Nafarroako Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin du etxeratzeko agindua

Auzitegiak onetsi egin du gehienez hamar laguneko taldeak baimentzea eta kalejirak debekatzea. Gobernuak azaldu du gaueko jarduera 01:00etatik 06:00etara mugatzeko neurria «ezinbestekoa» dela, eta beste foru agindu bat kaleratuko dute, epaileen galbahea gainditzeko.

Justizia jauregia. VILLAR LOPEZ / EFE
joxerra senar
2021eko uztailaren 20a
14:44
Entzun

Nafarroako Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietako aretoak atzera bota du Nafarroako Gobernuak atzo aurkeztutako foru agindua. Auzitegiak prentsa ohar bidez jakinarazi du albistea, eta argudiatu du, besteak beste, gobernuak foru aginduan ez duela zehazten zeintzuk diren intzidentzia handiko udalak. Epaileen arabera, gobernuak udaletako kutsatzeen datu zehatzak eman beharko lituzke, eta eskaeran aurkeztutako polizia txostenak ez dira nahikoa.

Foru aginduan, muturreko intzidentzia —azken hamalau egunetan 250 kasuren intzidentzia eta azken zazpi egunetan 125 kasurena— duten herrietako gaueko jarduera mugatu nahi zuen 01:00etik 06:00etara, baina hori atzera bota dute epaileek. Arauan datozen beste bi neurriak, berriz, onetsi egin ditu auzitegiak: batetik, gehienez hamar laguneko taldeak baimentzea, eta, bestetik, kalejirak, herri bazkariak eta plazetatik kanpo egiten ziren zezen jaialdiak debekatzea.

Javier Remirez presidenteordeak nabarmendu du auzitegiak baimendu egin duela foru agindua, «partzialki». Gaueko jarduera mugatzeko erabakia atzera bota izanaren aurrean, Remirezek aurreratu du beste foru agindu bat prestatuko duela, eta auzitegiak argudiatutako zehaztasun falta hori osatuko dutela. Presidenteorde lehenak nabarmendu du gaueko aisialdia mugatzeko neurri hori onartzea «ezinbestekoa» dela, eta fiskaltzak berak hala azpimarratu duela.

Auzitegiaren argudioak

Zehazki, administrazioarekiko aretoak dio gobernuak ez duela bereizi egoera epidemiologikoa udalerrika: «[Foru aginduan] Ez da sartu udalen zerrendarik, ez muturreko arriskuan direlako daturik. Emandako datuak kutsatzeen igoerari buruzkoak, ospitaleetako egoerari buruzkoak, ZIUko zerbitzuen erabilerari buruzkoak eta autonomia erkidego osoan egindako txertaketari buruzkoak dira. Ez da zehazten proposatutako etxeratzeko aginduak zer udalerri jakini eragingo dion».

Zehaztapen hori egin gabe, auzitegiari iruditzen zaio ezin duela ebatzi «ea herritarren zirkulazio librerako oinarrizko askatasuna mugatzea neurri egokia den». Era berean, uste du ez duela oinarri nahikorik neurtzeko ezinbestekoa den lortu nahi den helburu hori lortzeko, ondorio sozial arinagoak lituzketen beste neurrien aldean.

Auzitegiak gaineratu duenez, azken egunetako kutsatzeak gaueko aisialdian gertatu dira batik bat, eta foru aginduak hori mugatu nahi du. Dena den, auzitegiak berresten du eskaeran ez dutela bereizten udalerri horietako egoera epidemiologikoa. Auzitegiaren arabera, pandemian hainbat herri itxi izan direnean, gobernuak toki horietako txostenak aurkeztu izan ditu, eta azpimarratu du oraingoan ez duela hala egin.

Beste arazoetako bat gauetan egiten diren botila festak dira, eta gobernuak horregatik mugatu nahi izan du gaueko jarduera. «Makro botila festa handiak kontrolatzeko arazoak daudela dioten polizia txostenak ez dira nahikoa, ez baitute modurik ematen jakiteko ea kontrolerako zailtasun hori biztanle gutxiko udalerrietan ere badagoen, haiei ere eragingo bailieke etxeratzeko aginduak», ondorioztatu du administrazioarekiko auzietako aretoak.

Goizean, erabakiaren berri izan aurretik, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak iragarri du espero zuela epaileek foru agindua babestea. «Auzitegi Nagusiaren aurrean aurkeztu ditugun eskaera guztiak bermatu egin ditu. Egia da, dena den, erkidego batzuetan bermatzen ari direla neurriak eta beste batzuetan ez». Azkenean ez da hala izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.