztanen, eta ikastolako kideek garbi dute dantzan jarraitu nahi dutela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

<b>Gotzone Sagardui.</b> Osasun sailburua, atzo, Gobernu Kontseiluaren ostean egin zuten agerraldian. ©J. FONTANEDA / FOKU

Datu «txarrak» direla eta, osasun larrialdia ezarriko du berriz Jaurlaritzak

Berria

Espainiako Auzitegi Gorenak onetsi egin du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan osasun ziurtagiria erabiltzea. Ziurtagiria datuak apaltzeko «tresnetako» bat izango dela dio Urkulluk A. Iraola - J. Ordoñez- J. Senar
Garbiñe Ubeda, Paula Kasares eta Kike Amonarriz, atzo, Andoainen, Martin Ugalde foroan. ©JON URBE / FOKU

Hitzekin batera, haien balioa

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Gurasoen hizkuntza jarreren garrantziaz aritu dira Kasares eta Amonarriz Martin Ugalde foroan
Emakume bat Soweton, Johhanesburgon, atzo. Omikron aldaeraren kasuak agertzen hasiak dira mundu osoan. ©K. L. / EFE

EMAk iragarri du hiru hilabete beharko direla aldaera berrirako txertoak onesteko

Arantxa Elizegi Egilegor

Austriak datorren astean aurkeztuko du nahitaezko txertaketa ezartzeko lege proposamena. Baliteke Alemaniak ere bide beretik jotzea

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.