Indarkeria matxista

Asun Casasola, Nagore Laffageren ama: «Urteekin honek ez du hobera egiten»

Nagore Laffage irundarra oroitu dute San Ferminetako bere hilketa matxistaren 13. urteurrenean.

Elkarretaratzearen ostean, aurreskua dantzatu eta krabelin gorriak jarri zituzten Nagore Laffagen argazkipean. JESUS DIGES / EFE
Berria
2021eko uztailaren 7a
17:46
Entzun

Astelehen Lilak elkarteak deituta, dozenaka herritarrek Nagore Laffage oroitzeko elkarretaratzea egin dute goizean Iruñeko Vinculo plazan, bere hilketaren 13. urteurrenaren harira. Nagore, zure oroimenez eta Ez zaitugu ahazten leloak zituzten pankartekin, 2008ko San Ferminetako hilketa matxista ekarri dute gogora, Murchanteko erailketaren goiz berean. Asun Casasola, Laffagen ama, elkarretaratzean izan da, eta hedabideei eginiko adierazpenetan penatuta agertu da gizartean hamahiru urte geroago existitzen jarraitzen duen indarkeria matxistarekin: «Urteekin honek ez du hobera egiten».

Laffage 2008ko uztailaren 7an hil zuen Diego Yllanesek, jai giroan gizonaren etxera joan eta harekin sexu harremanak izateari uko egin ziolako. Hilketak atsekabe handia sortu zuen gizartean, eta Yllanesen aurkako epaiketak ere zeresan handia eman zuen ostera. Izan ere, herri epaimahai batek ebatzi zuen gizonak premeditaziorik gabe jokatu zuela eta, homizidioa leporatuta, hamabi urte eta erdiko zigorra ezarri zion. Laffageren familiak, ordea, delitua erailketa gisa har zezatela eskatu zuen, baina Espainiako Auzitegi Gorenak ez zuen bere helegitea aintzat hartu. Hala, Yllanes baldintzapean aske geratu zen 2018an.

«Hilketa bat izan zen»

Goizeko ekitaldian, Tere Saez Astelehen Lilak elkarteko kideak adierazi du «Iruñeko herritar gehienek» uste dutela Nagore eraila izan zela, eta justizia «konpontzaile eta ez patriarkala» aldarrikatu du: «Hilketa bat izan zen, alkoholak ez dituelako portaera matxistak salbuesten, eta aberatsa izateak ez luke inoiz aringarria izan behar». Halaber, Espainiako Ministro Kontseiluak asteartean onartutako sexu askatasunen babeserako eta sexu indarkerien kontrako legeari buruz ere mintzatu da Saez, eta emakumeen «ezetz esan ahal izateko» eta «eremu eta bizitzaren esparru guztiez berdintasunean gozatzeko» eskubidea aldarrikatu du.

Legeari buruz galdetuta, Casasolak matxismoaren aurkako «urrats» gisara definitu du, bere lorpenerako talde feministek egin duten lana azpimarratuz. Baina, urteotan genero indarkeriaren aurka gizarteak «indarra» agertu duela uste badu ere, oraindik borrokan jarraitu beharra dagoela gogoratu du Nagore Laffagen amak: «Eskatzen jarraitzen dut, hilketa bat edo arazo bat gertatu aldiro, kalera atera gaitezela, protesta egin dezagula, familiak babestu ditzagula, nik orain daukadan indarra Nafarroa beti nirekin egon delako baitaukat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.