Osakidetzak txertatzeko era emango die 12-15 urte artekoei

Bihartik aurrera Osakidetzaren webgunea prest egongo da nerabeentzako orduak emateko

arantxa iraola
2021eko uztailaren 20a
13:07
Entzun

Gaur goizean gobernu kontseiluaren ostean Eusko Jaurlaritzako ordezkariek egin duten agerraldian, Osasun sailburu Gotzone Sagarduik esan du bihartik aurrera era emango dietela 12-15 urteko gaztetxo eta nerabeei txertoa hartzeko ordua hartzeko. Orain arte muga 16 urtean zegoen, eta jaistea erabaki dute. Era horretan, ikasturtea hasten denerako adin tarte horren txertaketa ere hasita egongo dela esan du, eta egokiago osatu ahal izango dela prozesua. Bihartik izango dute era nerabeek izena ematen hasteko. «Webgunea prest egongo da horretarako», esplikatu du sailburuak.

Sagarduik gogora ekarri du gainerako gazteak txertatzeko prozesua abian jarri berria dela, eta badirela oraindik txertoa jartzeko orduak libre. Batetik, uste du hori gertatu dela oporraldietan-eta dabiltzalako gazte asko; beste asko, berriz, kutsatu egin dira olatu honetan, eta, ondorioz, atzeratu egin behar izan dute txertaketa prozesua. Txertoa hartzera joan ezin diren gazteei eskatu die bertan behera uzteko hartuak zituzten orduak, beste pertsona batek erabiltzeko modua izango duelako.

Adin tarte berri hau txertaketa prozesura ekarrita txerta daitekeen populazioan jada txertatutakoen ehunekoa apur bat apalduko dela onartu du sailburuak. Ostiraletik hartuko dituzte kontuan nerabeak datuak emateko orduan.

Txertoa jartzeko deia egin du Sagarduik, izurriari aurre egiteko tresna ezinbestekoetako bat dela gogora ekarrita. Jaurlaritzak zehaztu du Pfizerren dosiak erabiliko dituztela: etxe horretako dosiak baino ez dituztelako baimendu adin tarte horretarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.