Albistea entzun

PRESOEN HARRERAK

Sortuk salatu du «jarduera zilegi eta legezkoak kriminalizatzen» ari direla

Arkaitz Rodriguezek gogorarazi du presoen harreren aurkako ekinaldiak fiskaltzarenak eta Guardia Zibilarenak izan direla, eta ez dagoela Auzitegi Nazionalaren auto bakar bat harrerak zigortzeko.

Arkaitz Rodriguez, presoen harreren aurkako operazioetan atxilotutakoak atzean dituela.
Arkaitz Rodriguez, presoen harreren aurkako operazioetan atxilotutakoak atzean dituela. Jon Urbe / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2021eko uztailak 7

Euskal presoei espetxetik irtetean egiten zaizkien harrera ekitaldien antolaketan zerikusia dutelakoan, Espainiako Guardia Zibilak Kai Saez de Egilaz eta Pipe San Epifanio atxilotu zituen joan den astean. Gisa bereko hirugarren polizia operazioa izan zen, eta, gaur, Sortuk agerraldi bat egin du, operazio horien inguruko irakurketa egiteko. Besteak beste, Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak ohartarazi du, presoen harrera ekitaldien aurka eginda, «jarduera zilegi eta legezkoak kriminalizatzen» ari direla.

Agerraldian izan dira, Rodriguezez gain, hiru operazioetan atxilotutako sei lagunak; Saez de Egilaz eta San Epifanio, baina baita Antton Lopez, Oihana San vicente, Haimar Altuna eta Oihana Garmendia ere. «Guztiak Sortukoak eta guztiak auzi horretan jopuntuan daudenak», azaldu du Rodriguezek, eta salatu «auzi politiko berri bat eraikitzen» ari direla, «preso politikoei egiten zaizkien harrerak aitzakiatzat hartuta». Gainera, «eraso» horri gehitu dio datorren astean Madrilen hastekoa den 13/13 auziko epaiketari, «biak direlako auzi politikoak eta biek dituztelako oinarrian jarduera politiko antzekoak; jarduera politiko zilegi eta legezkoak». Presoen asistentzia eta eskubideen defentsa zigortu nahi dutela uste du Sortuk, nahiz eta Auzitegi Nazionalak legezkotzat jo izan dituen jarduera horiek.

Rodriguezek bost ideia plazaratu ditu operazioon inguruan. Batetik, galdetu du nor dagoen auzi horren atzean, eta zein helburu duen: «Orainidik ez dago auto judizial bakar bat ere. Hiru operazio egon dira orain arte presoei egiten zaizkien harrerak aitzakiatzat hartuta, eta hiruretan bulkada Guardia Zibilarena eta Auzitegi Nazionalaren fiskaltzarena izan da. Baina ez dago auto judizial bakar bat ere». Bigarrenik, testuinguruari erreparatu dio, eta gogorarazi du atxiloketa horiek gertatzen ari direla espetxe politika «normalizatzen» ari den testuinguru batean: «Horrek garbi adierazten du Espainian estatu sakon esaten diogun hori, botere faktikoak, estoldak, beren esku dagoen guztia egiten ari direla bakearen eta bizikidetza demokratikoaren bidean ezein urrats egin dadin galarazteko».

Ildo horretan, Sortuk uste du harreretan fokua jartzen dela bi arrazoi direla medio: batetik, «ezkutatu» nahi delako «preso politiko horiei salbuespenezko espetxe politika aplikatu eta aplikatzen zaiela»; eta, bestetik, «ezkutatu nahi delako estatuaren biolentziaren inpunitatea». Izan ere, Rodriguezen esanetan, «preso politikoen harreraz hitz egiten bada, preso daudelako da; beren erantzukizunengatik ordaindu dutelako». Eta, hori horrela, zera galdetu du: «Zenbat ordaindu dute estatuaren biolentziaren arduradunek? Zenbat gerra zikinaren arduradunek edo torturatzaileek? Zero. Hemen afera ez dira harrerak; arazoa da estatu biolentziaren eta arduradunen inpunitatea».

Bestalde, operazioaren «erantzukizuna» Auzitegi Nazionaleko fiskaltzatik eta Guardia Zibiletik harago kokatu du Rodriguezek: «Atxiloketetan ardura daukate preso politikoen harrera horiek kriminalizatu eta kriminalizatzen dituztenek; presoen asistentzia eta eskubideen defentsa kriminalizatzen dutenek». Hortaz, dei egin die «ez dezaten elikatu bakearen etsaien agenda. Utz diezaiotela kolaboratzeari bakearen etsaiekin».

Aietetik hamar urtera

Urrian dira hamar urte ETAk bere jarduera armatua behin betiko amaitu zuenetik, eta efemeridea ere gogoan izan du Rodriguezek: «Espainiak jarraitzen du auzi politikoak eraikitzen, Guardia Zibila bidaltzen euskal herritarrak atxilotzera eta jazartzera». Sortuko idazkari nagusiak galdetu du noiz desagertuko den «estatuaren biolentzia», eta erantsi badela «garaia Espainiako Estatuak ere egin dezan bere garaian ETAk egin zuena: ekuazio politikotik bere indarkeria ateratzea. Bada garaia auzi politiko honi aterabide demokratiko bat emateko hautua egin dezan».

Azkenik, Rodriguezek ziurtatu du Euskal Herriak «erabakia» duela «elkarbizitza demokratikoan bizitzea. Inork ez du hori zapuztuko; askatasuna eta bakea nahi dituelako eta bide horretan determinatuta dagoelako». Hori horrela, herritarrei dei egin die bide horretan ez dezaten «etsi», eta larunbatean 13/13 sumarioa salatzeko Bilbon eta Donostian egingo dituzten manifestazioetara batu dadin: «Exijitzeko gatazka politikoari aterabide justu eta demokratiko bat eman dakion».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ahurretan sartu ezinezko 48 ordu

AHURRETAN SARTU EZINEZKO 48 ORDU

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Uztailean beteko dira 25 urte ETAk Miguel Angel Blanco Ermuko PPko zinegotzia bahitu eta hil zuela. 'Euskal' zen ororen aurkako olde bat ekarri zuen atentatuaren aurkako erreakzioak, BERRIAk elkartu dituen orduko hiru kazetariek oroitu dutenez. Abertzaletasunak batuta erantzun zion.

 ©BERRIA

Presoak eztabaidagai

Iosu Alberdi

1990eko hamarkadako tentsio gune nagusietako bat izan zen espetxe politika. Presio egiteko «fronte» propio bat ireki zuen ETAk, eta sakabanaketa amaitzeko exijitu zuen Eusko Legebiltzarrak.

Ernaiko 500 kide baino gehiago elkartu ziren Olatzagutiako kiroldegian (Nafarroa). ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Ernaik «gazte estrategia» berritu du, 'Ehotzen' txostena onartuta

Julen Aperribai

«Gazte frontea» eratzea, hezkuntza eta naziogintza lehentasun izango ditu gazte antolakundeak

Manifestazio amaiera, atzo, Iruñeko Askatasun plazan. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Torturaren aurkako oihu zabala Iruñean

Joxerra Senar

Ehunka lagunek torturaren aurka «ahotsa altxatzera» deitu dute, eta ez errepikatzeko bermeak jartzea galdegin. Sareak ontzat jo du kasu guztien ikerketa ofiziala abian jartzea

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...