Enpresak

Artechek Turkiako Esitas enpresa erosi du

Burtsara ateratzean lortutako diruarekin ordainduko du erosketa, eta «lehen urratsa da» hedapen prozesuan.

Arteche konpainiako presidente Alexander Artetxe, ekainean, enpresa burtsaratu zutenean. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2021eko uztailaren 9a
13:00
Entzun

Duela hilabete baino gutxiago burtsara atera zen Arteche, bere hedapena finantzatzeko kapitalaren bila. Ez du asko itxaron lehen erosketa egiteko: gaur jakinarazi duenez. Turkiako Esitas (Elektrik Sarrayi ve Ticaret Anomin Sirketi) enpresa erosi du. Tentsio txikiko eta erdiko transformagailuak egiten ditu Esitasek 1984. urteaz geroztik, 350 langile baino gehiago ditu, eta bi ekoizpen planta: bata Istanbulen eta bestea Jakartan (Indonesia). Iaz 11 milioi euroren salmentak egin zituen, eta bi milioi euroren irabazi operatibo bat izan zuen. «Enpresa sendoa da, eta marka ezaguna bere merkatuetan», Artechek nabarmendu duenez.

Artechek transformagailu eta gailu elektrikoak ekoizten ditu, eta iaz 265 milioi euroko fakturazioa lortu zuen. 2.000 langile ditu munduan dituen 11 plantetan, eta horietatik 600ek Mungiako eta Gasteizko lantegietan dihardute. Artechek 170 herrialdetan saltzen ditu bere produktuak, baina fakturazioaren %35 AEBetan eta Mexikon lortzen du, eta merkatu horietan sendotu nahi du. Burtsara irten ondoren, Artetxe familiak akzioen erdiari eutsi dio —lehen %66 zituen—, eta beste bi akziodun handi ditu:Damaso Casado enpresaria (%24), eta Eusko Jaurlaritza (%7).

Erosketak lehia agintarien babesa jasoz gero, Artechek sarbide handiagoa izango du Asiako merkatuetan, eta liderra izango da neurketen atalean. Haren merkatuak eta bereak osagarriak direla ziurtatu du Bizkaiko konpainiak, eta sinergia batzuk lortuko dituela.

Artechek iradoki du erosketekin jarraitu egingo duela —«lehen urratsa da hazkundearen bidean»—, eta Asia duela begiz jota. Erosketak «negozioaren epe luzeko jasangarritasuna bermatzeko formula da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.