TXIRRINDULARITZA

Gorka Izagirre: «Bezperan pasatutakoak baldintzatu egin gaitu erabat»

Lasterketa bukatu berritan eman dio elkarrizketa Gorka Izagirrek BERRIARI. Azaldu du lehiatu aurreko egunean masaje emaile baten positiboak eragindako ezinegonak erabat baldintzatu duela haien jarduna.

Gorka Izagirre, artxiboko argazki batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
ainara arratibel gascon
2021eko uztailaren 24a
15:31
Entzun

Hitz egiteko apenas duen indarrik Gorka Izagirrek (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1987), lasterketa bukatu berritan. Ostiralean egun «gogorra» bizi izan zuten, masaje emaileetako batek positibo eman eta gero. «Gauerdira arte ez ziguten baieztatu irten ahal izango ginela».

Kirolari batentzat ametsa izaten dira Jokoak. Baina zuen kasuan, guztiz kontrakoa bizi izan duzue, lehiatu bezperan masaje emaileetako batek COVID-19arekin positibo eman eta gero.

Infernua izan zen ostirala. Goizeko lehen orduan eman ziguten Josebaren [Elgezabal] positiboaren berri. Alde batetik, ezinegona genuen, besteren bat kutsatuta egoteko arriskua hor zegoelako. Bestetik, egun osoa hoteleko logelan sartuta egon ginen. Ez zen halako lasterketa handi baten bezperako ohiko eguna izan. Ez genuen entrenamendu arin bat egin, giharrak askatzeko. Janaria ere logelara igo ziguten, eta ez zen izan guk halako egun batean jan behar izaten dugun kopuruetan. Atsedena ere ezin izan genuen behar bezala hartu. Gero, esan ziguten, ziurrenik, ezingo genuela parte hartu. Oso gogorra izan zen une hori. Lan guztia pikutara joango zela pentsatzen genuen. Gauerdira arte ez ziguten baieztatu irteeran egoteko moduan egongo ginela. Lotara berandu joan ginen, eta egun osoko ezinegonarekin. Beraz, niri, behintzat, kostatu egin zitzaidan lokartzea. Lehiaketa egunean, gainera, hiru orduko bidaia genuen irteeraraino, eta oso goiz jaiki behar izan dugu. Dena aldrebes joan da. Bezperan pasatakoak erabat baldintzatu du, eta pena da, azken asteetan oso lan ona egin dudalako etxean, eta sasoi onean nentorrelako.

Gorputzaldi horrekin, zer esan diozue elkarri irteeran?

Hautatzailearekin hitz egin dugu, eta hasierako asmoei eutsi diegu, Alejandrorentzat [Valverde] lan egitea. Plana aldatzeak ez zuen zentzurik, denak antzeko geundelako. Baina bagenekien lasterketaren erritmoa igotzen hasten zenean sufritu egingo genuela. Gainera, kilometroak aurrera joan ahala, Alejandrok esan digu bizkarra ere ez zuela ondo, eta arazoekin zebilela. Normala da, bezpera logelan sartuta pasatu eta gero.

Aurreikuspenak bete egin dira, eta Italiak lasterketa gogortu duenean tantaka joan zarete atzean geratzen.

Hala izan da. Gorputzaldi hori aldatzea ia ezinezkoa da. Are gehiago halako lasterketa luze batekin, eta egiten zuen beroarekin eta hezetasunarekin. Izugarria izan da. Hasieratik oso gogor joan da dena. Ihesaldiak berehala hartu du denbora, eta Italiaren erasoak lehen haustura egin du tropelean. Ondoren, Belgika eta Eslovenia jarri dira lanean, eta azken bi mendateak tropela mehetzen joan dira, indartsuak geratu diren arte.

Hor Richard Carapazek ondo jakin du aukera baliatzen, ezta?

Hala da. Faboritoetako bat zen; bagenekien indartsu zegoela. Baina halako lasterketak irakurtzeko duen gaitasunak eman dio garaipena. Bikain jakin du non jo erasoa. Merezita lortu du garaipena nire ustez, eta asko pozten naiz harengatik.

Halako ahalegina eta gero, nola zaude orain?

Oso-oso nekatuta. Gainera, berandu iritsi gara hotelera. Beraz, berreskuratzeko lanik ere ez dugu egin. Ondo afaltzeko eta lo egiteko premia dut. Izan ere, esan bezala ia ez dut egin lo.

Anaiak erlojupekoan hartuko du parte asteazkenean. Harekin geratuko zara, edo etxera bueltatuko zara?

Egoera honekin etxera itzuliko naiz beste guztiekin batera. Ea atseden apur bat hartzen dugun bidaia luzeari behar bezala heltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.