Euskara

Donibane Lohizuneko auzapeza: «Euskara ez da negoziatzen»

Joan den asteburuan gertatutako eraso euskarafoboa salatzeko bihar arratsaldean antolatu duten elkarretaratzean parte hartzera deitu du Jean François Hirigoien Donibane Lohizuneko auzapezak. Euskal Konfederazioak ere elkarretaratzean parte hartzera deitu du.

Donibane Lohizuneko kale bat, iaz. Jendez lepo egon da asteburuan. BOB EDME
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko uztailaren 5a
15:42
Entzun

Harridura eta haserrearen ondotik, salaketa. Donibane Lohizuneko (Lapurdi) ez-festetan gertatutako eraso euskarafoboaren ondotik, hura salatzeko elkarretaratzea antolatu du Donibane Ziburuko Gaztetxeak, bihar arratsaldean, 19:00etan, Louis XIV. plazan. Jean François Hirigoien Errepublikanoetako auzapezak ere gertakariak salatu ditu, eta euskaraz bizitzeko eskubidea defendatu du, agiri batean: «ez da negoziagarria», adierazi du. Gehiengoko hautetsiek elkarretaratzean parte hartuko dutela baieztatu du. Euskal Konfederazioak ere protestan parte hartzera deitu du agiri batean: «Gertakari hau Kontseilu Konstituzionalak erabakia hartu eta hilabetera izan denez, iduri du nolazpait batzuk babesturik sentitzen direla beren gorrotoa inpunitate osoz adierazteko. Baina erasoek, mehatxuek, irainek... ez gaituzte isilaraziko! Karrikan, etxean, eskolan, lanean, administrazioan, saltegietan... euskaraz bizi gira eta euskaraz bizitzen segituko dugu!», adierazi dute, eraso «larri» hori, eta, oro har, «azken aldi hauetan euskararen eta euskaldunen kontrako erasoak salatzeko», mobilizaziora deituta. «Euskal Herrian euskaraz biziko gira!»

Besta egunak zituzten berez joan den asteburuan Donibane Lohizunen, eta, bestarik ez egiteko deia zabaldua bazen ere, jendetza handiak elkartu ziren kalean; liskar handiak izan ziren, tartean taldeen arteko borrokak, baita labanekin ere. Giro horretan, euskaraz mintzatzeagatik jipoitu zutela salatu zuen Jean Louis Iratzoki donibandarrak lehengo astean. Ostatu batean afaltzetik etxera zihoala, balkoian zegoen bere ilobarekin mintzatzen gelditu zen, euskaraz. Kaletik zihoazen hiru gizonezkok Iratzokiri bortizki galdetu zioten zer ote zen hitz egiten ari zen patois hori —tokiko hizketa edo hizkera basa esan nahi du, normalean gutxiesteko erabilia—; «Frantzian» zirela, eta frantsesez behar zuela hitz egin. Bera euskalduna zela esanez defendatu zen Iratzoki, eta hiru gizonak oldartu egin zitzaizkion bet-betan. Hebainduta utzi zuten: orkatila hautsirik, eta Baionako erietxera eraman behar izan zuten, artatzeko. Asteburu berean gisa bereko bestelako erasoak ere izan zirela agertu dute zenbait lekukotasunek.

Uztailaren 2ko herriko kontseiluan aipatu zuten, eta, gaur, agiria bidali du Jean François Hirigoien Donibane Lohizuneko auzapezak: «Donibandar anitz bezala inarrosia izan naiz, euskaraz mintzatzeagatik gure herrikide batek pairatu duen erasoarekin. Arrazoirik gabeko ekintza higuingarri horri buruzko elementu guziak ez baditut ere, halako jarrerak onartezinak iruditzen zaizkit», adierazi du. Azken asteetan izandako beste eraso batzuen testuinguruan ezarri ditu gertakariak, «intolerantziaren igoera orokor baten isla» direla erranez.

Hirigoienen hitzetan, euskaldunek «harrera eta tolerantzia» tradizio bat dute: «Euskal Herrian instalatzen diren guziei, bisitatzera heldu diren guziei, atseginez egina zaie harrera. Haatik, gure kultura, tradizioak eta hizkuntza gaitzesten dituztenak ez dira ongi etorriak», adierazi du. «Inkestaren ondorioen beha zuhur egonez, eta errekuperaketa politiko oro saihestuz», babes osoa agertu dio bere talde munizipal osoaren izenean, Donibane Ziburuko Gaztetxeak bihar arratsalderako antolatu duen elkarretaratzeari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.