Albistea entzun

Maialen Chourraut

«Ametsa domina bat lortzea da; helburua, Maialen azkar bat ikustea»

Rioko Olinpiar Jokoetan urrea irabazita ere, gogorarazi du lehiaketa bakoitza hutsetik hasi behar dela. Tokioko kanaleko ur bizietara ez ezik, berora eta hezetasunera ere egokitzea izan da erronka. Domina bat lortzeko aukera du.

Maialen Chorraut, lehiaketa batean
Maialen Chorraut, lehiaketa batean EFE Tamaina handiagoan ikusi

Jakes Goikoetxea, Berriemaile berezia -

2021eko uztailak 23

Aldaketa asko gertatu dira Maialen Chourrautek (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1983) 2016ko Rioko Olinpiar Jokoetan urrea irabazi zuenetik. Nagusienetakoa, La Seu d'Urgellen (Lleida, Herrialde Katalanak) hamabost urte egin eta gero, Euskal Herrira bueltatu izana. Bizimodua eta prestaketa aldatu ditu. Baina domina irabazteko moduko gorputzaldiarekin iritsi da Tokiora. Igandean hasiko du lehiaketa, Kasaiko ur bizietako kanalean. Alabak gomendatutako pottokien komiki batek alaitzen dizkio Tokioko egun beroak eta bakardade momentuak.

Tokioko beroak eta hezetasunak eragiten dizue piraguistoi?

Bai, baldintza gogorrak dira. Entrenamenduetako lehen ordu erdian jasaten dituzu, baina hurrengo ordu erdia oso gogorra da: gorputza berotu egiten da, itomena izaten dugu, arnasestuka ibiltzen gara, bihotz maiztasuna handitzen da, hankak egosten dira...

Uretako kirola izanda, eman lezake ez dutela eraginik.

Kanaleko ura ere beroa dago, gero eta beroagoa, 30 graduren inguruan, zirkuitu itxia baita. Jacuzzi bat dirudi. Okerrago gaude uretan, uretatik kanpo baino.

Nola aurre egiten diozue beroari?

Izotzezko txalekoak ditugu, gorputza hainbeste ez berotzeko.

Zer-nolako gorputzaldiarekin iritsi zara?

Ondo. Guztia egin dugu hona ondo heltzeko. Batzuetan zalantzak sortzen dira, baina horretarako entrenatuko gara, eta, orain, egokitzen ari gara.

Buruz, mentalitatez, oso fresko iritsi zarela dirudi.

Ez dakit. Josean Arruza psikologoarekin lan asko egin dut, lehiatzeko orduan burua ahalik eta egokien izateko.

Emaitzen kudeaketa sartzen al da lan psikologiko horretan? Emaitza txarrena, esaterako.

Zerbait gaizki ateraz gero, hurrengo helburuan jartzen duzu arreta. Gaizki atera dena aztertzen duzu, hurrengo batean baliatzeko. Hori lantzen da.

Eta garaipena ere lantzen da?

Askotan ez da lantzen zer gertatzen den gauzak ondo ateratzen direnean. Batzuetan, lehiaketa bat oso ondo ateratzen denean, oso gogorrak izaten dira hurrengo lehiaketak eta garaipenak ekartzen duen guztia. Badirudi dena errazagoa dela, baina kostatzen da hori guztia kudeatzea.

Rioko Olinpiar Jokoetan lortutako urreagatik diozu?

Bai. Asko amesten duzu gauza bat lortzeari buruz, lan asko egiten duzu, eta, lortu eta gero, damutu ere egiten zara. Zertarako irabazi? Niri gustatzen zait irabaztea eta hori atzean uztea, hurrengo helburuari begira lan egitea; baina konpromisoak gehitzen dira, eta zama bat eramaten duzu gainean.

Piraguatik kanpoko zama.

Bai. Konpromisoak gehitzen badira eta horrek entrenamenduetan eragina badu, zama eta nekea sortzen dira.

Zein da helburua Tokion? Domina bat lortzea?

Ametsa domina bat lortzea da; helburua, berriz, Maialen azkar bat ikustea. Maialen azkar bat ikusten badugu, emaitza ona izango da. Azkar banoa eta nabigazioarekin gustura baldin banago, pozik bueltatuko naiz etxera. Ez da hain erraza, ordea.

Rioko emaitzak badu eraginik Tokioko lehiaketari heltzeko moduan?

Egina egina dago. Agian, gehiago borrokatzeko gogoa ematen dit, ez daukadalako ezer galtzeko.

Olinpiar Jokoen aurreko lehiaketetan ez duzu lortu dominarik. Kezkatzen zaitu?

Munduko Kopan eta Europako Txapelketan ez dut lortu dominarik, baina aurrean egon naiz. Lehen hamarretan sailkatu naiz hiru lehiaketetan, eta ez naiz egon dominetatik hain urrun. Lehiaketa bakoitza hutsetik hasten da guztiontzat. Edozer gauza gerta daiteke. Rion irabazi egin nuen, baina ia finaletik kanpo geratu nintzen. Londresera eta Riora munduko sailkapenean bigarren iritsi nintzen; Tokiora zazpigarren. Tropelaren barruan nago.

2019tik ezagutzen duzu Tokioko kanala. Gustatzen zaizu?

Bai. 2019tik pixka bat aldatu dute; orain egonkorragoa da.

Riokoaren oso antzekoa da.

Egitura bera du.

Kanala oso antzekoa izanda ere, lehiaketarako jartzen dizueten ibilbidearen arabera, kanalaren izaera guztiz alda daiteke?

Asko. Oso azkarra izan daiteke, gogorra... Hala ere, edozein kanaletan arraun egiteko prestatzen gara. Entrenamenduetan ahalik eta maniobra gehien probatzen ditugu, ez baitakigu zer topatuko dugun lehiaketa egunean.

Zirkuitua bezperan jakiten duzue. Jaitsiera nola egin ikasten duzue. Gerta daiteke, ordea, inprobisatu behar izatea?

Uraren mugimendua inoiz ez da berdin-berdina. Askotan piragua ez da egoten nahi eta behar duzun tokian. Maniobra guztiak asko planifikatzen dira, oso ondo dakigu teorian zer egin behar dugun, baina gero unean uneko egoerara egokitu behar duzu. Hor pixka bat artista izan behar da.

Olinpiar ziklo honetan gorabehera dezente izan dituzu materialarekin. Piragua asko probatu dituzu. Zergatik?

Rioko Jokoen ondoren, araudia aldatu zuten. Alde batetik, piraguaren gutxieneko pisua, zortzi kilotik bederatzira. Pertsona handi batek ez du nabarituko, baina ni txikia naiz, eta aldea asko nabaritzen da. Gero, gilen neurria ere aldatu zuten. Piragua ez zihoan ondo. Piragua asko probatu ditugu, egokia aurkitu arte.

Beste aldaketarik egin duzu?

Txalekoak asko aldatu dira. Lehengoak lodiak ziren; oraingoak finagoak dira, eta bolumen guztia bizkarrean eta gerri aldean dute. Horrela, zentimetro batzuk irabazi ditugu, eta ateetako makiletara gehiago gerturatzen gara. Gehiago gozatzen dugu.

Tokioren ondoren, zer?

Aurrena Tokio, eta gero gerokoak. Munduko Kopa eta txapelketa ditugu irailean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Gizonezkoen 23 urtez azpiko taldea, brontzezko domina jaso berritan, Gaur, Getxon. ©Lur Gil / BERRIA

Beste brontze batekin amaitu da Munduko Sokatira Txapelketa

Lur Gil

Gizonezkoen 23 urtez azpiko mailan lortu du gaur euskal selekzioak hirugarren postua. Osotara 7 domina geratu dira etxean: urrezko lau eta brontzezko hiru.

Olaizola eta Zabaleta, txapelak buruan, gaur Ogeta pilotalekuan. ©Jaizki Fontaneda/ Foku

Aimar Olaizolak azken txapel profesionala lortu du

Berria

Nagusi izan dira gorriak partidaren hasieratik.

Tolosaldeako arraunlariak, atzoko saioan. ©Aitor Arrizabalaga / FOKU

Tolosaldea eta Getaria maila nagusira igo dira

Berria

Hondarribia, ordea, jaitsi egin da, azken lau urteotan maila nagusian egon ostean. Getariak Eusko Label Ligarako txartela lortu du, gaurko saioan irabazita.

'Sotera' ontziko arraunlariak, gaurko garaipena ospatzen. ©Monika del Valle / FOKU

Santurtzik eraman du bigarren Eusko Label Liga jarraian

Berria

Bi segundo baino ez dizkiote atera santurtziarrek oriotarrei, emozio handiko estropadan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Egin BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna