Txile

"Preso politikoak" askatzeko eskatu du Txileko Biltzar Konstituziogileak

Indultu legea bizkortzeko eskatu diote Sebastian Piñerearen gobernuari.

1876tik 1973ra Txileko Kongresua izan zen eraikinean egin du lehen saioa Biltzar Konstituziogileak. ELVIS GONZALEZ, EFE
jon ordonez garmendia
2021eko uztailaren 9a
12:29
Entzun

Txileko Biltzar Konstituziogileak adierazpen batean 2019ko urriaz geroztik izan diren protestatan atxilotu eta espetxean dauden "preso politikoak" askatzeko eskatu du adierazpen batean. Horrez gain, maputxeen kasuan, 2001. urteaz geroztik atxilotutakoak askatzeko ere eskatu dute, eta maputxeen lurraldeak desmilitarizatzeko. Adierazpenean argudiatu dute prozesu historikoa ondo burutu dadin oinarrizkoa dela eratuta dauden botereek bidea erraztea, "demokrazia eta berdintasun bermeak emanez".

Fronte Zabalak, Kolektibo Sozialistak eta Alderdi Komunistak aurkeztu dute adierazpena eta 105 boto jaso ditu alde, 43 kontra eta hamar abstentzio (Biltzar Konstituziogilean botoen bi heren behar dira puntuak onar daitezen). Bigarren bozketan onartu da; lehenengoan hainbat taldek aurkeztuko dute eurena, eta gehiengorik ez denez izan, boto gehien jaso dituen adierazpenaren alde egin dute denek bigarrenean. Maiatzean egin zen Biltzar Konstituziogilea eratzeko bozak, eta eskuina ez da edozein puntu atzera botatzeko behar lukeen heren horretara iristen.

Adierazpenean Biltzarrak aitortu du 2019ko protestatan atxilotu dituztenen parte hartzea erabakigarria izan dela aldaketa prozesua abiatzeko. Estatuak hamarnaka lagun hil dituela dio, eta giza eskubideen hainbat urraketa izan direla. Atxilotuak milaka direla azpimarratu du, eta legez kanpoko atxiloketak ere izan direla. Biltzar Konstituziogileak argi uzten du ez dela bere eskumena atxilotuak askatzea, baina ezin duela gertatutakoaren aurrean isilik geratu gaineratzen du, bere zereginaren kontrakoak direlako horiek guztiak. Are gehiago, indultuak eskatzea bere erantzukizun politikoa dela gaineratu du.

Guzti horren ondorioz, senatuari indultu legea tramitatzeko eskatu dio Biltzar Konstituziogileak, eta gobernuari presaz jarduteko. Gainera, Lanaren Nazioarteko Erakundearen eta Nazio Batasunen Erakundearen herri indigenei buruzko araudia bere egiteko eskatzen du, batik bat, eskubide politiko eta kulturalei eta lurralde eskubideei dagokienez. Bozketa amaitu ondoren, hautetsiak kalera atera dira, eta pozik agertu dira lortutakoagatik.

Atxilotuen senideen elkarteak ere pozik agertu dira. Veronica Verdugok eskerrak eman dizkie txiletarrei eta iragarri du euren senideak lehenago edo beranduago utziko dituztela aske. "Gertakizun historiko bat da hau. Gaur irabazi egin dugu, senideek irabazi dugu, herriak irabazi du, gure eskaerak bete egin dira eta frogatu dugu lortuko dugula hainbeste desiratu dugun konstituziola". Juan Francisco Galli Txileko Barne idazkariordeak, berriz, esan du "saltokiak arpilatu" zituztenak ez direla preso politikoak: "Zigorrik gabe utzi behar al ditugu burdindegi batean sartu eta hango langileak jo zituztenak? Koktel molotov-ak botatzen dituztenak eta saltokiak arpiliatzen dituztenak ez dira preso politikoak".

Piñeraren gobernua, trabak jartzen

Igandean osatu zen Biltzarra, eta Elisa Loncon hizkuntzalari maputxea presidente hautatu ostean, aste honetan abiatu du Konstituzio berri bat idazteko prozesua. Bederatzi hilabete eta hiru hilabeteko luzapen bat dituzte horretarako 155. konstituziogileek. Sebastian Piñera buru duen gobernua, baina, bidea trabatu nahian ari da. Eskuina hasieratik izan da prozesu konstituziogilearen kontrakoa, eta hala jardun da Piñera aste honetan ere. Lehenik esan zuen ez zegoela osasun baldintza nahikorik konstituziogileak elkartzeko; horri erantzunez Txileko hainbat unibertsitateetako errektoreek euren azpiegiturak eskaina zituzten hautetsiak bildu ahal izan zitezen. Azkenean 1876tik 1973ra Kongresua izan zen eraikinean elkartu dira.

Azkenetan da Piñeraren Gobernua, eta luze ari zaio egiten legegintzaldia. Munduan herritarren artean babes gutxien duen gobernua da Txilekoa. OCDEren arabera: iaz soilik herritarren %15aren konfiantza zuen; 2007koan, %43. Udazkenean amaituko du agintaldia Piñerak, eta haugai izan nahi dutenak kanpaina betean ari dira. Uztailaren 18an egingo dituzte primarioak.

Gu Aurrera Txileren Alde eskuineko koalizioak lau hautagai aurkeztuko ditu primarioetara: Joaquin Lavin (UDI), Ignacio Briones (Evopoli), Sebastian Sichel (independentea) eta Mario Desbordes (Berritze Nazionala). Onartu Duintasuna ezkerreko koalizioak, berriz, bi hautagaien artean aukeratuko du: Gabriel Boric Konbergentzia Sozialeko hautagaia eta Daniel Jadue Alderdi Komunistakoa.

Alderdi Sozialista bere baitan hartzen duen koalizioak, Batasun Konstituziogileak, ez du primariorik egingo. Alderdi Sozialista Paula Narvaez aurkeztuko du koalizioko hautagai izateko, eta Alderdi Erradikalak, Carlos Maldonado.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.