Euskal presoak

Presoen gizarteratzea «blokeatzeko arriskuaz» ohartarazi du Foro Sozialaren Behatokiak

Presoen baimen eta hirugarren gradu eskaerei ematen ari zaizkien erantzunak aztertu ditu Foro Sozialaren Behatokiak laugarren txosten monografikoan.

Uztailaren hasieraz geroztik, ez da euskal presorik Andaluziako kartzeletan; irudian, Puerto I eta II espetxeak. NAGORE ARIN
maddi ane txoperena iribarren
2021eko uztailaren 13a
10:42
Entzun

Kartzeletako tratamendu batzordeek gizarteratze ibilbidean aitzina egiteko proposatu, eta auzitegiek bidea oztopatzea. Horixe ari zaie gertatzen euskal preso ugariri azken hilabeteotan. Foro Sozialak bultzaturiko Motibazio Politikoko Euskal Presoei Aplikatutako Espetxe Politikaren Behatokiak gai horrexeri buruz argitaratu du azken txosten monografikoa, dagoeneko atera duen laugarrena, eta azaldu du traba horiek sistematikoak ez badira ere, azpian badutela «bereizgarri egiten dituen korronte» bat. Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentrala eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko lehen zigor aretoa dira «lobby» funtzioa betetzen duten «oztopo» nagusiak, Behatokiaren arabera, eta Espainiako fiskaltzak «bultzatzen» ditu, foroaren ustez. Izan ere, fiskaltzak azken hilabeteotan jarreraz aldatu baitu, foroaren arabera: «txarrera». Behatokiak uste du azken hilabeteotan «itxikeriazko jarrerak» gertatzen ari direla behin eta berriz, «urratsak zailtzen dituztenak, froga berriak eskatuta, baldintza berri eta zorrotzagoak zehaztuta, horietako batzuk legezkotasunetik kanpo».

Kasu anitzetan, erraterako, «damutzea» eta «barkamena» eskatzen ari zaizkie presoei, baita kartzelatik ateratzeko baimenak lortzeko orduan ere –Foro Sozialaren arabera, legean ez dago horrela zehaztuta–. Auzitegi bakoitzak jarritako trabak deskribatu ditu foroak txostenean, hurrenez hurren. Hona hemen laburpen bat:

LEHEN ZIGOR SALA

Honako ibilbidea egin ohi dute presoen baimen edo hirugarren gradu eskaerek: lehenik tratamendu batzordeak proposatzen ditu, ondotik Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak berresten, eta, fiskaltzak helegitea jarriz gero, Espainiako Auzitegi Nazionaleko lehen zigor salak ebazten du presoari baimen edo hirugarren gradu hori eman edo ez. Behatokiak zehaztu du, hain zuzen, «azken hitza» duela Espainiako Auzitegi Nazionaleko areto horrek, eta, beraz, «garrantzitsua» dela haren jarrera. Foroaren arabera, Auzitegi Nazionaleko lehen zigor sala 2015ean hasi zen euskal presoen aurkako ebazpenak ematen, «puntualki»: «2017an eta 2018an areagotzen hasi ziren, baina 2020an eta 2021ean finkatu ziren, definitiboki». Behatokiaren txostenaren hitzetan, orduan hasi ziren presoei «damua» eskatzen «haien bizi baldintzen hobetzearen edo ateratzeko espektatiben edozein aurrerapenentzako». 2020Ko udazkenean kokatzen du Foro Sozialak ukapenen areagotze hori, eskaera gehiago ere orduan hasi baitziren egiten presoak: ordura arte, erredentzioen eta komunikazioen interbentzioen alorretan soilik gertatuak ziren kontrako jarrerak. Ohiz kanpoko erredentzioak emateko ere «damua» eskatzen hasi da azken bi urteotan auzitegia, txostenak dioenez.

2020an eta 2021ean, berriz, eremu guztietara hedatzen hasi zen jarrera bera: baimen eskaeretara, hirugarren graduetara eta baldintzapeko askatasun eskaeretara; Behatokiak dioenez, fiskaltzaren helegiteen ondorioz: «Lehen zigor salako autoak bata bertzearen gibeletik datoz, salbuespenik gabe, eta ardatza bakarra da: damutze falta eta biktimei barkamenik eskatu ez izana». Justiziarekin eta Poliziarekin kolaboratu ez izana ere aipatzen du auzitegiak argudioen artean, baita baimenak eta hirugarren graduak ematerako orduan presoari ezarritako zigor osoa kontuan hartu behar dela ere —eta ez bete beharreko zigorra—. Behatokiaren arabera, ordea, azken argudio horrek ez du «oinarri legalik».

FISKALTZAREN JARRERA ALDAKETA

Fiskaltzaren helegiteei erantzunez ematen ditu ebazpenak Espainiako Auzitegi Nazionaleko lehen zigor salak, eta, hain justu, horretantxe sumatu du Behatokiak jarrera aldaketa nabarmenena. Azaldu duenez, hain zuzen, orain arte fiskaltzaren jarrera «irregularra eta kontraerrankorra zen»: ez zuen beti helegiterik jartzen, eta damuaren argudiorik ez zuen erabiltzen. Adibide bat jartzen du bere eboluzio «txarraren» erakusle: 2019an lehen graduan zeuden preso batzuk bigarrenera igarotzea proposatu zuen, eta 2020ko udazkenean preso berak bakartze moduluetara pasatzea galdegin. Auzitegi Nazionalarena bezala, fiskaltzaren jarrera ere 2020 bukaeratik 2021 hasierara hasi zen «finkatzen»: horren adibide, Basauriko kartzelan (Bizkaia) zegoen preso bati urtarril bukaeran hirugarren gradura pasatzeko proposamena egin zioten Espetxe Erakundeek, eta fiskaltzak helegitea jarri zion. Presoen eskubideen aldeko hiru aldeko txosten dira «salbuespena», Behatokiak azaldu duenez, baina, horiek kenduta, «fiskaltza proposamen guzien aurka kokatzen ari da: ohiz kanpoko erredentzioen aurka, baimenen aurka eta hirugarren graduen aurka».

Behatokiak azaldu duenez, «idatzi eredu» bat erabiltzen du fiskaltzak, kasu bakoitzaren arabera «gutxi» aldatzen duena: «Ez da zorrozki jokatzen ari bere funtzioa izan beharko lukeenaren arabera, hau da, legalitate printzipioa betetzeaz arduratzea; alderantziz, lehen zigor salak ezarritako doktrinaren arabera moldatzen da». Jarrera «aktiboa» du fiskaltzak, gainera, Behatokiaren ustez, eta elementu berriak eskatzen ari zaizkie presoei, tartean, damutzearena. Kartzeletako txosten teknikoei ere egiten die aurka, foroak salatu duenez, eta ez die sinesgarritasunik ematen presoek egindako idatziei, ez direlakoan «zintzoak».

ESPETXE ZAINTZAKO EPAITEGI ZENTRALA

Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralean, aldiz, jarrera kontraerrankorrak daude, erabakiak hartzen dituzten epaileen arabera —bi magistratu daude—: ohiz kanpoko erredentzioei eta komunikazioen interbentzioei buruz ebazten duen epaileak jarrera irekiagoa eta aldekoagoa luke, eta baimenei, hirugarren graduei eta baldintzapeko askatasunei buruz ebazten duenak, aldiz, itxiagoa. Horiek, hain zuzen, «trabatuta» daudela dio Behatokiak. Izan ere, epaile horrek fiskaltzari eskatzen dio maiz iritzia, eta, azkenean, presoari «barkamena» eskatzeko galdegiten diote. Bertze eskaera anitzek, berriz, tramitazioan irauten dute luze, eta bertze hainbat tramitazio «irregularrengatik» ukatzen dituzte. Gertatu izan da, bertzeak bertze, lehendik baimenak lortzen zituzten presoei orain horiek ukatzea, arrazoi justifikaturik gabe.

ZAZPI ESKAERA

Foro Sozialak «kezkaz» begiratzen die jarrera hauei, «bigarren fasean» egin beharreko urratsak «mantsotzen» baititu. Eskatu du fase hau «trantsiziozkoa» izan dadila, nahiz badakien ez dela «lineala» izanen, eta konpondu beharreko zazpi puntu jarri ditu mahai gainean: euskal presoak Euskal Herriratzea, baldintzak betetzen dituztenei hirugarren gradua ematea (119 preso), aukera dutenei baimenak ematea (34 preso), gizarteratze plan bat adostua, bermedun gizarteratze ibilbideak egitea, Frantzian betetako zigorrak kontuan hartzea eta 7/2003 legeak dakartzan arazoak konpontzea, justizia trantsizionalaren bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.